Xabier Aranbarri: "Sanagustin jende askoren urteetako ametsa da; orain guztion babesarekin aurrera egin behar dugu"

2011/08/11
Xabier Aranbarri: "Sanagustin jende askoren urteetako ametsa da; orain guztion babesarekin aurrera egin behar dugu"
Sanagustin Azpeitiko Kulturgunea Kooperatiba Elkarteko kudeatzaileari elkarrizketa egin diote 'El Diario Vasco'-n. Besteak beste, euskal kulturak Sanagustin bezalako "egitura sendoen beharra" duela dio, finantzazio publikoen "gora-beheretatik kanpo" egon behar duena, eta kulturguneko jardueratik sor daitekeen kapital guztia "kulturgintzan eta herrigintzan" inbertituko dela. Kooperatiba, izan ere, "guztiz soziala eta irabazi asmorik gabekoa" sortu zuen Kultur Mahaiak. Irakurri elkarrizketa hemen .

Santio bezperan zabaldu zuten Azpeitiko Sanagustin kulturgunea. Jende ugari eta anitz ibili da bertan ordundik. Orain hasten da benetako lana. Taberna, kultura eta ekitaldiekin uztartzea. Xabier Aranbarrik, kulturguneko arduradunak, argi dauka. «Zerbitzu bat emateko gaude, herritarren mesedetan, ez dugu hau bertatik aberasteko gogoz hartu, gainera, proiektua denona da, herritar guztiena eta azpeitiar guztiak zoriondu behar ditugu beraien babesari esker aurrera egingo dugulako».

Sanagustin kulturgunea udal erakin bat izaki, lehiaketa publikora atera zuen Udalak bere esplotazioa. Azpeitiko Kultur Mahaiak eskuratu zuen beraiek landutako proiektu batekin eta irabazi asmorik gabeko kooperatiba bat sortuz.

Nola joan dira jaiak? Nolako balorazioa egiten duzue?

Balorazioa oso positiboa da. Kulturgunearen kudeaketaren ardura festen bezperan jaso zuen Kultur Mahaiak eratutako kooperatibak eta beldur pixka bat ere bagenuen festak ez direlako gurea bezalako proiektu bat plazaratzeko unerik egokiena. Baina bere funtzionamendua oso ona izan da. Bertan izan diren ekitaldiak arrakastatsuak izan dira, jendearen erantzuna oso ona izan da eta adin zein espektro guztietako jendea izan dugu. Lehen aldiz kulturgunearen barnean ostalaritza gune bat izan da eta honek ere oso harrera ona izan du. Kulturgunea babesteko neurri eta inbertsioek ere ongi funtzionatu dute eta ez dugu inongo arazorik izan. Ostalaritza gunea itxi beharra egon denean, jendeak errespetatu egin du bai ekitaldiren batek horrela eskatzen zuelako, dantzaren kasuan, edota ordutegi aldetik ere besteek baino gau motzagoak egitea erabaki zelako.

Hitz gutxitan zer da Sanagustin? Eta zer izango da?

Kultur Mahaiaren egitasmo estrategikoa da Sanagustin. Udal legealdi desberdinen eta Kultur Mahaiaren elkarlanaren fruitua, hau da herritik bertatik sortua eta nik dakidala ez dago antzeko kultur azpiegiturarik Euskal Herrian. Horregatik da horren berezia. Urte askotan lanean jardun duen jende askoren ametsa da. Uneoroko kultur bilgune erreferentzial bihurtuz kultura jendearengana eramateko azpiegitura ezinbestekoa. Eskaintza integral eta kultur programazio aberats zein zabal baten bidez herrian eta inguruan kultur kontsumoa bultzatu nahi dugu. Sortzaile berrien proposamenak kalitatez jendaurrean jartzen laguntzeko plaza ezin egokiagoa delako gurea. Bere helburuak kultura eta herria indartzea dira. Bestalde, Sanagustin euskararen etxe bezala ere ikusten dugu. Udal euskara patronatuarekin elkarlanean euskararen alorra aktibatzeko gune egokia izan daitekeela deritzogu.

Orain, une honetan, zein da Kulturguneko eskaintza?

Udazken oparo baten aurrean gaudela uste dugu. Formatu txikiko ekitaldiak nagusituko dira, diziplina desberdinetako ekitaldiak burutu nahi dira, herriko talde eta artistak izango ditugu bertan kanpoko taldeekin uztartuz, eta irailetik aurrera programazio finko bat lortuko dugu, egunekoa-gauekoa, astegun-asteburu, jaiak... Ekitaldiak lotzen ari gara eta guztien berri laster izango da gure web orrialde berrian (www.sanagustinkulturgunea.net). Hasteko, abuztuan bertan 3 bideo proiekzio interesgarri eskainiko dira eta kantu emanaldi pare bat ere, herrian geratzen garenok disfruta ditzagun. Horrez gain ostalaritza gunean abuztu erdi-amaierako mokadutxo bat jateko aukera ere eskainiko da eta irail erdi-amaieran aisia gune berri bat prest edukiko dugu, bere mediateka txokoarekin eta.

Sanagustin lehiaketa publikora atera zen udal eraikina da. Zer nolako harremana izango du Kulturguneak Udalarekin?

Udalarekin harremana erabatekoa eta uneorokoa izan nahi da. Udal taldeak Kultur Mahaiaren barne izateaz gain, irailean funtzionamendu hitzarmen bat sinatu nahi dugu beraiekin. Hitzarmen hau elkarlanaren oinarri bezala azaldu nahi dugu eta elkarren arteko komunikazio kanalak finkatu.

Desadostasun eta zer esan ugari eman du Sanagustinek.

Bai, hala da, baina egia esan oraindik ez dakigu zergatik. Proiektua beste herriren batean azaldu dugun guztietan den-denak zoriondu gaituzte baina Azpeitian ireki aurreko astean nahiko zer esan izan du. Proiektu hau guztiz irekia da eta hori ahalbideratzeko arreta zerbitzu berezi eta sendo bat lantzen ari gara, herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da. Jendea parte izan eta parte sentitzea nahi dugu, horretan ahalegin berezia jarriko dugu eta aurrekontuaren zati garrantzitsu bat dago horretara bideratuta.

Zein dira proiektuaren erronka nagusiak?

Behin helburuak argituta, lehen erronka nagusia proiektuak dituen estrategia ildo nagusiak antolatu eta martxan jartzea da. Hori da Kultur Mahaiak lehen urte honetako kudeaketa planean onartu zuena. Horretarako ekintza eta lan talde desberdinak eratuko dira, beti ere partaidetzan eta elkarlanean oinarrituta. Kudeaketa osoa eta jarraipena sistematizatuko da denok onartutako aurrekontu eta adierazleekin. Beste erronka nagusia egonkortasun ekonomikoa lortzea da. Horrelako eraikin batek eta bere mantentze egokiak gastu finko ugari ditu berekin. Kooperatibak inbertsio garrantzitsuak egin ditu eta bertan sortzen diren gastuei buelta eman behar diogu, gure gastuak dira, gure ardura. Euskal Kulturak egitura sendoen beharra du, apustu tinkoen beharra, ezin da finantziazio publiko baten eta bere gorabeheren babesean antolatu. Horretarako Sanagustin bezalako azpiegituren beharra dago, jarduera ekonomikoaren bidez kultur ahalmena lortzen lagunduko duelako. Bide horretan, ostalaritza zerbitzuaz gainera beste arlo batzuk ere lantzen ari gara.

Lortutako irabaziekin.

Kultur Mahaiak sortu duen kooperatibaren izaera guztiz soziala eta irabazi asmorik gabekoa da. Beraz ez dago irabazirik eta bertan sortu litekeen kapital guztia berriro ere kulturgintzan eta herrigintzan inbertituko da. Kudeaketa guztiz gardena izango da eta udalak uneoro izango du kooperatibaren diru kontuen berri. Behin Kultur Mahaiak urteroko batzar orokorrean kontuak onartuta, ez dago inongo oztoporik kontu hauek publiko egin eta herritarrek izaera horren berri izateko.

Erantzuna gehitu