Proiektu berriekin indartuz
Sanagustin Azpeitiko Kulturgunea Kooperatiba Elkartekoek 2014rako kulturguneak izango dituen "zutabe nagusiak" finkatu dituzte, eta aurtengo lehen hilabeteetako ekitaldiak zeintzuk izango diren ere aurreratu dute. Oinarrian, iazko bideari segituko diote programazioan eta abiatuko dituzten proiektuetan. "Kulturguneak bere filosofiarekin segituko du lanean: euskal kultura eta euskara sustatuz; herrian kultur sormena landuz eta kultur kontsumoa herrian bertan izatera bultzatuz. Bide horiei jarraituko diegu, ahal bada sormenari bultzada emanez, euskal talde edo egileak ekarriz", esan du Xabier Aranbarri Sanagustin kulturgunearen kudeatzaileak. Baina aurten ere kanpoko sortzaileen "pintzelkada" batzuk ere izango dira Kulturguneko ekitaldietan, "baina, betiere, portzentaje handiena euskal kulturari emanez". Horrez gain, aurten ere "aniztasunari eta diziplinen arteko orekari" eutsi nahi diote.
2014an, ordea, pauso bat gehiago eman nahi dute, proiektu zehatz batzuk landuz. "Aurtengo berezitasun nagusia euskal kultura bultzatzeko diren proiektu zehatz batzuetan sartzeko dugun asmoa da. Iaz, esaterako, kultur bonuarena jarri genuen abian, eta aurten ere horrekin segituko dugu, eta indartzen ari da gainera", dio Aranbarrik. Txartel kopurua mugatua da, eta dagoeneko %75 saldu dituzte. Horrez gain, iaztik Aho Bizarrik Gabe solasaldi zikloa antolatzen parte hartzen du Sanagustinek Urola Kostako Hitza-rekin, Uztarria Komunikazio Taldearekin eta Erlo Telebistarekin elkarlanean. Azpeitiko Alde Zaharra biziberritzeko egitasmoan eta Azoka Herritik proiektuan ere parte hartzen du.
Aurten, berriz, proiektu berri batzuetan ariko da: programazioari dagokionez, esaterako, Hebentik Zuberoako kultur taldearekin topaketak antolatu ditu otsailaren 9rako. Euskal kulturako administrazio eta eragile nagusiekin elkarlanean, adibidez, euskal antzerkiaren sustapen proiektua landu nahi dute. "Azpeitian antzerkirako zaletasun handia dago, antzerki tailerrak daude, Ehaze Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak herrian du egoitza, eta Euskal Antzerki Topaketak ere Azpeitian egiten dira. Hori dena kontuan hartuta, proiektu zabal bat egin nahi dugu", azaldu du Aranbarrik.
Urteko 150 ekitaldiei eutsiz
Sanagustinen proiektu teknikoen artean, besteak beste, Arkupean izeneko proiektu berria landuko dute. Horiek dira aurtengo dituzten asmo batzuk, baina ez dira bakarrak: "Bestelako aholkularitza proiektu batzuk ere baditugu esku artean". Eskaintza aldetik, "programazio handia" du Sanagustinek, urtean 150 ekitaldi ingurukoa. Antolatzeko orduan, kontuan izan beharreko hainbat puntu dituzte, "herrigintzatik eta norbanako ororentzako egindako proiektua" dela nabarmenduz. Kultur diziplinen artean edota ikus-entzuleen adinean-eta "oreka" bilatzen saiatzen dira. Aurten, programazioa "egonkortzen" segitzeaz gain, "indartu" egin nahi dute. Horretarako, herriko beste hainbat eragilerekin elkarlanean jardungo dute, eta herritik at ere elkarlana sustatzen ahaleginduko dira.
Kultur arlo batzuetako lantalde irekiak ere martxan dira Sanagustinen. Esaterako, musika, dantza eta antzerkikoak osatuta daude. Talde horietan edonork parte har dezake, eta kulturgunera zein talde ekarri erabakitzeaz gain, kulturguneak aurrera begira jorra ditzakeen proiektuez eztabaidatzen dute. "Nahi dena da poliki-poliki programazioa herrira zabaltzea".
Iaz ere 150 ekitaldi egin ziren Sanagustinen, "aurreko urteetako bide berean". Baina ikus-entzuleen gorakada esanguratsua izan zuen kulturguneak: "2013an, guztira, 24.000 ikus-entzule inguru izan ziren, eta zazpi alditan goraino bete zen". Besteak beste, han izan ziren iaz: kontzertuetan, Bebe, Berri Txarrak, Raimundo Amador, Eñaut Elorrieta, Ruper Ordorika, Delorean, Kalakan, Non Servium eta Su Ta Gar; antzerkian, Emaztegaiaren semea, Pottola, Manos k'rien...
Hala ere, kulturguneko "zutabe nagusia herriko sormena" dela azpimarratu du Aranbarrik: "Iazko ekitaldien %70 herriko taldeek eginikoak izan dira. Horrek erakusten du herriko lehen plaza dela Sanagustin kulturgunea".
Dimentsioak egokituz
Arkupean izeneko proiektu berria landu nahi dute aurten, "kulturgunearen erabilera erraztu eta formatu txikiko ekitaldiei zuku gehiago ateratzeko". Eraikinaren dimentsioak ekitaldiaren neurrira egokitzearen aldeko apustua da: "Kulturgunearen aretoa ez da ikaragarria, baina ehun laguneko ekitaldietarako oholtza askotan handi gelditzen da. Proba batzuk egin ditugu, eta emaitza txukunak izan dira".
Horretarako, kulturgunearen albo bateko arkupe bat oholtza txiki bihurtzea aztertuko dute, "erabilerraza eta ekitaldi askori erantzuna emateko modukoa baita". Produkzio kostuak gutxitzeko balioko duela ere uste dute. Gainera, proiektua osatzeko, martxan dauden lantaldeetatik proposamenak irtetea nahi dute.
Datozenak
Hemen apirilaren amaiera arteko agenda aurrerapen bat:
Otsailak 1: Capsula + Sermond's (kontzertua). 23:00etan.
Otsailak 7: Xora filma (Soreasun). 21:30ean.
Otsailak 8: Kantu Jira. 19:00etan.
Otsailak 8: Joxe Replay + Sendaezinak (kontzertua). 23:00etan.
Otsailak 9: Hebentik-Kultur Mahaia Topaketak. Dantzak, bazkaria eta amaitzeko Pilotarhitza ikuskizuna. 19:00etan.
Otsailak 12: Gure esku dago hitzaldia: Jokin Apalategi soziologoa hizlari. 19:00etan.
Otsailak 16: Depedro+Joseba Irazoki (kontzertua). 19:00etan.
Otsailak 22: Heavy gaua: Metalhika+DJ Oker. 23:00etan.
Otsailak 18-Martxoak 4: Erakusketa: Azpeitiko Argazki Elkartea. Karnabalak
Otsailak 26: Gure esku dago hitzaldia: Joseba Tobar ekonomialaria hizlari. 19:00etan.
Martxoak 9: Figuranteak, antzerkia.
Martxoak 11: Aho bizarrik gabe
Martxoak 12: Gure esku dago hitzaldia: Eneko Bidegain (kazetaria eta M.U.ko irakaslea).19:00etan.
Martxoak 14: Oroitza-penak monologoa, Joseba Usabiagarena.
Martxoak 16: Itsasi Euskal Kultur Taldearen dantza emanaldia.
Martxoak 22: Zea Mays+Ezinean.
Apirilak 5: La Fuga+Zoè.
Maiatzak 3: Esne Beltza.