Ez adiorik, Imanol

San Agustin eliza herriarena izateko ahaleginean datu asko bildu zuen Imanol Eliasek. "Garai hartan elizaren esku zegoen San Agustin, baina orduan alkate zen Jose Mari Bastida [1985-2003] eraikina herriak berreskuratzeko mugitu zen, eta niri datuak eskatu zizkidan. Orduko abokatuak hala esan zidan, nik emandako datu haiei esker lortu zela elizak herriari San Agustin ematea", zioen Eliasek duela bi urte pasatxo.
Datuok biltzeko lan handia egin zuela esan zuen, baina "oso interesgarria" izan zela. Gogoan du garai hartan Loiola Irratira hiru azpeitiar joan zirela Azpeitiari buruz hitz egitera —bera tartean—, beste biek San Agustin eraikina elizarena zela ziotela eta bera bakarrik gelditu zela herriarena zela defendatuz. "Ordurako hori esateko datuak bilduta nituen, ordea".
2011ko abenduko hitzaldi batean aipatu zuen gaia
Kultur Mahaiak 2011ko abenduan ohorezko bazkide izendatu zuen Imanol Elias, Sanagustineko ekitaldi batean, eta Eliasek bere hitzaldian aipatu zuen arestian azaldutako gaia:
"Gogoratzen dut urte asko igaro badira ere, nolatan deitu zidaten Loiola Irratitik, beste bi azpeitiarrekin batera bertaratzeko, Azpeitiari buruz gai batzuk jorratzeko mahai-inguru batean. Era askotako gaiak erabili genituen eta beraien artean izan zen San Agustin eraikin honi buruzkoa ere.
Ordurako banituen berari buruz datu batzuk jasorik, eta esan nuenean eraikin hau herriarena zela iruditzen zitzaidala, aurrean nituen bi lagunek ia jan ninduten, ez zutenez horrelakorik pentsatzen, edo pentsatu arren ez zutenez aitortu nahi.
Kontua da, halako arantza bat sortu zitzaidala unean nire barnean.
Urteak igaro ziren eta Udal Artxibo Historikoan aurkitzen joan nintzen datuek baieztatzen joan ziren nire iritzia. Gertatzen zena zen, betidanik elizarena bezala ezagutu genuela, baina bera eraikitzea 1581. urtean erabaki zen unetik gure egunera bitarteko historiak beste zerbait adierazten zuela.
Azpeitiko Udalak pentsatu zuenean eraikin honen jabetzari buruz epaiketa bat martxan jartzea, saiatu nintzen agiri zaharrak aztertzen, datu gehiago biltzen, guztiak ordena baten jartzen, geroago eta garbiago ikusten nuela herriarena zela, eta ia bazterturik zen eraikin handi honetan izan zezakeela herriak toki egoki bat kultura alderdiari eskaintzeko.
Azpeitiko Artxibo Historikoan ez ezik, Oñatiko Protokoloetan aurkitu nituen datu haiek eman zuten azkenik emaitza ezin hobea eta 1994. urtean berreskuratu zuen herriak, laurehun urte pasatxoan inoiz galdu ez zuen jabetza.
Urteetan nire barnean sentitu izan nuen arantza kanporatu nuen eta ametsa berriz bideratua. Udala defenditu zuen legegizonak adierazi zidanean nik aurkitutako datuak izan zirela oinarri bereziak horretarako, pozak gainditu nituen.
Guztia osatzeko gelditzen zena zen, eraikin hau martxan jartzea kulturari eskainiz, eta hori ere lortu da azkenik. Eta herritarrok izan zarete azken urratsak eman dituzuenak. Iritzi ezberdineko herritarrak, bat eginik helburua lortzen ahalegindu zaretenak, garbi geldituz elkarturik izan dezakegun indarra. Bejondeizuela!
Nire ametsa beterik ikusteak pozten nau benetan, baina inork pentsa ez dezan bestelakorik, egia aurkitzea besterik ez dudala egin esan behar dut. Egia, eraikin honen jabetza nork izan zitekeen jakiteko.
Lan horrek eta gainontzeko guztiak merezi izan badu, eskaintzen didazuen esker ona, zorioneko sentitzen naizela aitortu behar dut".
'San Agustingo obrak'
Eraikinari buruz 2007ko azaroko Uztarria herri aldizkarian ondorengo artikulua idatzi zuen:
"Urteetan zehar aldaketa handiak ezagutu ditu Pedro Arriaran jaunak 1578. urtean eraikitako San Agustin eraikinak.
Agustindar fraideak egon ziren komentuan, 1837ko uztailaren 27ko legeak erlijiosoen komentuak ezerezean utzi zituen arte. Hiru urte geroago, Azpeitiko agintariek erabaki zuten herriarena zen eraikina Espainiako Gobernuari eskatzea. Erantzunik ez zuten jaso; beraz, eskaera berri bat egin zuten 1841ko ekainaren 16an. Bigarren eskarian, herritarrek eraikinaren erabilera zehaztu zuten: alondegia, harategia, arrandegia eta postu publikoak jarri beharko zituzten lehen solairuan, eta udaletxea eta eskola goiko solairuetan. Une hartan erregeorde zen Esparterok eraikina herriaren eskuetan jartzea erabaki zuen, eta 1842ko apirilaren 8an sinatu zuten Gobernuaren eta herriaren arteko eskritura.
Beraz, eraikineko lehen obra handia 1849tik aurrera burutu zuten, udaletxeko areto eta bulegoak ez ezik, eskola gelak ere egokitu zituztela. Elizak lehengo lekuan jarraitu zuen, eta herriak igande eta jaiegunetan meza emateko eskaera luzatu zuen.
Beheko solairuan, haurrentzako eskola egokitzeko obrak inauguratu zituzten 1870ean. Handik hiru urtera, herriko agintari liberalek gotorleku eta kuartel gisa erabili zuten eraikina. Karlistak herriratzean, berriz, Artilleria Parkea ezarri zuten han. Behin baino gehiagotan entzuna da karlisten sinboloa izan dela San Agustingo eliza...
Herriak 1994n eskuratu zuen eraikina bere osotasunean. Gaur egun, eliza zegoen gunea obretan dago, baina ez postu publikoak ezartzeko (garai batean herriak eskatu bezala), baizik eta beste behar batzuei erantzuteko; kultura suspertzeko, batik bat".