Sanagustin, Euskal Herriko 'bestelako eliztarren' artean

2010eko abenduan inauguratu zuten Azpeitiko Sanagustin kulturgunea, izen bereko elizaren eraikina baliatzen duen aretoa. “Kultur arloan gabezia zegoen herrian, eta gabezia horren zati bat betetzen du Sanagustinek" azaldu digu bertako komunikazio arduradun eta Azpeitiko Kultur Mahaiko teknikari Kepa Urbietak.
Herriaren erdi-erdian dago Sanagustin, Enparantza Nagusian, udaletxearen eraikinari itsatsita. Kanpotik begiratuta, ezin antzeman daiteke barnealdean dagoena. Izan ere, aurrealde berberak biltzen ditu udaletxea eta kultur gunea. Urbietak dioskun moduan, “barrura sartu arte ezin da irudikatu zer topatuko duzun”. Barrura sartzean, atari zabal bat lehenik, eta hura zeharkatuta, 600 metro koadro inguru dituen areto handi eta garaia, lehengo elizaren gurutze formako oinplanoa mantentzen duena. Eszenatoki nagusia, mahai eta eserlekuak, ostalaritza zerbitzua emateko barra eta mediateka ditu aretoak. Elizaren elementu batzuk bere horretan mantendu dira: eszenatokiaren atzean dagoen erretaula (San Agustinen irudi eta guzti), kupula nagusia eta haren inguruan dauden zenbait margo. “Egitura nagusia ez da aldatu, gainontzean, dena eraberritu da". 300 lagunentzako edukiera du aretoak, nahiz eta aurki 540ra igoko duten.
Eliza 1578an eraiki zuten Pedro Arriaran jaunak emandako diruari esker, eta agustindar fraideen komentu izan zen 1837ko lege batek erlijiosoen komentuak ezerezean utzi zituen arte. 1841ean herriko agintariek bigarrengoz eskatu zioten eraikinaren jabetza Espainiako Gobernuari, eman nahi zioten erabilera zehaztuta: lehen solairuan alondegia6, harategia, arrandegia eta postu publikoak; udaletxea eta eskola goikoetan. 1842an Udalak eraikinaren jabetza jaso eta 1849an egin zitzaizkion lehen lan handiak, udal areto eta bulegoak eta eskola gelak egokitzeko. Geroztik, bestelako erabilerak izan ditu. Karlistadetan bi aldeek erabili zuten, gotorleku eta Artilleria Parke gisa. Azken urteetan, udal biltegi izan zen. Urbietak aipatu digunez, 80ko hamarkadaren hasieran oraindik ere elizkizunak egin ziren.
1998an erabaki zuen Azpeitiko udalbatzak eraikinari kultur erabilera ematea. Halere, luze joan da asmoa egikaritzeko prozesua. Azkenean 2010eko abenduaren 11n inauguratu zuten, hasieran ostalaritza zerbitzurik gabe, eta Udalak kudeatuta. Lehiaketa publikoa egin ostean, Azpeitiko Kultur Mahaiak horretarako beren-beregi sorturiko kooperatibari esleitu zitzaion kudeaketa. Hala, 2011ko uztailaren 22an zabaldu zuten, ostalaritza zerbitzuarekin. Kultur Mahaiak “hasieratik egin du ostalaritza proiektuaren alde, kulturak jakin behar duelako bere kasa aurrera egiten, beti diru-laguntzen menpe egon beharrik gabe”.
2006an sorturiko Kultur Mahaiak herriko kultur jardunean eragitea du xede, eta herriko kultur taldeek ez ezik, udal ordezkaritza duten alderdi politikoek eta zenbait norbanakok osatzen dute. Hainbat lan ildo baditu ere, azken urteotan Sanagustin kulturguneari eskaini dio arreta gehien: “Urte luzez gabezia handia egon da herrian, behar bezalako aretorik ez zegoelako. Hainbat azterketa egin eta gero, Sanagustinek aukera hori eskaintzen zuela ikusi zen, Kultur Mahaia osatzen duten talde gehientsuenei erantzuna ematen zielako, eta horren aldeko apustua egin zen”. Emaitza, lehen sei hilabeteetako jardunak erakutsi duena: “Ona. Eragileen erantzuna oso ona izan da, eta herritarrena ere bai. Oro har, jendea ekitaldietara etortzen da”. Orain artean, mota guztietako 80 ekitalditik gora egin dituzte. “Herriko gune garrantzitsua bilakatu da, eta erreferentziazkoa talde eta eragileentzat”. Halere, hasi besterik ez dira egin: “Sei hilabete gutxi dira oraindik guretzat, baina ikasiz joan gara, eta oraindik ari gara, gauzak nola egin jakiteko”.
Dagoeneko sumatu dute eraikinaren ezaugarriek nola eragiten duten kultur ekintzetan. “Batez ere tamainak kezkatzen gaitu” dio. Oso neurri handiak ditu aretoak, onerako zein txarrerako. “Sekulako altuera du, eta zenbait arlotarako ez da oso erosoa. Esaterako, hitzaldi txiki bat antolatzeko. Halakoetan, espazio handiak ekitaldi txikia jaten du, ez bada ondo atontzen”. Horrenbestez, formatu txikiko ekitaldietan aretoaren alboak baliatzen dituzte.
Akustikak ere zenbait buruhauste eragin dizkie: “Hau eliza zen, eta harri asko dago. Zenbait gauzatarako, (koruak, bakarlariak-eta), oso egokia da, oso ondo entzuten da eta. Baina zarata handiagoko kontzertuen kasuan, teknikariek lan gehiago egin behar izaten dute, neurria harrapatzeko”. Azterketak egiten ari dira egun, irtenbideak bilatzeko. Aretoak albo batean duen korridore bat baliatu nahi dute erakusketa, hitzaldi nahiz aurkezpenak egiteko, baina horretarako egokitze lanak egin beharko dituzte. Irtenbideak, izan, badituzte: “Pixkanaka joango gara hobetzen. Eragile ezberdin asko gaudenez, denon artean ikusi behar dugu nondik hasi. Hala egiten dugu dena”.