Mendi Tour  (zinekluba)

Sarrerak

Emanaldiak

  • 2017/05/23 21:00
  • 2017/05/25 21:00

2016ko Bilabo Mendi Film Festibaleko filmarik onenak / Ororentzat /

Mendi Tour

Mendi Tour

Mendi Film Festival (http://www.mendifilmfestival.com), duela bederatzi urtetatik, Bilbon urtero abenduan ospatzen den mendiko zinemaldi arrakastatsua da. 

Aprobetxatuz, Kulturaz Azpeitiko Kooperatibak Soreasu Antzokiaren edukiak kudeatzen dituela, beraz, zinema ere bai, pauso bat eman eta jaialdia Azpeitira ekartzeko aukera izan genuen duela bi urte. Azpeitia eta inguruko herriak mendizale eta eskalatzaile andanez josita daude eta jaialdiak erantzun ona izango lukeelakoan egin genuen, eta bide batez, Azpeitiko urteko kultur agendari bultzada polita emateko. Mendi Astearen baitan sartu izan ditugu eta jendearen erantzuna positiboa izan da oso.

Kulturaz Kooperatibak, Sokaitz Eskalada Elkarteak, Lagun Onak Mendi Bazkunak eta Paradisu Zinema Zine Klubak bat eginez jarraitzen dugu proiektu interesgarri hau elkarlanean gauzatzeko helburuarekin eta lanari ekitera goaz, gogotsu eta irrikaz. Bidelagun daukagu Azpeitiko Udala eta eskertzen diogu jaialdia aurrera ateratzeko ematen digun laguntza.

Mendi Tour jaialdia, filma onenekin

Aurreko urteetan bezala aurten ere bi egun hartu ditugu Mendi Tour antolatzeko. Bi saiotan sei pelikula eskainiko ditugu Soreasu Antzokian, eta jaialdian izan diren filmarik onenak ditugu eskuartean. Iaz ezin izan genuen Festibaleko irabazlea ekarri, egile eskubideak tarteko, baina aurten bai. Hauek dira ikusiko ditugun film sarituak:

  • Eskaladako film onenaren saria irabazi duen BOYS IN THE BUGS
  • Publikoaren Saria jaso duen JEAN TROILLET, TOUJOURS AVENTURIER
  • Kirol eta abentura film onenaren saria irabazi duen DODO´S DELIGHT
  • Bilbao Mendi Film Festibaleko sari nagusia irabazi duen FREEDOM UNDER LOAD

Horiez gain, BLOCHEADS eskaladari buruzkoa eta ANNAPURNA III - UNCLIMBED alpinismoari buruzko bi filmak ere botako ditugu. Jaialdia maiatzaren 23 eta 25ean izango da eta pelikula guztiak jatorrizko bertsioan eskainiko dira eta euskarazko azpidatziak izango dituzte. Esanda moduan, Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatzen duen Mendi Astearen baitan joango den jaialdia da.

Filmen laburpenak

Maiatzaren 23an ikusiko ditugunak:

1. Boys in the Bugs (Eskaladako film onena)

2016, AEB, 18 min
Zuzendariak: Zachary Barr, Peter Motimer eta Nick Rosen
Ekoizpena: Zachary Barr, REEL ROCK
B.O.: ing AZPIT.: eus

Matt Segal eta Will Stanhope hamarkada batez ari dira munduko arrakala zailenak eskalatzen. Orain Bugaboo mendietara joko dute mailaz kanpoko arrakala bat eskalatzeko; estua oso, hatz puntak baino ez dira sartzen haietan. Haien bizitzak aldatuko dituen urteetako bilaketa epikoaren abiapuntua da.

 

2. Dodo´s delight (Kirol eta abentura film onena)

2016, AEB, 28 min
Zuzendariak: Sean Villanueva-O'Driscoll, Josh Lowell, Nick Rosen eta Peter Mortimer
Ekoizpena: Reel Rock
B.O.: ing AZPIT.: eu 

Sean Villanueva, Nico Favresse, Olivier Favresse eta Ben Ditto sekula egin duten espediziorik handienean murgilduko dira Groenlandiako eta Baffin irlako hormen bila. Dodo's Delight belaontzia garraiobide eta bizileku. Itsas astinduak, jausten diren haitzak eta izozteko moduko tenperaturekin, abenturazale banda xelebre honek eskalada bide berriak zabalduko ditu, haien bizitzako unerik onenak biziz aldi berean.

3. Blochead (eskalada)

2016, Erresuma Batua, 58 min
Zuzendaria: Alastair Lee
Ekoizpena: Posing Productions
B.O.: ing AZPIT.: eus

Erresuma Batuko boulderraren urrezko aroaz ari da lan hau, Blocheads direlakoez, giza gaitasunaren mugak gainditzeko erronkari eutsiz lerro berrien bila aritzen diren blokeroak.

Abenturak, haitzezko pasioak, eta hatz mutanteak uztartzen dituen istorio bat da, urrearen bilaketa boulderrean.

 

 

Maiatzaren 25ean ikusiko ditugunak:

1. Annapurna III - Unclimbed (Alpinismoa)

2016,  Austria, 12 min
Zuzendaria: Jochen Schmoll
Ekoizpena: Red Bull Media House
B.O.: ing/ale AZPIT.: es

David Lamak Hansjörg Auer eta Alex Blümel alpinistekin 2016an Himalayara eginiko espedizioari buruzko lana. Alpinismoak egun duen erronkarik handienetakoari aurre egingo diote, Annapurna III-ren hego-ekialdeko ertza eskalatzea. Langintza horretan taldekideek jasaten duten nekea, antsietatea eta kalbarioa erakusten ditu filma honek.

2. Freedom under load (Bilbao Mendi Film Festibaleko sari nagusia)

2016, Eslovakia, 58 min
Zuzendaria: Pavol Barabas
Ekoizpena: K2 Studio Euskadi mailako estreinaldia
B.O.: eslk AZPIT.: eus  

Tatras mendietako zamaketarien azken belaunaldiari buruzko lana. Zergatik hautatu zuten bizimodu hori, eta zergatik jarraitzen dute Europako azken Mohikanoak izaten. Eta bide batez, baliteke gutako bakoitzak soinean daramagun zamaz zerbait deskubritzea.

 

3. Jean Troillet, toujours aventurier (Ikuslearen saria)
2016, Suitza, 54 min
Zuzendaria: Sébastien Devrient
Ekoizpena: Vertiges Productions
B.O.: fr AZPIT.: eus

Jean Troilletek haren bizitzaren errepasoa egingo du: 50 urte alpinismoari emana, 40 urte espedizioak eginez, 30 urte Himalayan 8.000 metrotik gora eskalatuz,... 27 gonbidatu agertuko dira ezustean, bisita egingo diote, anekdotak kontatuko dituzte, barre egingo dute, isiltasun uneak egongo dira, eta guztia uztartuz gizaseme libre eta gartsu baten iragana ezagutuko dugu, artean, 68 urterekin, berdin jarraitzen duena.

 

Sarrerak 

Aurreko urteetan bezala, jaialdirako bonoa jarriko dugu salgai. Sanagustin kulturgunean eta Mendizale Elkartean egongo dira salgai. Egun bateko sarrera, leihatilan eskuratu ahal izango du nahi duenak, egunean bertan, saioaren aurretik.

Bi egunetarako balioko duen bonoa 8€tan egongo da salgai. Saio bakoitzak, aldiz, 5€ko sarrera izango du.