'Egutegi Bateratua' hitzarmena sinatu dugu Azpeitiko Udalarekin

Kooperatibaren sorrera bertatik ibili gara Azpeitiko Udalarekin harremanetan, herriko kulturari bultzada emateko bide egokien bila. Hasiera gogorrak izan arren, urtez urte harremanak fintzen joan dira, bat egin dugu ideia nagusietan eta azkenik lan hori guztia hitzarmen batean oinarritzea lortu dugu. Iaz, lehen aldiz; orain berriro.
Josu Labaka kultura zinegotziak sinatzerako orduan aipatu moduan, iaz "180 kultur ekitaldi baino gehigo izan ziren eta 35.000 ikus-entzule inguru mugitu zituen Azpeitiko kultur mugimenduak". Hizki handiz idazteko datuak dira, baina batez ere, norabide egokian gaudela adierazten duten zenbakiak dira. Hori elkarlanak ekarri du, beste behin. Hori baita bidea, elkarrekin egitea, elkarrekin eragitea, elkar laguntzea Azpeitia, eta bide batez, bailara indartzeko ikuspegiarekin. Honen guztiaren atzean zaindu behar dugun kultur proiektu bat dago.
Egutegi bateratuaren muina
Egutegi Bateratuak bere baitan atal ezberdinak biltzen ditu, jarraian azaldu nahi dizkizuegunak. Hitzarmenaren ardatz nagusia kultura, eta batik bat, euskal kulturaren sustapena da, honela banatua:
KULTUR EGITARAUA osatzerakoan honako oinarriak beteko dira:
1. Kultura eta batik bat euskal kulturaren produkzioa, hedapena eta kontsumoa bultzatu.
1.1 Kultur programazio indartsua eta orekatua.
Egutegi Bateratuaren programazio eskaintza honako ardatzetan oinarrituko da:
- Kultur espresio askotarikoen eskaintza: musika, antzerkia, dantza, erakusketak, hitzaldiak, mahai-inguruak, aurkezpenak, ..
- Kultur programazio jarraitua eta oparoa: hilabete oro bataz besteko 12
- Aste osoko eskaintza: astegunetako nahiz asteburuko
- Adin eta espektro anitzeko kultur zaleentzako eskaintza: gazteak, umeak, helduak, adituak, ez adituak...
- Hainbat oreka bilatzea kontuan hartzea programazioa osatzean: kultur espresio arteko oreka, herriko espazioen arteko oreka, egutegiaren ..
1.2 Kulturaren kontsumoa eta bide batez herri mailako kulturaren kontsumoa erraztu.
Helburu hori betetzeko Kultur Bonoa ekimena mantendu eta indartuko da.Kultur bonoaren bidez herri mailan kulturaren kontsumoa bultzatuko da, bertako kultur eskaintza kontsumitzeagatik abantaila ekonomiko handiak eskainiz batetik, eta, bestetik, ekonomia aldetik ahulen diren kolektibo eta sektoreei deskontu garrantzitsuak eskainiz kultura aukera handiagoa eskura izan dezaten.
2. Sormenaren sustapena eta dinamizazioa.
Sormena eta transmisioa lantzeko proiektu programatiboen lanketa burutuko da. Proiektu hauen gidaritza Azpeitiko Udalak, Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Kulturaz Azpeitiko Kooperatiba Elkarteak emango dute.
3. Elkarlana eta parte hartzea.
Ekimen sozial, dinamiko eta zabal honen ardatz nagusia elkarlana eta parte hartzea izango da. Elkarlana arlo hauetara guztietara zabalduko da.
Kooperatibaren ekarpena, Egutegi Bateratuaren osagarri
Kultur programazio indartsu eta orekatua antolatzeaz gain ezinbestekoa da sormena, transmisioa eta kultur kontsumoa bultzatzeko dinamika, ekimen edo proiektu desberdinak jorratzea. Urtez urte egin bezala, ildo horiei eutsiz, Kulturaz Kooperatibak 2017an honako proiektuak bultzatuko ditu: Kultur bonoa, Arkupean, Antzerki egoitzak, Zuzenekoak on, Zinema zinematik at, Txiki biran, ‘Ni ere eszenan’, tailer eta zirkuitu desberdinak, Dantza jauziak… eta aztertzen ari garen bestelakoren bat. Proiektu hauek kultur jarduera bizi-bizirik mantendu eta dinamizatzeko ezinbestekotzat direlakoan gaude.
Hitzarmen honetako ardura eta gure helburu orokorrez gain, Kooperatibak bestelako bete behar batzuk ditu:
- Herriko gizarte eragile desberdinek Sanagustin kulturgunean antolatzen dituzten ekitaldiei erantzuteko: behar diren produkzio lanak, zerbitzu teknikoa, promozioa eta komunikazioa, egitura zein kudeaketa kostuak Kooperatibak bere gain hartzen ditu. 2016an, Sanagustinen herriko eragile ezberdinen artean 101 ekitaldi egin ziren. Duda izpirik gabe, pozteko datua da.
- Kooperatibak festa (San Sebastian, Karnabalak, eta Santo Tomas) aurreko 3 kontzertu indartsu antolatzeko ardura du. Kontzertu hauen kostu guztiak Kooperatibaren gain geratuko dira.
- Herriko festen barne kokatzen diren hainbat ekitaldiren (Sanagustin kulturgunekoak) kostuak ere Kooperatibaren gain geratzen dira, berauen antolaketa osoa eta ostalaritzari eragindako endredoak barne.
Hitzarmena zenbakitan
Iaz, urte berezia izan zen, eta 320.000 euro inguruko gastua izan genuen egutegi bateratuan, uste baino %24,20 handiagoa. Esate baterako goian aipatzen ditugun bete behar zehatz horien kostua 78.000 eurotakoa izan zen.
2017rako, 300.000 eurotik gorako aurrekontua jarri dugu, beraz hitzarmen honen bidez Udalak egiten duen ekarpena (65.000 euro) aurrekontu osoaren %20 ingurukoa izango da. Kooperatibaren bestelako finantziazio bide ezberdinak handituz doaz urtez urte eta horrek ahalbidetzen du kultur aurrekontua igo arren, Udalaren ekarpena aurreko urteko berdina izatea.
Kulturaz Kooperatibak balorazio oso positiboa egiten du Egutegi Bateratua hitzarmenaz eta urtez urte asko hobetzen doan Udala, Kultur Mahaia eta Kulturaz Kooperatibaren elkarlanaz. Elkarlan hau ez da soilik Egutegi Bateratura mugatzen eta urtean zehar bestelako ekimen ugari martxan jartzeko ere balio du.
Bestalde, nola ez, Kulturaz Kooperatibarentzat oso positiboa izan da baita ere hitzarmen hau Udalean aho batez onartzea eta aurrera begira ere horrela jarraitu nahiko genuke.