Unai Elizasu: "Bertso-entzuleak negar, irribarre egin edo txaloak jotzen ditu, baina, zer egingo luke dantzari batek bertsoa entzutean? Nola jo txaloak? Nola negar egin?"

Nola sortu zenuten Errimak oinetan ikuskizuna?
Irrati saio batean dantzari bati elkarrizketa egiten ari ziren eta entzun nion esaten dezente kostatzen zitzaiela jendeari sentimenduak transmititzea, sentiaraztea. Bertsolariak, aldiz, horrekin jolasten du eta sentimenduak azaldu eta entzuleari sentiarazten dio. Horrela, Aiert Beobide lagunarengana-eta joan eta elkarrekin zerbait egitea planteatu nien eta baiezkoa eman zidaten. Bertsoaren logikatik bertso sorta sortu eta horren gainean gidoi bat osatu dugu. Kantatzeko eta kontatzeko nahi genuena sortu dugu bertsoari garrantzia emanez, baina dantzaren logikatik sortuak izan dira.
Bertsoa eta dantza uztartzen diren lehen aldia izango da, ez?
Ez dakit uztarketa den. Dantza emanaldia da eta dantza da ikusiko den gauza bakarra, baina bertso musikatuak entzungo ditugu. Ez dago bertsoari dagokion bapatekotasunik, baina entzungo diren horiei dantza sortu diegu. Dantzan oinarritzen den ikuskizuna da, nahiz eta bi elementuak dituen emanaldia izan.
…
Sinopsian diogu: “Bertsolariek sentipen eta emozioak harilkatzen dituzte entzuleengan. Baina entzule horiek dantzariak balira?”. Bertso-entzuleak negar, irribarre egin edo txaloak jotzen ditu, baina, zer egingo luke dantzari batek bertsoa entzutean? Nola jo txaloak? Nola negar egin?
Denon artean egituratu zenuten saioa, denon artean bertsoak aukeratu? Nola izan zen prozesua?
Lehenik, guk bertso kanta zerrenda bat osatu genuen lehendik sortuta zeuden bertsoekin, Oskorrirenak, Mikel Urdangarirenak... Dantzariei pasatu genizkien eta horiek zer transmitzitzen zieten galdetu. Haiek zerrenda horretatik aukeraketa bat egin zuten eta gero guk berriro azken aukeraketa bat. Horrekin, lan erdia osatu genuen. Beste erdia zegoen osatzeko. Adibidez, hasierako agurra sortu genuen eta nahi genituen gai jakin batzuen gainean bertso sortak sortzeko eskatu Sustrai Colinari. Jaialdiari egitura emateko sortu ditugu hauek, koerentzia emateko, hutsuneak betez. Bertso jaialdiaren egitura hartu, agurra, ofizioka, ariketak... eta dantza egiteko modukoak aukeratu. Dantzariak asko inplikatu dira proiektu honetan, hasiera-hasieratik.
Bertso jaialdi baten itxura izango du emanaldiak irakurri dugunez.
Emanaldi mugikorra eta moldaerraza sortu nahi genuen, Victoria Eugenian, Sanagustin kulturgunean edota Matadeixen egiteko modukoa. 5 aulki bakarrik egongo dira oholtzan eta hori da guztia. Oso sinplea da, bertso plazan oinarritua. Gero, Sanagustinen baliabideak ikusita politagoa izango da igandekoa, baina berez, edozein lekutan egiteko modukoa sortu dugu.
Hasi berriak zarete emanaldiekin, baina zer moduz orain artekoekin?
Guk oso ondo pasatu dugu eta hori adierazgarria da. Gauza orijinala da, eta oso landua. Esan nahi diren gauzak propio esaten ditugu. Nik ez dut dantzatik asko ulertzen, baina dakitenek oso maila oneko ikuskizuna dela esan dute. Jendea harrituta geratu da dantzaren eta bertsoaren logika batu ditugulako eta ondo pasatu du ikusten. Harritu egin dira ere dantzariak denbora guztia oholtza gainean ikusita, ez direlako arropaz aldatzen, esaterako. Bertsotan bezala gertatzen da; ikusleak badaki zertara doan, baina ez dute espero zer ikusiko duten.
Aitortu behar dugu, oso zaila egin zaigula jendeari azaltzea zer den ikuskizun hau, baina ikustean berehala ulertzen dute. Funtsean, aurkezle bat eta bertsoak egongo dira aurrez grabatuak eta zuzenean dantzak. Gainera, Azpeitirako ilusio berezia dugu, izan ere, Olatz Pratek parte hartu du kantuen grabaketan.