Kultur Mahaiak ostiral honetatik aurrera kudeatuko du Sanagustin

Azpeitiko Kultur Mahaiak ostiral honetatik aurrera kudeatuko du Sanagustin kulturgunea. Iazko abenduaren 11n ireki zen aretoa, Udalaren eta Kultur Mahaiaren elkarlanaren ondorioz, baina orain arte ekitaldietan baino ez da egon zabalik. Kulturguneak uneoroko dinamika izan behar duela iritzita, haren kudeaketarako lehiaketa zabaltzeko eskatu zion Kultur Mahaiak Udalari, honek joan den martxoan atera zuen eta herriko kultur bilgunearen proiektuak irabazi zuen. “Oso balorazio ona” egin zuen batzorde teknikoak.
Sanagustinek “egitarau aberatsa” izateko asmoz, “diru iturri propio garrantzitsuak” izatea ezinbestekotzat du Kultur Mahaiak, eta horretarako ostalaritza zerbitzua behar dela. Udalak hala finkatu zuen deialdi publikoan. “Azken batean, eskaintza integrala eman nahi da, betiere kultura dela ardatz”, bilgunearen arabera
Ostiral honetan irekiko dute Sanagustin kulturgune osatua, tabernarekin. 20:00etan izango da inaugurazioa: ekitaldi laburra eta mokadua. Kultur Mahaiak herritar oro gonbidatu du.
Kultur arloa gehiago indartzeko
“Azpeitian kultur arloa gehiago indartzeko proiektu handia da”, esan du Kultur Mahaiak. “Erronka handia da. Bestela ere esan daiteke: erronka handia da, baina baita proiektu handia ere”.
Euskal Herrian dagoeneko hainbat lekutan dago antzeko kulturgunea; Bilbon, Durangon, Bermeon, Elgetan, Ondarroan edota Donostian kafe antzokiak, esaterako.
Eraikina zaintzeko eskaera guztiei
Kultur Mahaiak herritarrei Sanagustineko eraikina zaintzeko dei egin die. "Guztion ardura izango da hori".
Egitura
Sanagustin kudeatzeko kooperatiba bat sortu du Kultur Mahaiak, eta kooperatiba horretako plantilla finkoan zortzi langile ariko dira. Horrez gain, unean uneko langile laguntzaileek ere jardungo dute. Haiek hartzeko lanpostu deialdiak egin dira Kultur Mahaian eta herrian. Hain zuzen, herriko kultur talde denek, udal taldeek, teknikariek eta norbanakoek osatzen dute Mahaia.
Kooperatibak Udalarekin eraikinari buruzko kontratua sinatu du.
Autofinantzazioa
Eliza zen lehen Sanagustin, eta hura eraberritzeko lanak Espainiako Gobernuak finantzatu ditu. Udala ostalaritzako obren kargu egin da —eraikina berea da—, baina Kultur Mahaiaren kooperatibak itzuli egingo dio diru hori, hileroko kanon bidez. Programazioa, plantilla eta gastu arruntak ere kooperatibaren kontu joango dira. Ondorioz, Sanagustin Udalarentzat ez da gastua izango.
Ezaugarriak eta baloreak
- Sanagustin uneoroko bilgune erreferentziala izateko, eskaintza integral bat emango da: kultur programazioa eta ostalaritza zerbitzua (taberna, jatetxea).
- Helburua: ahalmen ekonomikoaren bidez, kultur ahalmena lortu (programazio aberatsa).
- Kulturgunearen oinarriak: dinamikoa, parte-hartzailea, zabala, herriko taldeen eta sortzaile berrien plaza…
- Sanagustin, kultur plaza ez ezik, aisiaren eta euskararen gunea.
- Besterik: Soreasurekin sinergien optimizazioa / Balizko diru irabaziak kulturara / Parte zaharra biziberritzen laguntzeko proiektua / Beste esparru ekonomikoekin elkarlana.