- https://www.kulturaz.eus/agenda/arnasguneak-hizkuntza-gutxituen-biziberritzea-1
- ARNASGUNEAK HIZKUNTZA GUTXITUEN BIZIBERRITZEAN
- 2025-10-16T09:00:00+02:00
- 2025-10-16T18:00:00+02:00
- Urriaren 16an eta 17an, 9:00etatik 18:00etara, arnasguneen eta hizkuntza gutxituen inguruko nazioarteko konferentzia izango da Soreasu Antzokian.
- ARNASGUNEAK HIZKUNTZA GUTXITUEN BIZIBERRITZEAN
ARNASGUNEAK HIZKUNTZA GUTXITUEN BIZIBERRITZEAN
Urriaren 16an eta 17an, 9:00etatik 18:00etara, arnasguneen eta hizkuntza gutxituen inguruko nazioarteko konferentzia izango da Soreasu Antzokian.

Arnasguneak, hizkuntza gutxituen testuinguruetan, funtsezko espazio soziolinguistikoak dira, ahalbidetzen dutelako bertako hiztunek beste inon baino modu naturalagoan garatzea euren hizkuntza-ohiturak eta hizkuntza transmititzen jarraitzea. Bertan, hizkuntza gutxituaren erabilera nagusi da eta belaunaldi arteko transmisioa bermatzen da. Hizkuntza gutxituko hiztunentzat ingurune erosoak dira, diskriminazio eta menderakuntza egoeratik babesten direlako eta eguneroko komunikazioan sendo mantentzen direlako. Gune hauetan berezko dinamika soziolinguistikoak hizkuntza gutxituaren indartzea dakar, hizkuntza gutxitua erabiltzeko eta transmititzeko joera gailentzen da.
Bestalde, arnasguneek hizkuntza biziberritze prozesuetan zeregin estrategikoa dute. Hiztun berriak sozializatzeko eta erabileran murgiltzeko gune aproposak dira, eta hizkuntzaren prestigioa eta erabilera aktiboa sustatzen dute. Gainera, arnasguneetako esperientziak eta praktikak esportagarriak izan daitezke, hizkuntza gutxituaren presentzia txikiagoko inguruneetan presentzia hori handitzeko eta hizkuntza aktibazio ekimenak inspiratzeko.
Hainbat erakundek arnasguneen identifikazioan, babes juridikoan eta garapen integralean lan egiten dute, horien finkapena eta hedapena helburu. Sarritan, arnasguneen egoera soziolinguistikoak hizkuntzaren osasun orokorraren gaineko seinaleak ematen ditu; izan ere, arnasgunerik gabeko hiztun komunitatea galbidean dago eta egoera sendoan dauden hizkuntzek arnasgune geografiko zabalak dituzte. Horregatik guztiagatik, politika publikoetan lehentasunezko arreta behar dute. Ingurune hauetan hizkuntza gutxituaren aldeko norabidean dinamika soziala piztea eta elikatzea, bereziki demografia, hezkuntza eta eremu sozioekonomikoko baldintzei dagokienez, hizkuntza gutxituen etorkizunaren alde lan egitea da.
Nazioarteko konferentzia honek bi helburu nagusi izango ditu:
- Arnasguneek hizkuntza gutxituen biziberritzean duten garrantziaz gogoeta eragitea Europako hizkuntza gutxituen eremuan.
- Arnasguneetan hizkuntza gutxituek duten egoera soziolinguistikoa indartzeko proposamenak eta neurriak plazaratzea.
Konferentziaren inguruko informazio guztia ondorengo estekan duzue: ueu.eus
