Txakur andaluz bat

2024/04/30
Txakur andaluz bat
Sam Fuller zine zuzendaria, alboan White Dog filmeko txakurra duela

Hamabost eguneko tartearekin komiki txatal edo bideo labur baterako gidoi apunte traketsaren lerroak balira bezala ageri zaizkit orain ordukoak. Oso urruneko eta memoria erkinaren kristal lodiaren osteko desitxuran.

Granadako kostako herria egunargiz. Paseoan ederki egurastuta, erdiguneko plaza bateko terrazan eseri gara atseden bila. Freskagarriak eskatu eta solas atseginean larunbat arratseko atarramentuari nahi diogu tankera hartu.

Tokian tokiko parajeak eta ohiturak begiestea ez ezik, bertako jan edanen onurak dastatzea, horra gaixotasunaren eta lan behartuaren edo pobreziaren sakatuetatik libre suertatuz gero, ia beste inork baino erosoago egin dezaketena adin batetik gorakoek.

Jubilatuon ibileren berri duenak badaki zein emanak garen esplorazio soziologikoetara, hots, inorenean sartu eta miatu, aztertu, frogak bildu eta ondorioak ateratzera, labur esanda, bazterrak maiseatzera.

Bada, jendetxoa nabari zen kale arteko joan etorrian. Lekua itzal gustagarriak estalia, udala bertan, antzokia kalean goraxeago eta eliza hurrengo plazan, kontrapikatuan. Airea udaberriko argitasun margulak gardendua. Lau lagun ginen kanpoaldetako esplorazio lan diskretuan.

Aldameneko mahaian hiru emakume daude bi txakur ez handiak ondoan dituztela. Bi mahai beherago, berrogei urteren bueltako andrazkoa olagarro platerkada batekin serio ari da. Badu melodrama surrealista bateko protagonistaren jitea. Olagarroaren zati zabal bat erditik mozten bistatzeak itsumustuan piztu dit filma bateko irudi mitikoa: bizarra egiteko labana neskaren begi zuringoa eta ninia trabeska ebakitzen. Baina fuera begitazio eta ispilatze gaiztook! Alde! Utikan!

Hitz eta pitz ari ginen, bina ardo zuri eta garagardo lagun. Etxeko eta herriko kontu txikiak, euskal erdiko hauteskundeak, Palestinaren odolustea, apirilaren 14a… Poz turistiko arinxkak tindu alaiz marraztuak zizkigun hazpegiak.

Halako batean, ordea, zaunka zoroari lotu zaio aldameneko txakurretako bat. Bizkarra emanda eszenaren ikus eremutik kanpo nago; gure arteko bat izan da, zurtuta, ohartarazi diguna nola mutil beltz bat izan den lau hankako iletsuenak oldarkor zaunkatu duena.

Bizpahiru bider uhala tinkatu dio jabeak, errieta txikia eman maskotari, eta berehala itzuli da bake zurbila. Txoro-usainean, neure giri aurreiritzien morroi, botatze aldera txakur arrazista izango dela bota dut garagardoaren urre urtuak mihia doi bat askatuta.

Bekainak gora eta ezpainak oker ikusi ditut zeharka adiskideak, hitzik esan gabe baina aieruz, nekea begietan, adierazi nahirik, beste hamaikatan bezalatsu, nire paranoien biktima izateko zorian direla.

Hango tabernek ohikoa duten tapa naroari kolpe egin eta zintzurra busti bitartean, jende emana handitu da plazan. Batzuk elizara doaz, beste asko antzokian jokatzekoa den antzerki musikala ikustera -arbel digitaleko pantailan irakurrita jakin dugu-, gainerakoak zein bere eginkizun edo ibilera galduari segika dabiltza atzera-aurrera.

Minutu gutxiren jiran terrazako kalma hautsi du zaunka amorratuak berriro. Bigarren txakurtxoak koru herabea egin dio gizonezko beltza plaza ertzean sumatu orduko hedea eten beharrean jarri den txakur xenofoboari.

Uste dut zahardadeak batzuetan eskaintzen duela ikuspegi zabaleko talaia, hainbat gauzari molde panoramikoan erreparatzeko. Eta gazteago ginen sasoikoari ezer kendu gabe, neure kolkorako pentsatu dut oraindik ere aski basatia badela bizi garen mundu hau.

Jabeagatik juzku txarra eginda biratu egin naiz, uhalari eusten ziona nor zen lehen planoan fokatzeko. Hirurogei urteren bueltako emakumea, hitz egiteko eragatik andaluziarra. Itxura proletario garbikoa, bere mahai lagunen antzera.

Laster hirugarren aldiz berritu da sekuentzia. Dekoratuak, figuranteek eta eszenak bere osoan aurrekoaren remake higatua dirudi: terrazan zuri-jendea eta zakurrak, plazan, berriz, sartu berria den pertsona beltz bakarra, eta denean sarkor adausiak. Ezer egiteko adorerik gabe, gogoeta sentikorrenek ez naute hobeto sentiarazi.

Zortziak ondo joak badira, eta eguzkiak ez du gorde nahi. Hoteleko afaria zain-zain izango dugu, jangelan firme. Hamar-hamabost minutuko bidea dago karrika estuek harilkatu matazan behera, itsaso zabala altzoan.

Jaiki eta plazatik aterata kale artera gindoazela, gazte bat igaro zaigu ondotik, beltza da. Zaunka baztertzaileen oihartzuna herri zuri hartako aire belurian gupidarik gabe hedatu da eta, zast! hezurreraino sartu zaigu geure turista bihotzean epelkeriaren sastagai herdoildua.

Lehenbiziko zaunka haiekin akordura etorri zaidan San Fullerren White Dog (Txakur txuri, 1982) filma aipatu dut orduan, eta eguzkiak eklipse emozional betean ilundurik jo du beltzera.

 

Jose Luis Otamendi