Badator Txiki Biran, badator mobida

2016/03/03
Kultur Mahaiak, duela bizpahiru urte, transmisioa lan ildo bezala lantzeko beharra ikusi zuen. Asmo horren baitan, besteak beste, herriko haurrak eta kultur taldeak gerturatzeko beharra agertu zen. Hori ikusirik, Gazteria Sailarekin harremanetan jarri eta Txiki Biran egitasmoa berreskuratu eta elkarlanean antolatzeko aukera jaio zen.

Duela urte batzuk Gazteria Sailak martxan jarri zuen Txiki Biran egitasmoa. Herriko haur eta gaztetxeoei hilabetero ikuskizun bat eskaintzen zitzaien bertan.

Kultur Mahaiak, duela bizpahiru urte, transmisioa lan ildo bezala lantzeko beharra ikusi zuen. Asmo horren baitan, besteak beste, herriko haurrak eta kultur taldeak gerturatzeko beharra agertu zen. Hori ikusirik, Gazteria Sailarekin harremanetan jarri eta Txiki Biran egitasmoa berreskuratu eta elkarlanean antolatzeko aukera jaio zen.

Hala, iaz, egitasmoa eraberritu eta berriro ekin genion Txiki Birani. Oraingo honetan ordea, Azpeitiko Kultur Mahaiak, Sanagustin Azpeitiko Kulturgunea Kooperatibak eta Azpeitiko Udaleko Gazteria Sailak elkarlanean abiatu genuen bidea.

Lehenengo harria 2014ko abenduan jarri genuen, I. Metal Topaketen baitan. Bertan, Metal Boskoteak eta Poxpo eta Inaxito pailazoek umeentzako saio didaktikoa eskaini zuten Sanagustin kulturgunean.

2015ean hamaika ekitaldiz gozatu ahal izan zuten gaztetxoek: Auzokoak , Rise & ShineKantu kontari, Txantxariak, Animalien desfilea , Azpeitiko gazte antzerki tailerrekoen emanaldia, hondarrezko eskultura tailerra…

Iazko arrakasta ikusita, aurten ere ibilbidearekin jarraitzeko apustua egin dugu antolatzaileok. Helburuok ditu besteak beste Txiki Biran egitasmoak:

- Antolatzaileok elkarlanean aritzea eta agenda bateratzea .
- Herritarrak protagonista izatea, nola haur eta gaztetxoak, hala sortzaileak ere.
- Sormena eta transmisioa lantzea, gaztetxoak eta kultur taldeak harremanetan jarriz.
- Herriko gune ezberdinetan egitea ekitaldiak, auzoak, plazak, antzokia, kulturgunea… kolorez eta biziz jantziz.
- Eta nola ez, ekitaldiak kalitatezkoak, partehartzaileak, bertakoak eta ondo pasatzekoak izatea.

Aurten ere 10 ekitaldi egiteko asmoa dugu, abuztuan izan ezik, gainerako hilabeteetan. Erabat itxita ez badago ere, honako egitaraua antolatu dugu datozen hilabeteetarako:

● Otsaila: Xalto pailazoa.
● Martxoa: Hezurrekin jolasean.
● Apirila: Futbolariak eta Printzesak.
● Maiatza: Merkatu pertsiarra.
● Ekaina: Urrestillan Jai!
● Uztaila: Baltsak eraikitzen.
● Iraila: Metalari putz!
● Urria: Mural tailerra.
● Azaroa: Goazen antzokira!

Erantzuna gehitu