Troiako zaldia

2024/03/05
Troiako zaldia
Nan Goldin artistaren Lady Godiva

 

Mundua esnatu aurretik jaiki zara. Ezin zenuen lo hartu. Alaba negarrez sentitu duzu, amets zatarra egin du; ez dizu kontatu nahi izan. Besoarekin inguratu duzu, ipuin bat kontatu diozu, nola egin zuen elurra gelditu ere egin gabe egun oso batez, eta amamak esaten zuela elurrak gauza bat ekartzen duela ederra: isiltasuna. Lo hartu du.

Isilik jaiki zara, egunaren errepasoa egin duzu, hamaiketan liburutegian, eta erdietan aitari lagundu anbulategira, ordurako egin beharreko lanen zerrenda.

Ezarrita dauzkazu egitekoak: literaturari buruzko sarrera bat Hizlandiarako. Inork ez dizu konturik eskatzen idazten duzunaz. Eskertzekoa da. Susmoa ere sartzen zaizu, hala ere: ez zaio inori inporta zer idazten duzun.

Baina zuri bai. Zarataren erdian zer ekarri, zer aukeratu, zeri eman lekua, hautu estetiko bat da, eta beraz politikoa. Aspaldi daukazu erabakita Troiako zaldia ekarri nahi duzula, baina hitz egokiaren bila zabiltza, azken hitzaren bila ere ez, lehen hitzaren bila. Eta ez duzu topatzen.

Etxean daukazu diskoa, handik hartu behar zenituen hitzak. Eta ez ibili kantua entzuten ari zinen bitartean hitzak transkribatzen, presaka, irrikaz, idatzita ikusitakoan lasaitua hartuko bazenu bezala. Ez da lasaitzeko, ordea, gero konturatzen zara.

 

Ilargi erraldoi bat, distiratsua, tristea

Ageri da pixkakanaka etxe ilaren atzean

Troiako zaldi bat da, geldiezina, narea

 

Mendebaldea bere kulparen kontra

Hondamendi naturalak eta norberarenak

Kokaina eta prozac arrastoak erreketan

Aurri zorian den mundu batek

Hondoa jotzen duen lehen seinaleak

Zaila da non eta nola hasi zen azaltzea

Denok han geldirik, istripu anitz batean

Nor bere kotxean, nor bere istripu pertsonalean

 

Kontainerrak eta kontinenteak sutan

Inoiz eta inon itzaltzen ez den su bat

Ez daukaguna da min ematen diguna

Eta horretan labur liteke dena

 

Euforia, kulpa, eta melankoliaz

Drogatutako arrain sarda hipnotikoen koreografiak

Aurri zorian den mundu zaharrean

Ordena disforiko berri batean

 

Nor bere gerran, nor bere istripu pertsonalean

Bizi bat, hipoteka, bakardadea, edo denak batera

Eta inoiz goiz eder bat, mundu krudel batean

Hondamendi naturalak eta norberarenak

 

Mendebaldearen narrazio etena, hautsia

Ebidentzia faltsuak, egiak eta postegia

Euforia, kulpa eta melankolia

Geldiezina, narea

Troiako zaldia

 

Ikasi duzu aurri hitzak ruina esan nahi duela, eta akordatu zara Itoizen Desolatio harekin, bakardade, ruina, hondamen.

Eta iruditu zaizu Paul B. Preciadoren Dysphoria mundi liburuaren oihartzunik badela hemen.

Gero akordatu zara irakasle bati entzundakoaz: latina, hilda egoteko, oso bizirik dago. Desolatio, disforia mundi. Ia zeu bezala, etorri zaizu.

Eta zein mundu zaharra gurea, oraindik erabiltzen dugu Troiako zaldia, Homeroren Odisean aipatua lehen aldiz, eta denok ulertzen.

Irati Zubiak artikulu ederra idatzi zuen Berrian.

Bukatu duzu gaurko sarrera idaztea. Esnatu da mundua, lauhazka dabiltza honezkero Troiako zaldiak oro. Alaba oraindik lo egongo dela espero duzu, amets zatarrak uxatu izana, eta esnatzean mundua ederra izatea bere begietara, oraindik.

Erantzuna gehitu