Aurreko astean baino aberatsagoak gara orain
Berriro ere astelehena da eta gauzak bere martxan doazela dirudi, baina ez da hala. Barruan badugu halako zera bat (ezin daiteke beste modu argiagoan esplikatu), joandako asteburuak utzi diguna. Poza eta tristura. Aberastasun sentsazioa eta galdu izanarena. Iparra eta hegoa.
Asteburuak askorako eman du. Ostiralean hasita, Xora filma ikusteko batu ginen lagun gutxi. Soreasu Antzokia hartu genuen guretzat, zuberotarrez eginiko lehen filma eta, gaur-gaurkoz, bakarra ikusteko. Pertsona bati bururatutako proiektu batean probintzia oso bat nola biltzen den ikusteko. Tenpo moteleko filma zen, plano luzeak eta pausak. Egiteko modu bat, duin askoa.
Zapatuan, Kantu jiran aritu ginen. Triste, iparraldeko lagunek ezin izan zutelako etorri Julian Barrenetxea Abesbatza eta Baigera Elkarteko lagunekin batera kantuan aritzera. Pozik lagun talde handia ibili zelako eztarriak goxatzen. Eta iluntzean Sendaezinak eta Joxe Replay taldeek giro ederra jarri zuten Sanagustin kulturgunean emaniko kontzertuan.
Egun bat beranduago, baina igandea izan zen hartu-emanaren eguna. Goizeko hamarrak gertu zirela hasi zen eguzkia ateratzen, Hebentik Kultur Elkarteko lagunak iristearekin batera. Eta hortik aurrera egun borobil bat. Pilota jokoa sortu aurreko garaietan baserritarrek nola jokatzen zuten irakatsi zieten Azpeitiko gaztetxo batzuei Frontoi Txikin. "Orduan ez zegoen ez pareta, ez pilota borobilik. Egurrezko makilak eta enbor gisako material txiki bat besterik ez. Eta zuloak egiten zituzten mendi pendizetan. Eta...". Adi-adi egon ziren Ilunpe Elkarteko mutikoak praktikan jarri zituzten arte.
Dantza-jauzien unea iritsi zenean, jende ugari gerturatu zen plazara. Mixel Etxekopar musikaria bertan zela probestuta, zuzeneko musikarekin egin genituen lehen pausoak eta bitxikeria bat ere ezagutu genuen. Zuberoan ba omen San Juanetan egiten zen errito bat, dantza eta kantu jakin bat suaren inguruan egiteko, gaur egun galdurik dagoena ia. Bada, bertan bildutakoei kantua eta dantza erakutsi eta eginarazi zigun Etxekopar-ek. Eta ondoren dantzan jarraitu genuen bazkal ordura arte.
Honi guztiari, zubigintza honi hasiera eman zion ekitaldiarekin eman genion bukaera asteburuari: Pilotarhitza ikuskizunarekin. Pilotaren mugimendu, soinu eta harremanak biltzen dituen adierazgunea da. Dantzaria, pilotaria, Erniarraitz Bertsozale Elkarteko bi lagun — Ion Ander Iriondo eta Iñigo Ibañez, espreski ekarriak— eta zuzeneko musika eta soinuak ateratzen dituzten lau musikari handi. Eta horrekin ikuskizun bizi eta indartsua eskaini ziguten. Eta bukatu zen.
Baina jarraituko du. 300 bat lagunek hartu genuen parte asteburu honetan, batean edo bestean. Bada zerbait. Eta egin dugun harremana. Eta geratu zaigun poztasuna; eta tristura... Ikusiko gara berriro elkar, zubiaren alde batean edo bestean.
Asteburuari loturiko prentsa argitalpen batzuk: Uztarria, DV, DV.