Kulturaz Kultur Kooperatibak 15 urteko ibilbidea ospatuko du 2026an.

2026/02/23
Kulturaz Kultur Kooperatibak 15 urteko ibilbidea ospatuko du 2026an.
2011n Sanagustin kulturgunearen irekierarekin hasi zen amets hura, gaur egun hiru espazio eta 25 langiletik gora dituen proiektu bihurtu da. Herri ekimenetik sortua, ikusgarritasuna, sormena eta transmisioa ardatz dituen kudeaketa eredu propioa finkatu du kooperatibak.

Duela hamabost urte, Azpeitiko kultur mugimenduak hutsune batzuk atzeman eta horiei erantzuteko erronkari heldu zion. Gaur, atzera begiratuta, Kulturaz Kultur Kooperatibak erakutsi du herri ekimenetik eta lankidetzatik abiatuta kultura kudeatzeko modu propio eta arrakastatsua eraiki daitekeela. 2011ko uztailaren 22an Sanagustin kulturguneak ateak ireki zituenean erein zen hazia, gaur egun herriko hiru azpiegitura nagusiak biltzen dituen proiektu integrala bihurtu da.

  • 2011
    Sanagustin kulturgunearen irekiera.
  • 2014
    Soreasu antzokiaren kudeaketa.
  • 2021
    Dinamoa eta hitzarmen integrala.
  • 2026
    15. urteurrena: 3 gune eta 25 langile.

Kulturaz Kultur Kooperatibaren sustraiak

Kulturaz Kooperatibaren 15. urteurrena
Argazkia: 2010eko udal aldizkaria

Proiektua Azpeitiko Kultur Mahaiaren eskutik jaio zen. Helburua garbia zen: Sanagustin kulturgune dinamiko, parte-hartzaile eta zabala izatea, herriko taldeen plaza eta kanpoko eragileen topagune. Hasierako ilusio hark bidea urratu zuen eta 2014an beste jauzi estrategiko bat eman zen: Soreasu Antzokiaren kudeaketa hartzea.

Sormenerako gune baten beharra

2016an hasi zen forma hartzen Dinamoa sormen gunea, hasieran hitzaren eremuarekin eta, 2019tik aurrera, irudia, gorputza eta soinua ere barnebilduz. 2021ean sormen gunearen irekiera ofizialarekin, zirkulua itxi egin zen: Sanagustin (plaza), Soreasu (antzokia) eta Dinamoa (laborategia).

Urte hartan bertan, Azpeitiko Udalak eta kooperatibak lankidetza hitzarmena sinatu zuten, hiru guneen kudeaketa bermatzeko.

Beste 15 urtez euskal kultura, euskaraz egiten eta sortzen dena, bultzatzeko eta indartzeko lanean jarraituko dugu.

Urteurren borobil honetan, kooperatibak eskerrak eman nahi dizkie ibilbide guzti honetan bidelagun izan dituen sortzaile eta kulturzaleei, beraiek egiten baitute Kulturaz posible. Datozen urteetan sarea osatzen jarraitu nahi dugu, kulturzale berriak proiektura batzera gonbidatuz.

2026a berezia da guretzat, orain arteko ibilbidea ospatzeko hainbat ekitaldi prestatzen gabiltza, kultur taldeen, norbanakoen eta erakundeen arteko elkarlana eta konpromisoa erdigunean jarri nahi dugu. 15 urtetan ikasitakoarekin, ikusgarritasunari, sormenari eta transmisioari bidea zabaltzen jarraitzeko prest gaude, denon artean kulturari bere lekua egiten jarraitzeko.

Erantzuna gehitu