Bluesa eta rocka sentipenetan

2012/03/07
Bluesa eta rocka sentipenetan
Zapatu honetan, Bluestock taldeak joko du Sanagustin kulturgunean, 23:00etan. Zarauzko taldearen inguruan Urola Kostako Hitza k erreportajea dakar gaurko alean.

Hitzan datorrena:

"Bluestock taldeak Bi pauso diskoa grabatu berri du, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin, eta Xabier Laskibar Tximas-en laguntzarekin. Boskotearen estraineko lana da, eta zuzenekoen isla izateko helburuarekin osatu dute. Larunbatean bertan aurkeztuko dute, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, 23:00etan.
Abesti baten izena aukeratu dute diskoaren izenburu gisa, eta Beñat Santxez baxu-jotzaile eta bigarren ahotsaren arabera, bi pauso atzera esan nahi du: "Badirudi beti aurrera egiten dugula, beti aurrerapausoak ematen saiatzen garela, baina azkenean atzera egiten dugu. Hori islatu nahi izan dugu izenburuarekin".
Hamahiru kantuk osatzen dute diskoa; euskarazko abesti propioak eta ingelesezko klasikoen bertsioak uztartu dituzte bertan. Kantu propioei dagokionez, "abesti bakoitzak istorio bat" islatzen du. "Tematika zabala dute. Idatzi ahala sortu dugu kantu bakoitza". Hala ere, egunerokotasunean oinarrituta daude gehienbat. "Bizitzan suertatzen diren arazoak dituzte oinarrian, edozeini gerta dakizkioken istorioak", dio Aitor Badiola gitarra-jotzaileak eta bigarren ahotsak. Horiei, ingelesezko lau bertsio gehitu dizkiote: "Estudioan ginela, zuzeneko errepertorio osoa grabatzea erabaki genuen". Santxezen arabera, diskoak kontzertuen isla izan behar zuen, zuzenekoetara joaten den jendeak taldearen kantu guztiak ezagutu ditzan. Hala, Eric Clapton, Rory Gallagaher eta Larry McCray musikarien abesti klasikoak aukeratu dituzte, besteak beste. Kontzertuetan, hala ere, "sorpresatxoren bat edo beste" izango dela adierazi dute.

Horrekin batera, Bi pauso-ren azken kantua Tximas-ekin batera jo dutela gogoratu dute. "Bere omenez gehitu dugu kantu hori, esker ona adierazteko. Hark lagundu digu diskoa grabatzen, guk bezainbeste lan egin du diskoa nahastu eta ekoizten. Grabatzeko unean gurekin izan dela gogoratu nahi izan dugu hala". Aipatu abestia apartekoa dela adierazi du Badiolak: "Akustikoan grabatu dugu abestia; besteak elektrikoagoak dira".

Estiloaren inguruan,"dilema"
Taldearen estiloaren inguruan, taldekideek iritzi ezberdinak dituzte. Haietako batzuk bluesa egiten dutela diote, besteek rocka eta bluesa uztartzen dituztela. Izan ere, batzuk aurrez rock taldeetan jardun dute; besteek, ordea, blues taldeetan. Hala ere, Juan Otegi bateria-jotzailearen arabera, guztiek betidanik jo dituzte bi estiloak, baita entzun ere: «Hemen bluesa eta rocka sentitu
egiten dira, musika hori ezagutzen dugu, teorikoki zein praktikoki».
Hori dela eta, «estilo propioa» dute. Taldekide bakoitzak  ere jotzerakoan bere estiloa du, apartekoa, eta horrek eragina du diskoan zein taldearen jardunean. «Norberak bere ekarpena egin du. Nahiz eta batek konposatu, besteen lanak eragina du haren jardunean, eta nabaritzen da», dio Badiolak. «Hala nahiko musika freskoa egiten dugu». Bestalde, Bluestock estilo horretan euskaraz abesten duen talde bakarretakoa dela gaineratu dute.

Talde eskarmentuduna
2009an sortu zuten Bluestock taldea, Zarautzen. Talde berria den arren, taldekideak "eskarmentudunak" dira. Izan ere, aurrez hainbat taldetan jardun dute; Arima Beltza, Pariak bai, Vanpopel, Betiko kontuak eta Jikuri taldeetan, kasu. Parrandan elkartu zirela adierazi du Santxezek, garagardo batzuren bueltan: "Gau bateko istoria izan zen. Gerora, maitemintzen joan ginen, eta azkenean diskoa atera dugu".

Erantzuna gehitu