Mendetz: "Kontzertu hau bai zuek eta baita guk ere ahaztuko ez duguna izaten saiatuko gara"

2012/02/10
Mendetz: "Kontzertu hau bai zuek eta baita guk ere ahaztuko ez duguna izaten saiatuko gara"
Mendetz taldeak 'Silly symphonies' diskoa atera berri du (2011ko abenduan) eta bira martxoan hastekoa zen, baina Azpeitian ere jotzea erabaki du taldeak eta zapatu honetan egingo du. Urteko lehen kontzertua izango dute beraz. Kataluniako taldea gero eta sona handiago hartzen ari da musika zaleen artean eta kritikak ere diskotik diskora hobeak jaso ditu ( 1 , 2 ). Mendetz musika jaialdi handietako karteleretan agertzen den taldea da (Summercase, BAM...) eta sari garrantzitsuetan izendatua egon dena ere bai, MTV Europe Music Awards-en esaterako. Iaz, bideoklip onenaren saria ere jaso zuen Musiclip Festivalen . Indarra hartzen ari den talde honi elkarrizketa egin diogu.

Bost urtetan hiru disko argitaratu dituzue. Atsedenerako astirik ez al duzue?
Musika da gehien gustatzen zaiguna, ezingo genuke hura gabe bizi. Beraz, luxua da bertatik bizi ahal izatea. Doinu, jotzeko modu... berrien bila aritzea gustatzen zaigu. Ezin da azaldu elkarrekin jotzean zein ondo ulertzen garen; ia zerbait magikoa da. Eta zerbait berria sortzen dugunean eta soinu aldetik berria eta erakargarria dirudienean... momentu hori ezin daiteke deskribatu. Orain Silly symphonies atera berri dugu, baina ez diogu kanta berriak sortzeari utziko, baita furgonetan egin behar badugu ere. Bizioa da.

Nolakoa da Mendetz taldearen kanta bat sortzeko prozesua?
Disko honetarako lehenengo diskoaren sortze bide berdinetara bueltatu nahi izan dugu: Lokalean, laurok, guztia ematen. Zortea izan dugu Stefanok (taldeko ahotsa eta gitarra) estudio profesional bat jarri berri duela, Abuelita Studios, eta han entseatu ahal izan dugula. Horri eskerrak, gogoko dugun zerbait sortzean berehala grabatu ahal dugu. Gero hartu eta landu egiten dugu, lasai, kontuz, estudioan soinu mardul eta landua lortu arte. Jatorrizko ideiaren magia eta berezkotasuna eta Abuelita Studiosen egindako lan zorrotzaren arteko nahasketa da.

Azken diskoaren argitalpen data atzeratu egin zenuten azken orduan sortutako “gauza izugarri polita” sartzeko. Zer izan zen “gauza polit hori” esan al dezakezue behin diskoa aterata?
Bai, esan dezakegu. “Gauza polit” hori da, egun on batean, diskoa amaitu baino zertxobait lehenago, e-posta bat jaso genuela; Gala-rena zen, Dance-ren jainkoetako bat, 90. hamarkadan Fred From Desire bezalako kanten egilea (guk zuzeneko batean bertsioa egin geniona). Esaten zuen txundituta geratu zela bere kantuari egin genion bertsioarekin eta gurekin kantaren bat egitea gustatuko litzaiokeela. Sorpresa ikaragarria izan zen. Egun gehiegi igarotzen utzi gabe, Stefano Brooklyn-era joan zen Galarekin ahotsak grabatzera, elkarrekin egindako Escalera kanturako. Hori da gertatutakoa, ametsa ematen badu ere.

Zuen azken lanaren gainean, Silly symphonies, bi hitz azpimarratzen dituzue: “Experimentala” eta “askea”. Zenbateraino da horrela? Horrenbeste du inprobisaziotik?
Disko hau sortzeko inolako presiorik ez genuen eta libre sentitzen ginen sortzen zitzaigun musika egiteko, askatasun guztiarekin, elkarrekin joz, soinu berriak probatuz eta estrukturekin esperimentatuz. Inori inolako azalpenik ez geniola eman behar sentitzen genuen eta nahi genuena egin genezakeela, lasaitasun guztiz. Era berean, kanta zuzenak egiteko gogoa genuen, elementu gutxi zituztenak, baina asko zaindutakoak. Beraz, entseguetako bat-batekotasunean fidatu ginen, lehen ideia horietan, eta Pop kantu bilakatu genituen; motzak, baina sentimendu askokoak. Kanta bakoitzari gure ahalmen guztia eskaini diogu, minimoarekin geratzeko. Eta beti, beti, sentimenduei eta lehendabiziko ideia horien emozioei eutsiz.

Zuzenekoarekin pentsatuta egindako diskoa dela ere esan duzue. Nola lortzen da hori?
Sortzeko moduarekin. Zuzenean sortzen bada, gero kontzertuan jotzea askoz ere naturalagoa eta errazagoa da, eta hori antzeman eta eskertu egiten da. Poparen estrukturak ditu, buruan geratzen diren leloekin, doinu originalekin eta dantzagarriekin. Estrofetan harmonia asko zaindu dugu, ohikoak ez direnak dira, baina biziosoak. Eta horren emaitza da, lokalean, kantuak entseatzean guztia oso natural ateratzen dela eta guztia eman dezakegula askorik pentsatu gabe eta gozatuz.

Zuen kantak tabernetan entzun eta dantzatzetik zuzenean entzutera igaroko da zuen zaletua, eta Azpeitian lehendabizko aldiz. Zer topatuko dute?
Disko jaio berriko kantak erakusteko ilusio handiz eta amorratzen dagoen talde bat, guztia emango duena jotzean sentitzen duguna zabaltzeko beraien artean ere. 2012an joko dugun lehen kontzertua da eta jotzeko irrikitan gaude, beraz, kontzertu hau bai zuek eta baita guk ere ahaztuko ez duguna izaten saiatuko gara. Euskadik beti eman digu zorte ona. Aurreneko aldian Bilborocken izan ginen (bigarren geratu ginen) eta ordutik beti gustatu izan zaigu inguru horietan jotzea. Oroitzapen onekin bueltatzen gara beti. Gogo biziz gaude.

Erantzuna gehitu