Gose jan egiten da, eta entzun. Ikusi eta dastatu
Gosek 2004ean hasi zuen bere ibilbidea. Trikia eta elektronikaren arteko amodio istorio hark halako fruitua eman ahalko lukeenik inor gutxik espero zezakeen orduan. Euskal kultura, euskara eta, orohar, euskal musika oinarri hartuta abiatu zen proiektua. Betiere, ordenagailuko pantailaren beste aldetik begiratuta. Hori baita Gose: elektronika eta arima.
Musika egitasmoa da, bai, baina, bere zuzenekoetan argi utzi bezala, gose taldearentzat irudiak ere badu bere garrantzia, eta ez nolanahikoa. Arrasateko taldeak kontzertuetan, proiekzioak erabili izan ditu abestiak janzteko (edo eranzteko).
Gose jan egiten da, eta entzun. Ikusi eta dastatu.
Urteetan zehar gure folklorearen “ume gaiztoa” izan den trikitixa oinarri hartuta, Gose taldeak euskal herri-musikari beste ikuspuntu bat eman nahi izan dio. Kazetari askok horrela definitu dituen arren, Gose talde “iraultzailea” esatea asko esatea izango da agian, baina ezin zaio ukatu Euskal Herriko eszenan Gose taldeak zerbait benetan desberdina eta berritzailea eskaini izana.
Zapatuan emango duten kontzerturako sarrerak kulturgunean eta internetez eskuratu daitezke, 8€tan. Gogoratu kultur bonoa ere badagoela eta abantaila itzelak eskaintzen dituela.
Bihar Moonlight-en berri emango dugu.