Gozatzeko, parte sentitzeko, hezteko eta hazteko: Kultur Bonoa

Kultura sistema bat dela esaten dute batzuek, baloreak integratzen dituena, talde batek sortu, mantendu, erabili eta aldatzen duena. Konpartitzen dena, harremanak garatzeko balio duena eta bizirauteko ezinbestekoa dena.
Hori baino gehiago ere bada kultura, baina ondo laburtzen ditu kulturak dituen aberastasunetatik asko. Gu kultur arlokoak garenez, ahalik eta eskaintzarik erakargarriena egiteko eta ahalik eta erraztasun gehien emateko asmoz gabiltza lanean. Eta beste behin, laugarren urtez, herritarrei kultur bonoa dutela aurkeztera gatoz. Merezi duelako, kulturak aberasten gaituelako.
Azken urteetan bezala, kultur eskaintzari jarraipena emateko asmotan ari gara lanean Sanagustin Azpeitiko Kulturgunea Kooperatiba Elkartean. Ikuskizunetan aniztasunari eutsiz jarraituko dugu guztion gustuko gauzak ekartzen saiatuz, barietatea eta orekak kontuan izanda, orain artean bezala (bide batez, gogoratu nahi dugu, badaudela internetez bidaltzeko iradokizun atalak eta beste bide batzuk herritarrek ere gauzak proposatu ahal izateko).
2016ko Kultur Bonoak iazko ezaugarri eta eskaintza berberak izango ditu, kuturzaleentzako primerako abantailak.
Bonoaren helburuak
Proiektu hau, bat eginez Sanagustin Azpeitiko Kulturgunea Kooperatiba Elkartearen asmoekin, kultur mugimendua indartzeko da, herri kontsumoa bultzatuz. Bonoak baditu helburuak, gure ustetan garrantzitsuak direnak herriarentzat, urterokoak:
- Kultur ekitaldien kontsumoa sustatzea eta handitzea.
- Azpeiti mailako kontsumoa bultzatzea, jendea herrian gera dadin edo hona etor dadin.
- Herritarrek bonoaren bitartez abantaila ekonomikoak izatea.
Horiek dira txartel txiki honek biltzen dituen helburuak eta horiek lortzeko bidelagun daukagu Azpeitiko Udala, elkarlana baita garrantzitsua horrelako proiektuetan, indar metaketa. Eskertzen diogu gai honetan alboan izatea.
Bonoaren ezaugarriak
2016eko kultur bonoak ezaugarri hauek izango ditu:
- Urteko bonoa izango da, alegia, 2016koa.
- Transferiblea da. Ez du izenak pisurik, jabeak garrantzirik, zenbakiak baizik. Txartelak numeratuak dira eta hori da kontrolatzen dena, txartel zenbaki horren erabilera kopurua.
- Urteko prezioa 60€koa da (iazko bonoaren berezko balioa 175 bat €takoa izan zen).
- Langabetuek, jubilatuek, Gazte txartel jabeek eta ikasle txartel jabeek %50ko deskontua izango dute. Beraz, 30€tan eskuratu ahal izango dute.
- Ekitaldien kontsumoa agortuz gero beste bat eros daiteke. Aurretik ez. Norbanako bakoitzak txartel bat izango du, gehienez.
- Salduko den txartel kopurua mugatua izango da eta Sanagustin kulturgunean salduko dira.
- Oharra: Txartela dutenentzat sarrerak erreserbatu egingo dira zutikako ekitaldietan. Sarreran bonoa erakutsita, orduan jasoko da sarrera. Baina bestelakoetan ez da erreserbarik egingo eta lehenago eskuratu beharko dira sarrerak; hori bai, bere deskontuarekin.
Ezaugarri hauen laburpena jasoko dute erosleek txartelarekin batera eta guk datuak jasoko ditugu horretarako.
Eskaintza
Hauexek dira kultur bonoarekin lor daitezkeen abantailak:
- 8 kontzertu doan. Nahi diren kontzertuak.
- Antzerki edo dantzako 4 ikuskizun %50eko deskontuarekin.
- Jaialdi eta Topaketak %50eko deskontuarekin.
- Umeentzako ikuskizunak doan (ume bat + heldu bat).
2016ko programazioa
Programazioari dagokionez uste dugu 2016ari eskaintza oso potentearekin emango diogula hasiera, aniztasun aldetik. Eskaintza anitza izango da.
Zeintzuk diren esaterakoan gauza askorik ezin dugu aurreratu, lotuta gaudelako haien promozio egunak errespetatzera eta batera botako ditugu datozen egunotan. Esan dezakeguna da, Azpeititik pasako direla, adibidez musikan, Durangoko Azokan disko gehien saldu duen taldea, azken urteetan euskal errebelazio nagusia izan den talde bat, euskal rock erradikalaren garaian kristoren burrundara atera zuen talde azpeitiar erreferentea, eta Espainiar estatuko talde ezagun batzuk, eta beste sorpresa batzuk. Beti kontuan hartuta herriko eta eskualdeko sortzaileekin uztartuko ditugula, gure plazaren izaera mantenduz.
Soreasu Antzokiaren kudeaketa daramagunetik, arte eszenikoari merezi duen garrantzia emateko lanean gabiltza. Horren barruan, batetik euskal antzerkigintzako lanik interesgarrienak izango ditugu eta bestetik dantza arloan sortu diren zenbait lan ikusgarri ditugu lotuta.
Orain artean bezala jarraituz, hileroko umeen ikuskizunen eskaintza ere badaukagu eta ateratzen joango diren jaialdi eta bestelako proiektuak ere izango ditugu.
Laburtzeko, urtean 100-110 kultur ekitaldi egiten ditugu: 25 rock kontzertu, beste horrenbeste musika kontzertu, arte eszenikoetan 15 bat antzerki eta 10 bat dantza emanaldi izaten dira eta bestelako beste hainbat. Eta horietatik 45 bat sarreradunak izaten dira.
Gure filosofia jarraituz egiten dugu hau guztia, besteak beste, euskara zainduz eta herriko nahiz bailarako talde-eragileekin lanean arituz. Ekitaldien %90a euskaraz izaten dira eta %60 herriko-bailarako talde/elkarteek egin dituzte.