Trikuaren hiztegia

2024/10/08
Trikuaren hiztegia

Bernardo Atxagarena da Trikuarena poema:

 

Esnatu da trikua habi hosto lehorrez egindakoan,

eta dakizkien hitz guztiak ekartzen ditu gogora;

gutxi gora behera, aditzak barne, hogeitazazpi hitz.

 

Eta gero pentsatzen du: Amaitu da negua,

Ni trikua naiz, Bi sapelaitz gora dabiltza hegaletan;

Marraskilo, Zizare, Zomorro, Armiarma, Igel,

Zein putzu edo zulotan ezkutatzen zarete?

Hor dago erreka, Hau da nire erresuma, Goseak nago.

 

Eta berriro dio: Hau da nire erresuma, Goseak nago,

Marraskilo, Zizare, Zomorro, Armiarma, Igel,

Zein putzu edo zulotan ezkutatzen zarete?

 

Ordea bertan gelditzen da bera ere hosto lehor balitz,

artean ez baita eguerdia baino, lege zahar batek

galerazi egiten baitizkio eguzkia, zerua eta sapelaitzak.

 

Baina gaua dator, joan dira sapelaitzak, eta trikuak,

Marraskilo, Zizare, Zomorro, Armiarma, Igel,

Erreka utzi eta mendiaren pendizari ekiten dio,

bere arantzetan seguru nola egon baitzitekeen

 

gerlari bat bere eskutuaz, Espartan edo Corinton;

Eta bapatean, zeharkatu egiten du

belardiaren eta kamio berriaren arteko muga,

Zure eta nire denboran sartzen da pauso bakar batez;

Eta nola bere hiztegi unibertsala ez den

 

azkeneko zazpi mila uneotan berritu,

ez ditu ezagutzen gure automobilaren argiak,

ez da ohartzen bere heriotzaren hurbiltasunaz ere.

 

Irakurtzekoa da Paul Beitiak Gedar Langile Kazetan idatzi zuen artikulua: Trikuaren hiztegia.

Eta gero Ruper Ordorikak egin zuen kantua aditu.

 

 

Erantzuna gehitu