Suizidio txiki hori

Imajinatu kirolik gabeko mundu bat; kirol telebisaturik gabekoa, hobeto esan. Futbolik ez pantailetan, albistegietan futbolik ez, futbolik ez egunkarietan, futbolik ez, estadioetan besterik. Eta albistegietan liburuak, egunero liburu diferente bat, idazleak hizketan, elkarrizketak liburu aurkezpenaren ostean, zuzenean: zaintiratua egin zaio nobela hau idazten; txorkatila bihurritu du Jakinerako artikulu bat pentsatzen ari zela, pasieran zebilela: ezingo du bi astean pasieran egin, beraz, ezta pentsatu ere. Holako gauzak, zer dakita nik.
Imajinazio haundia behar da. Eta nik ez daukat. Ez daukat irakurri nahiko nituzkeen liburuen zerrenda luze bat baino, eta Harkaitz Canok eta Joseba Sarrionandiak inoiz aipatu dutena buruan durundi egiten: irakurtzeko eman beharko lituzkete bekak eta dirulaguntzak.
Eskatuko nuke bat. Eta betazaletako haustura egin arte irakurriko nuke. Irakurri, besterik ez; suizidio txiki hori.