Lotan geratu zirenen memoriak

Xentimorik gabe antzezlanaren bigarren atal bezala dator Kokakola eta barea. Aurreko lanean bezala, munduan barna biran ariko dira Ray (Ramon Agirre) eta Nik (Inazio Tolosa), baina kanpora baino gehiago etxera begira jarriko dira oraingo honetan. Euskal Herrira eta Ez Dok Amairuren garaira, zehatz-mehatz. "Gu ere han izan ginen, nahiz eta argazki mitiko hartan ez garen azaltzen. Iratzargailuak ez zuen jo goiz hartan, eta ez ginen esnatu", zuritu du Inazio Tolosa aktore zumaiarrak Nik pertsonaiaren azalean jarrita. Protagonistek Urrutiko intxaurrak izeneko liburua aurkeztu berri dute, beren memoriekin. Bertan beren nortasuna aldarrikatzen dute Ez Dok Amairuren barruan. Alde horretatik, historikoki "injustizia" bat gertatu dela azaldu asmoz igoko dira oholtza gainera.
Lotsagabe, baina errespetuz
"Oro har, Ez Dok Amairu izan zena gainbegiratzen dugu: nolakoa zen, egiten zituzten bilerak, kontzertuetara nola joaten ziren… Horren harira, Benito Lertxundi, Lourdes Iriondo, Mikel Laboa eta horiek guztiak ditugu hizpide, haien abestiekin jolasteko. Lotsagabe samar jokatuko dugun arren, errespetu osoz landu dugu ikuskizuna", azaldu du aktore zumaiarrak.
Oihartzun handiko mugimendua izan zen, baita ezinbestekoa euskal musikagintzarentzat ere. "Ez Dok Amairu guztiz errotuta dago gure kulturan. Haiek sortutako hainbat doinu guztiok ditugu iltzatuta gure buruetan. Jende askok bere egin ditu. Beste abesti batzuk, aldiz, ez dira horren ezagunak. Azken finean, omenaldi txiki bat egin nahi izan diogu euskal kantagintzaren garai hari".
Gorazarre egiten diete, adeitsuki, baina umorez zipristinduta. Hori horrela, Mikel Laboa edo Benito Lertxundi bezalako ikurrak ikuspuntu gizartiar batetik tratatu dituzte. "Askorako ematen dute, beraiek ere asko eman zutelako. Gaur egun zeru mitiko batean sartuta daude, eta badirudi ez zutela umorerik. Baina ez zen horrela izan. Mikel Laboak hainbat gauza egin zituen antzerkirako, eta Xabier Lete antzerkian hasi zen komedia egiten. Beraz, haiek ere bizi izan zuten antzerki munduko sentipenak eta jolasak, eta beren abestiek ere umore handia dute. Euskal umorea aztertzen jarriz gero, Xabier Leteren Gizon arruntaren koplak topatuko genuke".
Bikote gisa eroso
Xentimorik gabe aurreko antzezlana han eta hemen taularatu zuten, eta arrakasta nabarmena izan zuen. Nolabait esateko, jendearen erantzunak bultzatu zituen Ray eta Nik berpiztu eta bigarren antzezlan bat jorratzera. "Eroso sentintzen ginen, eta jarraipena ematea erabaki genuen. Ez dago aukera handirik bikote komiko bat egiteko, eta honek ondo funtzionatzen du. Alde horretatik, plazer bat da. Antzezlanak gainera, beste osagarri batzuk ditu: musika, kantua, absurdoa… Horiekin guztiak uztartzea amets bat da aktore batentzat". Publikoa duten bitartean, bikote komikoarekin jarraituko dutela aditzera eman du Tolosak.
Aktoreek bi kolaboratzaile izan dituzte. Alde batetik, Xentimorik gabe lanean bezala, Asier Sota aritu da zuzendari lanetan. Bestetik, Xabier Etxaniz Rojo idazleak lagundu die gidoia atontzen; aurrekoa Pako Aristirekin elkarlanean osatu zuten.