Mediateka gure artean da

2012/01/18
Mediateka gure artean da
Kulturgunea osatzeko beste pauso bat eman du Azpeitiko Kultur Mahaiak zerbitzu bat gehiago emanez: kulturaz gozatzeko gune berri bat, beste modu batetara esanda, mediateka. Toki eroso, txukun eta lasaia izatea nahi dugu eta garbi utzi, nahiz eta haurrentzako materiala egongo den, ez dela arduragabe jolasteko gune bat. Ekitaldi polit batekin inauguratu genuen atzo, Hiruk@te taldearen poema musikatuen laguntzarekin.

Kulturaz gozatzeko gune berria da mediateka. Bertan liburuak, prentsa, herriari buruzko liburu interesgarriak, eta ikusentzunezko kultur materiala topatu ahal izango dira. Batez ere herriko eta inguruko sortzaileen plaza izango da, baina, gainerako euskal sortzaile eta itzultzaile iturriari uko egin gabe, euskal eleberri eta bestelako liburuekin osatuko da mediateka hau.

Denentzako zabalik dago gune hau, bertan eskura dauden materialak errespetuz zainduko dituen edonorentzat. Mediateka hau ez da jolastoki bat, haurrentzako materiala egongo den arren, ez da haurrentzako jolaserako txoko bat. Hori horrela, hamabi urtez beherako haurrek guraso edo arduradunen batekin egon beharko dute. Gure nahia da, oro har,  gune hau kulturaz gozatzeko toki eroso, txukun eta lasaia izatea eta hona etortzen denak bertan dagoen materiala zaintzea, gainerako erabiltzaileak errespetatzeaz gain. 

Erabilera

Mediatekan dagoen materiala (liburu, aldizkari eta bestelakoak) kulturgunean bertan erabiltzeko izango dira. Liburu elektronikoa eta ordenagailuari dagokionez, hauek barran eskatu beharko dira eta erabiltzeagatik euro bat ordaindu orduko (modu honetara jasotako diruarekin berriak erosiko dira, eta ordura arteko gailuak erabiltzaileen artean zozkatuko). 

Bestetik, norbaitek behar ez dituen liburuak edo mediateka honetarako egokiak izan daitezkeen materialak bertan utzi nahiko balitu, ondo hartuak izango dira, eta noski, edozein eratako iradokizunei zabalik gaude. Lankidetzan ari gara etengabe arlo guztietan eta halaxe nahi dugu jardun mediatekarekin ere, eta bide horretatik pozez jaso ditugu Imanol Amenabar Udal Kultura batzordeburuak inaugurazioan botatako hitzak "elkarlanean fruitu gehiago jasotzeko" nahia aipatuz.  Gure aldetik, eskerrak eman nahi dizkiogu gune berri hau osatzen lagundu digutenei: Udala, Udal Liburutegia, Uztarria, Susa Argitaletxea, Urtzi Oteiza, Mikel Itulain (diseinatzailea) eta lanean jardun duten gremio guztiei.

Mediatekaren atalak

Apalak:
- Liburuak (eleberria, poesia, saiakera, herriaren historia, biografikoa....).
- Aldizkariak (Uztarria, Kontu lepo, Argia, Gaztezulo, Entzun...).
- Egunkariak (Berria, Hitza, Noticias de Gipuzkoa...).

Artxibategi digitala

- Argazkiak.
- Bideoak (dokumentalak, kantuak, laburmetraiak...).
- Musika.

Liburu elektronikoa

Mila liburutik gora.

Ordenagailua

Internet konexioarekin (WIFI-a eta ADSL kablea norbere ordenagailuarekin ibili nahi bada).

Erantzuna gehitu