2019ko urtekaria

2020/05/19
2019ko urtekaria
Kulturaz-en 2019 urteko jarduna aldizkari batean bildu dugu.

Etenaren ondoren…

Ohar honen bitartez Kulturaz kooperatibako bazkideei eta, oro har, Azpeitiko herriari adierazi nahi diogu jendearen osasuna eta ongizatea lehenetsita,  ahalik eta lasterren gure zerbitzuak denen eskura jartzeko ahaleginetan ari garela.

Hori jakinaraztearekin batera komunikatu nahi dugu baita ere, oso berandu eta ez zalantzarik gabe, baina 2019ko urtekaria orain argitara ematea erabaki dugula.

Eta pauso hori zergatik eman desordu honetan? Urte hasierarako prestatu genuen urtekaria, eta gauza bat eta bestea tarteko, atzeratzen joan zaigu. Ondorengoa gutxi-asko denok dakigu:  Koronabirusa iritsi da, eta bat-batean itzali egin dute mundua.
Geure buruari zorrotz samar galdetu diogu: zertara dator, gaurtik ikusita beste mende batekoa dirudien agerkari bat publiko egitea orain? Erantzun bat baino gehiago bururatu zaizkigu:

-Abagune tragiko honetan izanda ere bazkideekin eta herriarekin konpartitzeko prest geneukan informazioa ematea egokia izan daiteke, gauzak zertan diren ikusi eta bakoitzak bere ondorioak atera ditzan.

- Oso denbora gutxian egoerak zuritik beltzera egin du, hala ere ez dugu ahaztu nahi nondik gatozen, zer garen, edota zer izan nahi dugun.
-Krisia baino lehenagoko hainbat alderdi aldatzeko hobeak dira, noski,  baina martxoaren 13az aurreko beste hainbat oinarri aldarrikatzeari funtsezko irizten diogu.


Kooperatiba ere ezustean harrapatu du krisiak, eta zein ez?, ordea birusak ezarritako lozorro inposatu honetan ere ez diogu batere utzi egoera berriaz hausnartzeari eta hainbat lan aurreratzeko ahaleginari. Aldi baterako lan erregulazioa (ERTE) indarrean egon arren langileen  konplizitate militantea alde izan dugu beti, eta horietako asko eta asko ez dira geratu ere egin.  

Eta orain zer? Ezinegon aire batek hartuta bezala bai, baina aldi berean ekiteko gogo biziz gaude krisi honek kultur komunitate gisa zabaltzen digun desafio sorta dela eta.

Urrats seguruak emanda, eta 2011n sortu ginenetik oinarri izan ditugun elkarlana eta autonomia gidari ditugula, herritarrei kultur eskaintza egokia ematen jarraitu nahi dugu  Sanagustin Kulturgunearen, Soreasu Antzokiaren, eta Dinamoa Sormen Gunearen ateak berriz irekita.
Ondo bidean hurrengo hilean, ekainean hasiko gara berriro herriko kultur dinamika indartzen. Ekitaldiak programatzen ari gara, kontzertuak, arte eszenikoak, bertsoa, ume eta helduentzat bestelako saioak...

Ohikoaz besteko era batean bada ere kultur ekitaldien dinamika aktibatu egin nahi dugu. Eta, jakina, herriko eragileek antolatzen dituztenak burutzeko aukera zabala ere izango da, horretan baita gure muina eta mamia. Kultur sustapen proiektu berriak martxan jarriko ditugu, lehendik abian genituenen eta, kasu batzuetan, behin behinean eten behar izan ditugunen kalterik gabe.

Bestalde, kooperatibak eskaini ohi dituen beste hainbat zerbitzu ere laster irekiko ditugu: ostalaritza datozen egunotan zabaldu nahi da osasuna bermatzeko baldintza guztiak aintzat hartuta, ikus-entzunezko zerbitzu alorrean esku bete lan gabiltza, eta zerbitzu teknikoari edo aholkularitza zerbitzuei dagokienean ere ez dugu eskaera faltarik.

Kulturaz kooperatiba soziala izaki, gure lehentasuna bazkideak, langileak eta herria dira, jendearen osasuna eta ongizatea aurretik direla. Esan bezala kooperatibak bere bizi-taupadak berreskuratu nahi ditu Azpeitiko herriaren zerbitzura.

Krisi hau sumatu orduko izan ditugu harreman estuak bai erakundeekin (Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza), bai hainbat enpresarekin, eta Azpeitiko Udala lehen unetik izan dugu ondo-ondoan.

Galera humano ikaragarriak uzten ari da krisi hau, eta inork ez dakigu gero hurbilak zer ekarriko duen, baina seguru gaude ondorio ekonomiko eta sozialak ere latzak izango direla.

Herri bezala jokatzea tokatzen da, eta uste dugu Kulturaz kooperatiba tresna lagungarria gertatuko dela lan horretan. Nahi duenak esteka honetan du eskura 2019ko urtekaria, hor bada ispilu txiki bat gure iragan igaro berriaren izpi batzuei erreparatzeko.
Pentsatu nahi dugu Koronabirusaren krisiak talde gisa apalago, jakintsuago eta indartsuago egingo gaituela. Gu prest gaude, eta badakigu herriaren arnasa falta ez bazaigu bizi garen aldiaren neurriko kultur eskaintza ematen asmatuko dugula berriz.

Kultura aldetik ere herri bezala asko daukagu jokoan; itzalitako mundu bat piztu nahi dugu!  Ba ote da inon apustu ederragorik!
 


Kulturaz kooperatibako Artezkaritza batzordea

Erantzuna gehitu