Eneko Sagardoy: "Asko eskertzen diogu Azpeitiari; salbuespena zarete"

Eneko Sagardoy, aktore gazte onenaren saria jaso berritan, gurekin egotera animatu zitzaigun zapatuan. Handia filmaz hitz egin genuen, antzerkia eta zinearen arteko ezberdintasunez, Goya sariez... Hiztun ona da, 'majoa' berak esango lukeen moduan eta gertutasuna transmititzen duena. Ikus-entzule asko bildu zen berriro ere Soreasu Antzokian 'Handia' filma eta Sagardoy ikusteko. Txalo zaparrada luze batekin agurtu zuten han bildutakoek. Merezita. Soreasun esan zituen kontu batzuk laburtuta bildu ditugu.
1. Karnabalak zetozela-eta, esketx txiki bat egitera ausartu ginen, Sagardoy beraren laguntzarekin (ondorengo bideoan ikusgai).
2. Goya sarietan bere izena entzutean...
Momentu oso zoroa izan zen. Ondo ere ez dut gogoratzen. Ez duzu espero, baina gorputzak esaten dizu eszenatokira igo behar duzula eta diskurtsoa pentsatzen hasi nintzen, eskerrak emateko. Subidoi itzela izan zen, eta gero etorriko ziren beste sariekin gehiago.
3. Jaso ondorengo eskertza hitzaldiaz...
Ezagutzen nautenek badakite oso ondo prestatu nuela hitzaldia. Kontua da bi minutu zirela ustea nuela, eta gala hasi baino ordu erdi lehenago esan zidaten minutu bat zela. Musikak harrapatu ninduen (minutua pasatu dela abisatzen duen musikak) eta esaldi bat gelditu zitzaidan esan gabe: “Jarrai dezagun zinea egiten euskaraz, galizieraz edo katalanez, hizkuntza txikiek erraldoi egiten gaituztelako”. Hori falta izan zitzaidan esatea, baina bestela uste dut dena esan nuela.
4. Saria jaso ondorengoak...
Baitu egiten zaituzte eta prentsa areto erraldoi batetara eraman ninduten. Ordu eta laurden egon nintzen han barruan elkarrizketak ematen. Bertatik jarraitu nuen gala eta elkarrizketa guztiak mozten nituen telebistatik Handia entzuten nuen bakoitzean. Gero galara itzuli nintzen ia amaieran. Itzuli ostean sari bakarra jaso genuen. Niretzat gala laburra izan zen alde horretatik. Gero prentsaren tartea izan genuen eta goizeko hiruretan iritsi nintzen jaialdira.
5. Gelditu gabe dabil...
Oraintxe iritsi naiz Bartzelonatik jaialdi batean aurkeztu dugulako filma. Datorren astean Madrilera noa beste filma bat aurkeztera eta gero Errementari filmaren promozioarekin hasiko gara. Topera gabiltz, proiektu berriak ere badatoz... baina hala ere, astebete pasa bada ere, iruditzen zait atzoko kontua dela guztia.
6. Joakinen paperak eragin dionaz...
Nik normalean, oso arin uzten diot pertsonaiari. Kasu honetan, ordea, oso gogorra izan zen. Hainbeste denbora eta, gainera, pelikula guztian horrelako ur zakarretan, tristura, bakardade, inkonprensio eta beldur atmosfera horretan bueltaka ibilita.. Filmatzeaz amaitzean Durangora joan nintzen eta akordatzen naiz bururik ez nuela altxatzen. Eskerrak aktoreak apur bat obsesiboak garen geure buruarekin eta begiratzen dugun nola mugitzen ditugun eskuak momentu jakinetan, negar egiten dugunean non egiten duen gorputzak indarra gero hori lanean aplikatzeko.. Gogoratzen naiz kaletik nihoala horrelako momentu bat eduki nuela eta konturatu nintzela ez nuela bururik altxatzen. Laguntza eskatu nuen eta azkar kendu nuen energia hori, baina bai faktura pasa zidan. Topera sartzen zarelako paperean eta denbora luzez egin nuen, gainera, kasu honetan.
7. Antzerkia eta zinea, berdintasunean ezberdin...
Antzerkiak eta zineak ez dute antzik, batez ere, ekonomikoki. Ezta artistikoki ere, ordea. Antzerkian ia kontrol absolutua daukat. Nire lana zein den badakit eta zuek zer ikusiko duzuen ere bai. Baina zinean ez; zeren zuk pentsa dezakezu "hau hala esango dut, eta beste hori horrela egingo dut...". Baina gero nahi duten lekuan moztu dezakete eta off ahots bat sartu, edo beste irudi batzuk sartu... Orduan, zineak besteekiko konfiantza ariketa askoz ere handiagoa suposatzen dit niri. Antzerkian prozesu hori entseguetan dago. Zinean, aldiz, ezin da imajinatu zer proiektatzen ari zaren, tranpa dagoelako; kamara bat dagoelako; teknologia. Antzerkian boteretsuago sentitzen naiz. Eta elementu eszenikoak daude, publikoa... Dena dela, diferentzia handiena soldatetan dago, dudarik gabe. Dena dela, bai zinera eta baita antzerkira ere jendea etortzea behar dugu.
8. Antzerki egonaldiei eskertuz...
Asko eskertzen dizuegu egiten duzuen lana. Besteak beste horregatik etorri naiz gaur. Leku bakarrenetakoa delako sormen egonaldi duin batzuk dituena. Zuei esker sortu dugu azken obra Heriotza bikoitza. Horrelako egonaldiekin gure lanbidea duintzen da. Salbuespena zarete. Benetan zaila da antzerkitik bizitzea, jendea ez delako antzerkietara joaten. Asko eskertzen diogu Azpeitiari.
Juan Kruz Izagirre eta Mikel Herrera
Azpeitiko Udalak ere parte hartu zuen ekitaldian Sagardoy bera eta Juan Kruz Izagirre Irusoin produktorako zuzendari teknikoa ere omentzeko. Irusoin euskal zinemaren gorakadaren erantzuleetako bat da. Izagirrek ere hitz onak eskaini zizkion Azpeitiari, kasu honetan, Udalak Euskal Herriko Antzerki Topaketekin aktore berriak sustatuz eta aktoreei lekua emanez egiten duen ekarpena goraipatuz.
Mikel Herrera azpeitiarra ere bertaratu zela ikusita, oholtzara igotzera animatu zuen Udalak. Herrerak efektu berezietan egiten du lan eta Handia-n egin du lan, adibidez.