Azpeitiko Musika Bandaren kontzertua, zapatuan eta 19:00etan

Kontzertua Miguel Abellan, un torero sin igual pasodoblearekin hasiko dugu, Miguel Martin Fernandez musikari espainiarrak egina, 2003ko apirilaren 5ean estreinatu zena Madrilgo Plaza de las Ventas zezen plaza ospetsuan.
Ondoren Alfredo Casella (1883-1945) konposatzaile italiarraren Cocktail's Dance abestia izango dugu, 1918an pianorako konposatu zuena. Bandarako moldaketa Wolfgang Wossner musikari alemaniarrak eginikoa da.
Modest Moussorgsky (1839-1881) errusiarraren konposiziorik ezagunena izango dugu jarraian: Cuadros de una exposición. 1874an sortu zuen pianorako 15 zatiz osaturiko suite hau, bere laguna zen Victor Alexandrovich Hartmann artista eta arkitektoaren omenez. 1873an hil zen eta bere margolan, idatzi eta proiektuak hartu eta “musika marraztu” nahi izan zuen bere lagunaren margo erakusketaren deskribapen musikatu bat eginez. Suite hau Maurice Ravel musikariak eginiko orkestrarako moldaketari esker da ezaguna, munduko orkestra gehienetan errepertorioko musika pieza izanik. Guk joko dugun moldaketa, askoz xumeagoa eta motzagoa, Jim Curnow estatubatuarrak eginikoa da. Suiteko 6 zati izango ditu: Erakusketan ibilaldia, Gaztelu zaharra, Idi gurdia, Txita jaio berrien baleta, Baba Yaga etxola eta Kieveko ate handia.
Star Wars filmeko soinu banda izango dugu ondoren. Musika aski ezaguna John Williams (1932- ) konposatzaile estatubatuarrak eginikoa. Zine munduko musikaririk ezagunenetarikoa, bereak dira Superman, Indiana Jones, E.T., Jurassic park eta beste hainbat filmetako musikak. Bere lana 5 Oskarrekin saritua eta 47 aldiz izendatua izan da. Bandarako moldaketa Johan de Meij holandarrak egina da.
Ferde Grofe (1892-1972) estatubatuarrak 1931ean eginiko Grand canyon suiteko On the trail izeneko zatia joko dugu ondoren. Sortaldeko paisaiak, dilijentziak, bakeroak ekarriko dizkigu gogora. Bandarako moldaketa David Bennet estatubatuarraren eskutik datorkigu.
Musika dantzagarriak Frenesi abestiarekin. Alberto Dominguez (1907-1975) musikari mexikarrak sortu zuen cha-cha-cha hau marimbarekin (xilofonoa) jotzeko, baina laster ezagunago egin zen abestutako bertsioarekin. Bandarako moldaketa Naohiro Iwai japoniarrarena da.
Bukatzeko Benny Hill komiko britainiarrak ezagun egin zuen abestia bere programa guztietan jartzen zuelako: Yackety Sax. 1963an grabaturiko abestia da eta egileak Boobs Randoph eta James Rich. Bandarako moldaketa Hardy Schneiders alemaniarrak egin du.