Rice & Peas, plateretik oholtzara

"Sentipen atseginak sentitu eta une polita igaroko dute larunbatean Sanagustin kulturgunera gerturatzen direnek. Horrez gain, reggaearen kulturaz bustitzeko aukera izango dute entzuleek". Hala azaldu du Roberto Sanchez Rice & Peas taldeko musikariak (Santander, Espainia, 1977). Izan ere, reggae gaua ospatuko dute larunbatean Azpeitian, Sanagustin kulturgunean. Sanchezen taldeaz gain, Tacumah Reggae Band eta Azpeitiko Patxi eta Willy Roots Brothers DJ bikotea izango dira oholtzaren gainean.
Sanchez musikaria, ekoizlea eta soinu ingeniaria da, eta ibilbide oparoa du reggaearen munduan. 1994an sartu zen arlo horretan kantabriarra; Lone Watti izan zen haren lehen taldea. Roots estiloko musikarekin lotzen dute Sanchez, baita bere letra esanguratsuekin ere. Loud & Lone taldean ere aritu zen, besteak beste. A-Lone Ark Muzik estudioan egiten du lan, eta bere musika ez ezik, beste talde batzuena ere ekoizten du hark. Berarekin grabatu zuen diskoa, adibidez, Hamabi Tribu taldeak.
Ekoizle bezala egin du lan gehien hark, baina orain, Rice & Peas talde berriarekin «joko berri batean» sartu da. "Guretzat proiektu berezia da, mundu honetan urteak daramatzagun pertsonak bildu gara, eta joko bat bezala hasi genuena proiektu polita bihurtu da. Guk esatea ez dago ondo, agian; baina izan gaitezke erreferente inguru hauetan". Hala da, abuztuaren 7an La Concha Reggae Vibes jaialdian izango baitira, hitzordu garrantzitsua da Kantabriakoa reggaearen zurrunbiloan daudenentzat.
Jolasa arrakasta
Denbora gutxi daramate Rice & Peas-ekin, baina "ilusioarekin" hartu dute erronka: "Berezia da hau, gureak ez diren instrumentuekin ari gara jotzen, horregatik diogu istorio hau guztia jolas bat bezala hasi zela". Sanchezek bi arteak dastatu ditu, oholtza gainekoa eta gortinen atzekoa. "Udan, gehienbat, eskenatokietan ibiltzen naiz, baina bietako bat aukeratu beharko banu, agian, esango nuke ekoizlea izatea dela nirea". Etzi, ordea, musikari gisa bisitatuko du Azpeitia. Gipuzkoan jotzen duten lehen aldia da, eta "gogo handia" du, Azpeitia ez ezik, herrialdea ezagutzeko. Haren arabera, hitzordu polita izango da Azpeitikoa: "Hamabi Tribu ere horkoa da, eta jende asko mugitzen da mundu honetan". Sanchezen hitzetan, "ibilbide luzea" du reggeak Euskal Herrian: "Ni asko mugitu izan naiz hemen, batik bat, Bizkaian eta Araban". Garai batean Bartzelonan izan zen mugimenduarekin alderatzen du hark Euskal Herrikoa ere.
1970eko hamarkadako soinuak eta gaiak ekarriko dituzte larunbatean Azpeitira. «Azpeitiarrek eta ingurukoek aukera izango dute reggaeren munduan ez ezik, musikaren esparruan kultibatzeko; izan ere, reggaeren ibilbideak eragin handia izan du, oro har, musikaren garapenean».
Proposamen goxoarekin igoko dira oholtzara. Jamaikako ohiko jakia da Rice & Peas, eta inguru haietako esentziarekin jolastu dute musikariek. "Taldearen izenarekin oso argi uzten dugu zer eskainiko dugun, identitate keinu bat da guretzat". Arroza eta babarrunak, Rice & Peas, jaki maitea; plateretik oholtzara ekarriko du zaporea larunbatean Sanchezen taldeak.