#annapurnaII_86 proiektua

2017/09/14
#annapurnaII_86 proiektua
Bi helburu ditu egitasmoak. Batetik, duela 30 urte egin zuten dokumental hura berreskuratzea, digitalizatuz. Bestetik, dokumental berri bat egitea mendizale haiekin, 1986an hura guztia posible egin zuen testuingurua jasoz. Crowdfunding kanpaina jarri dugu martxan, 10.000€ lortzeko helburuz.

Crowdfunding kanpainako loturahttps://eu.goteo.org/project/annapurna-ii-86

Urola Kostako Hitzak eginiko erreportajea:

Hiru espediziok  soilik  zuten Annapurnako (Nepal) gailurra ukituta Azpeitiko zortzi mendizalek hara igotzeko saiakera egin zutenean, 1986an. Orduan, bizi-bizirik zegoen goimendizaletasuna Azpeitian, eta erronka berriei eusteko prest zeuden Joxe Mari  Azpiazu, Josu Bereziartua, Agustin Madrazo, Agustin Arenas,  Joxe UrbietaTakolo, Pako San Sebastian, Bixente Arrue eta Jabier Maiz.

Mendia igotzeko behar zuten materiala hartzeaz gain, bideokamera bat eraman zuten motxilan, eta espedizioa grabatu zuten, ondoren dokumentala osatzeko. Ikus-entzunezkoa 30 urtez Euskal Herriko filmategian egon da lozorroan, eta orain argitara atera nahi dute berriro, digitalizatuta. Baina irudi zaharrak berreskuratzea ez ezik, espedizioan parte hartu zutenen bizipenak eta sentipenak jasoko dituen  bigarren dokumental bat ere egin nahi dute Azpeitiko Zine Klubak eta Kulturaz kooperatibak. Horrek suposatuko duen gastu ekonomikoari aurre egiteko, finantzaketa kolektiboa jarri dute martxan, gaur. Aurreneko erronka da 40 egunetan 10.000 euro lortzea.

Espedizio berezia
Annapurnara egindako espedizioa “anbizio handikoa” izan dela du gogoan Josu Bereziartuak (Azpeitia, 1960): “Alpinistikoki zituen zailtasunengatik, eta espedizioa grabatzeko nahiagatik”. Bereziartuari piztu zitzaion Annapurnako gailurra ukitzeko grina, eta hark animatu zituen gainerako mendizaleak. “Joxe Urbieta Takolo zenak Annapurna ingurura egindako treking baten hartutako irudien emanaldi bat eskaini zuen. Emanaldi hartako diapositiba bat ikusi nuenean, begien aurrean nuenaz maitemindu nintzen. Orduan erabaki nuen nire hurrengo proiektuak hark behar zuela izan. Ez nekien zein mendi zen, zenbateko altuera zuen, ezta non zegoen ere, baina horrenbeste erakarri ninduen irudi hark…”, gogoratu du. Orduan, harremanetan jarri zen gainerako mendizaleekin, eta zortzi pertsonako taldea osatu zuten. Jaso zituzten diru laguntzak “justukoak” zirela azaldu du Bereziartuak: “Gazteak ginen, herrian bazen beste jende bat gu baino sinesgarritasun handiagoa zuena, eta haiengan zegoen jarrita mendizaletasunaren etorkizuna. Horrek zaildu egin zuen espedizioaren diru-biltzea…”. Hala ere, herritarren babesa “izugarria” izan zela du gogoan Bereziartuak, eta “ondo baino hobeto”  erantzun zutela gogoratu du. Mendian aurki daitezkeen zailtasunei aurre hartuta, Agustin Arenas (Azpeitia, 1958) arduratu zen espedizioko irudiak grabatzeaz. Irudi haiek ez ziren herritarrengana heldu, ordea, pelikula formatuan zeudelako. Azken horren esanetan, dokumentalak ordu eta laurdeneko iraupena du, eta hiru zatitan dago banatuta: “Lehengo hamabost minutuetan Katmandun (Nepal) hartutako irudi batzuk ageri dira. Ondoren, mendira arteko bidea ikusten da, eta azken zatian gailurrera iristeko ahalegin hori dago jasota”.

Finantzaketa, beharrezkoa

Aurten, 30 urte bete dira Azpeitiko Zine Klubak ekoiztutako Mateo Txistu filma plazaratu zenetik, eta horren inguruan hitz egiten ari zirela otu zitzaien Annapurnako espedizioan grabatutako dokumentala digitalizatzea Kepa Urbieta zineklubeko kideari eta Arenasi. “Horrek ekonomikoki izan zezakeen kostua bere gain hartu ezin zuela ikusi zuen zineklubak, eta Kulturaz kooperatibari jakinarazi zitzaion proiektuaren nondik norakoa. Kulturazek egitasmoa onartu zuen, eta zineklubaren eta kooperatibaren arteko lankidetza abiatu zen, batez ere Kulturazek babestuta”, azaldu du Urbietak.

“Kooperatibaren aldetik apustu handia da, baina ilusio handiarekin ari gara lanean. Balio handia duen artxibo historikoa dela uste dugu, garai haietan Azpeitian zegoen mendizaletasuna eta zer nolako mendizaleak zeuden erakusten baitu”, gaineratu du. Kulturazek egingo duen apustu ekonomikoak herritarren bultzada ere behar du,ordea, eta horregatik finantzaketa kolektiboa jarriko dute martxan. Horrez gain, salgai jarriko dituzte kamisetak eta pinak, 1986an espedizioa diruz laguntzeko atera zituztenen diseinu berarekin.

Zapatuan aurkeztuko dute crowdfunding kanpaina, Azoka Herritik egitasmoaren barruan, 12:00etan, Sanagustinen. Urbietak azaldu duenez, proiektua herriratzea nahi dute: “Argazki polit bat atera nahi dugu zapatuan, ea lortzen dugun bere garaian Annapurnara joan zirenek sortu zuten giroa sortzea”.

Jarritako helburuak betetzen badituzte, hurrengo erronka da datorren abenduan bi dokumentalak plazaratzea.

 

Erantzuna gehitu