Iro Landaluze: "Perretxikolari batek kontuan izan behar dituen gauzetaz hitz egingo dut"

Noiz zaletu zinen perretxikotara?
Oinez ikasi eta laister hasi nintzen perretxikotan, etxe aurreko basoetan. Gaztetatik ere, ardiak batzeko garaian, artzainekin igotzen nintzen basora, eguna zabaldu orduko, eta eurek ardiak batu bitartean perretxikotan egiten nuen nik, Urkiola aldeko pagaditan. Gure baserrian taberna ere bazegoen; baserri berezia zen pentsua, denda, telefonoa... genituelako (garai hartan, telefonoa genuen bakarrenetakoak ginen). Perretxikoak saldu egiten zituen amak eta tabernan bertan jaten eman ere bai.
Nola ikasi zenuen perretxikotan?
Nik uste dut Lanperri artzainak erakutsi zidala. Hark esan zidan “perretxiko hau eta hau onak dira eta beste hau eta hau ez”. Nik uste, harrezkero, perretxikoak berak esaten didala ona den edo txarra den. Nik jasotako perretxikoek, behintzat, inori ez diete kalterik egin, nik dakidala. Eta toneladak jasotakoa naiz. Liburutik ere joan naiz perretxikoen mundua ezagutzen; baina munduaz baino gehiago, perretxikoek noiz irten behar duten eta irtetzeko zer behar duten jakiteaz arduratu naiz. Azken urteetan horretara egon naiz. Lehen ilbeheraren zain-eta egoten ginen, baina orain dela 10 urtetik-edo beste zeozer bazela ikusi nuen. Euria noiz egiten zuen apuntatzen hasi nintzen eta neure ondorioak ateratzen.
Urte guztian jarduten al duzu perretxikotan?
Ez. izan nuen garai bat horretarako bizi nintzela, neguan hasi, udaberrian segitu... beti perretxikotan. Gero jabetu nintzen urte erdian perretxikoetaz ahaztea hobe dela, arnasa hartzeko. Konturatu nintzen dena ez dela perretxikotara mugatzen, beste afizioak ere baditut-eta.
Nolako denboraldia ari da izaten aurtengoa?
Txarra. Udaberrian euri gutxi eta uztailean behar ez denean egin du. Negua kenduz gero sasoi bat txarra bada perretxikoentzako, sasoi hori uztaila da. Uztaila euritsua bada abuztuan irteten dira, baina eguraldi ona egiten badu akabo. Bero zital hori egitea ez zaie komeni. Atera ahala ihartu egiten dira. Irailean, berriz, euria egin du, baina desegoki. Hurrengo egunetan beroa egin du.
Zuk leku asko ezagutzen dituzu eta, zein da gure lurraldeetatik oparoena?
20 urtetik onako jarraipena eginez gero, Gipuzkoa izango litzateke; Gipuzkoa eta Nafarroako muga hori. Baldintza onak ditu Gipuzkoak, baina dagoen baso klasea ez da perretxikotarako onena. Araban edo Nafarroan dauden pagadi batzuk Gipuzkoako edo Bizkaiko kostan egongo balira, perretxikotarako leku hobeak izango lirateke. Laburbilduz, tenperatura eta hezetasun aldetik Gipuzkoa eta Bizkaiko kosta; baina baso aldetik Araba eta Nafarroa. Gipuzkoa eta Bizkaiko basoetan mikologia landuko balitz... urte guztian perretxikoak egongo lirateke.
Telebistan ikusi izan zaitugu perretxikoei buruzko 'Udazken loreak' programan. Nolako esperientzia izan zen?
Oso ona. Gustura ibili nintzen. Audientziek ere ikusleak hala zeudela esaten zuten. Nahikoa programa ona eta entretenigarria egiten genuela uste dut. Ez dut ulertzen zergatik kendu zuten. Bueno hori ikusleek esan beharko lukete.
Programa zela-eta, esan izan duten moduan, perretxikotarako zaletasuna ugaritu egin zela uste al duzu?
Baliteke zaletasuna ugaritzea, baina denboraren kontua izan da hori. Euskal Herrian beti egon da zaletasun berezia perretxikotarako. Programa egin zen denboran faktore batzuk bat egin zuten, baina programa gabe ere zaletasuna gorantza joango zen. Urte oparoak izan ziren eta jendeak basorako bidea hartu zuen. Eta badakizu euskaldunak nolakoak garen; batek zerbait jasotzean besteari erakusten dio eta orduan beste horrek erantzun egin behar. Gure nortasunaren baitakoa da harroputza izatea.
Eta astearteko hitzaldian, zertaz arituko zara?
Nik dakidanaz hitz egingo dut; ni ez naiz mikologoa, perretxikolaria baizik. Baina niri entzutera datorrenak kontuan izan behar du ez dudala perretxikoez asko hitz egingo, baizik eta perretxikolari batek kontuan izan behar dituen gauzetaz: eguraldiaz eta hari egin beharreko jarraipenaz, adibidez. Datuak emango ditut bakoitzak etxean egiteko eta jakiteko Nafarroan perretxikoak dauden edo ez. Esaterako, Burgosera joateko zer hartzen dudan kontuan esango dut, gero esku hutsik ez bueltatzeko. Ni ez naiz Burgoseko, Palentziako edo edonongo basora joateagatik joaten, probatze aldera. Perretxikoak daudela jakitun joaten naiz. Basogintza mikologikoaz ere jardungo dut... baina onena jendeak galderak egitea izango da eta horrela nahi dutena entzungo dute.