Beñat Gaztelumendi: "Xabier Lete euskaraz bizi garenon iruditeriaren parte garrantzitsu bat da"

2021/06/22
Beñat Gaztelumendi: "Xabier Lete euskaraz bizi garenon iruditeriaren parte garrantzitsu bat da"
Soreasuko oholtza gainean izango da Beñat Gaztelumendi (Añorga, 1987) igande honetan, beste hainbat musikarirekin batera Xabier Leteren omenezko 'Loreak eta zauriak' ikuskizuna eskaintzen. Sarrerak kulturaz.eus atarian eskuratu daitezke.

 

Joserra Senperena, Xabier San Sebastián, Quico Pugès eta zu zeu elkartu zarete Xabier Lete omentzeko. Zer nolako ekitaldia sortu duzue?

Emanaldia sortzerakoan, hasieran zalantza dezente izan genituen, Xabier Lete, azken batean, erraldoi bat delako. Bere zein kanta aukeratu, zein utzi bazterrean... ardura handia zela iruditzen zitzaigun.

Bere ibilbide luzean jorratu zituen diziplina desberdinak biltzen ditu ikuskizunak. Alde batetik, bere kantekin osatu dugu egitura nagusia. Bestetik, bertso zaharrak musikatzen eta lan handia egin zuen Letek, eta horri ere keinu bat egin nahi izan diogu. Eta, azkenik, gutako bakoitzak Lete nola bizi dugun ere kontatzen dugu. Osagai horiekin osatu dugu emanaldia.

 

Pasa den abenduan 10 urte bete ziren Xabier Lete hil zela. Zeu, aldiz, beste belaunaldi batekoa zara, dezente gazteagoa. Zer jaso duzu Xabier Leterengatik?

Xabier Lete euskaraz bizi garenon iruditeriaren parte garrantzitsu bat dela uste dut. Nire gurasoak, esaterako, oso Lete zaleak izan dira. Euren heziketa sentimental eta ideologikoan Letek pisu handi bat izan duela esango nuke eta, beraien bidez, neuk ere hori jaso dut. Umetatik, gure etxean beti entzun izan da Lete.

Egia da, georago, nire kaxa deskubritu dudala Lete, beste modu sakonago batean. Askotan, gurasoan bidez jasotzen den hori, bere era batera bizitzen baita. Orain, aldiz, Leteren letrak eta kantak errepasatzen hasi naizenean, beste dimentsio bat aurkitu diet.

Gainera, gure belaunaldiarentzat Letek oso garai interesgarri bat erakusten duela uste dut: Ez dok hamairuren garaia, Euskal Herrian hainbeste amets hasi ziren garai hori. Gero, nolabait, amets horien ziklo aldaketa bat bizi izan dugu. Nik hortik begiratzen diot, orain gauden lekutik, nondik abiatu ginen jakitea interesgarria dela uste baitut.

 

Loreak eta zauriak da ikuskizunaren izena. Zer dela eta?

Egia esan apur bat kosta egin zitzaigun izenburua jartzea. Letek badauka disko bat, Lore bat, zauri bat izenekoa. Disko horretan bada abesti bat, diskoari izenburua jartzen diona, niri pertsonalki asko gustatzen zaidana: Salvador Allenderen alabari, Beatriz Allenderi, jarritako kanta eder bat.

Bestetik, askotan aipatzen da nola Letek sarri minari kantatzen dion, sufrimenduari. Baina, aldi berean, bera oso pertsona alaia zen, eta bere kantuen aurkezpenetan beti egiten zion umoreari leku bat. Bitasun hori erakutsi nahi genuen emanaldian eta, nik uste, izenburuak hori jasotzen duela.

 

Pasa den urteko abenduan aurkeztu zenuten ikuskizuna. Pandemia dela eta, sortze prosezua berezia izango zela pentsatzen dut...

Sortze prozesua berezia izan da, bai. Baina, hala ere, pandemiak berak sortze prezesuan lagundu egin digula esango nuke. Nik, pertsonalki, seguru asko bestela izango ez nuen arnas bat izan dut, esaterako. Etxeko lanak eta egiteko denbora gehiago izan dugu. Itxialdi garaian bakoitza bere etxetik aritu ginen, eta irailean hasi ginen elkarrekin bildu eta kantuak eta osatzen. Beraz, pandemiak berezia egin du prozesua, baina, neurri batean, erraztu ere egin du.

 

Erantzuna gehitu