Eneko Sagardoy: "Azpeitia 2017 herri kulturala izan beharko litzateke"

2017/06/09
Eneko Sagardoy: "Azpeitia 2017 herri kulturala izan beharko litzateke"
Kulturaz Kooperatibak aurten hiru antzezlan berri sortzen lagunduko du, Antzerki egoitzak proiektuarekin. Aurreneko taldea maiatzean egon da Soreasu Antzokian. Oraindik ere izango dugu euren berri, mediazioa eta aurkezpena esaterako bertan egingo baitituzte. Beraiekin egon gara elkar hobeto ezagutzeko eta egon diren bi asteetan gutaz eta herriaz jaso duten inpresioa ezagutzeko.

 

Heriotza bikoitza sortzen ari diren lagun batzuekin solastu gara, Soreasu Antzokian sormen prozesua burutzen ari direla probestuz. Kulturaz Kooperatibak antzerki lan berriak sustatzen lagunduko du aurten ere. Momentuz hiru antzezlan. Haietako lehena izan da Heriotza bikoitza. Maiatzean, 2 astez egon dira Azpeitian. Gerora berriro itzuliko dira, herriko eragileekin sormen prozesua elkarbanatzera eta nola ez, antzezlana bera estreinatzera.

Bideoan diotena idatziz jasota dator jarraian. Jon Ander Alonso zuzendaria, Miren Gaztañaga eta Eneko Sagardoy aktoreak eta Zazpi t'erdi ekoiztetxeko Pello Gutierrez eta David Aguilar agertzen dira bideoan. Ez dira ageri baina taldeko kide dira ere Paula Olaz, Ane Urtizberea eta Mikel Zumeta.

Taldeaz/Elkarlanaz

Jon Ander Alonso: Berez ez daukagu talde ofizialik. Batu egin gara hau egiteko. Nire ideia izan zen eta jende ezberdinekin kontaktuan jarri nintzen. Proiektua aurrera eramateko batu ginen, talde izenik gabe.

'Heriotza bikoitza' antzezlanaz

Jon Ander Alonso: Ni heriotzarekin oso interesatua egon naiz betidanik, eta orain dela urte batzuk El libro tibetano de la vida y de la muerte liburua irakurri eta gero, horren inguruan proiektu eszeniko bat egitea pentsatu nuen. Ideiak batu eta hortik etorri da heriotzaren inguruan eginiko egitasmo hau.

Miren Gaztañaga: Talde bezala egiten dugu lan, inprobisaziotik. Jonek bere ideiak, irudigileek eurenak eta guk geureak botatzen ditugu.

Pello Gutierrez: Lan egiteko modua sormen kolektiboa da, kontzeptuekin jolasten dugu, inprobisazioarekin jolastu (batez ere aktorengandik etorrita). Gehituz joaten gara eta mezua eraldatzen.

Antzerki egoitza proiektuaz / Kulturaz Kooperatibarekin harremanaz

Jon Ander Alonso: Oso zainduta sentitzen gara. Uste dut inork ez zuela espero horren baldintza egokiak aurkituko genituenik. Nahiko harrituta eta kontent gaude alde horretatik. Bai teknikoki, bai logistikoki dena oso zainduta dago. Nik behintzat ez nuen ezagutzen herri mailan horrelako azpiegiturarik duen beste herririk. Oso kontent gaude.

Eneko Sagardoy: Honelako beste esperientzia bat izan dut nik Luhuson. Harekin alderatuta, adibidez, badu gehigarri bat: jatorduak herrian egiten direla. Horrek bertako herritarrekin harremana egiteko aukera ematen dizu, mediazioa da, oso naturala. Proiektua ere herriaren parte izateko aukera ematen du eta oso interesgarria da hori. Absurdoa litzateke edifizio banandu batean sorkuntza bat egin eta herriak horri buruz ezer ez jakitea.

Jon Ander Alonso: Niri pertsonalki atentzioa eman dit herri mailan dagoen komunikazio maila. Hori ez dut beste inon ikusi. Dena elkar lotuta dago eta komunikazio mailan ez da barrerarik sumatzen.

Pello Gutierrez: Gure kasuan sormen prozesuaren hasieran harrapatu gaitu Azpeitian. Guretzako sortzen hasteko lekua izan da, ia ezerezetik. Oso aske sentitu gara lehenengo pausoak emateko.

Jon Ander Alonso: Zentzu horretan oso garrantzitsua iruditzen zait estruktura bat, espazio bat… baldintzak izatea hasiera horri indarra emateko. Oso interesgarriak dira horrelako lan egoitzak.

Miren Gaztañaga: Guri ere talde eta prozesu bezala abiapuntu majoa eman digu, kohesio, lengoaia eta kontzentrazio aldetik.

Mediazioaz

Jon Ander Alonso: Oraindik ez dugu egin, lotzeke dago, aurrerago egingo dugu. Interesgarria iruditzen zait herri mailan jakitea zerbait pasatzen ari dela, sortze prozesu bat garatzen ari dela herrian. Jendeak jakin dezan zer gertatzen ari den espazio kulturaletan, gure lana eta egiteko modua zabaltzeko...

Miren Gaztañaga: Era berean, guk zeintzuekin egin mediazioa aukeratzea baldin badugu lana aberastu dezake eta oso interesgarria izan daiteke truke hori.

Eneko Sagardoy: Aspektu guztietan ezezagutza handia dagoela uste dut sormenari dagokionez, bai dantzan, antzerkian, zineman... Bukaerako emaitza ikusten dugu. Orduan, zer gertatzen da hor atzean? Normalean ez dira gauza hain politak gertatzen, bai politenak, baina politak ez direnak ere bai. Publikoa horren jakitun egiteak zaletasuna elikatzeko eta errespetua elikatzeko aukera ematen dizu. Eskaparate huts baten geratzen da bestela. Hau da egiten duguna jakiteko, gero gustatu ahal zaie edo ez.

Miren Gaztañaga: Hurbiltasuna ematen dio horrek jendeari. Azkenean sormena guztiok eskura daukagun gauza da eta ematen duena baino zerbait hurbilagoa.

Azpeitiko kultur dinamikaz

Eneko Sagardoy: Niretzat Donostia 2016 izan bazen kultur hiriburua, Azpeitia 2017 da kultura herri; edo horrelako zerbait izan beharko zen. Zenbat gauza, aukera pila bat ematen dizu. Eta ikusten da gainera, herriko jendeak egiten duela. Aukera pilo bat ematen dizu. Asko gustatu zait. Pasada bat da.

Pello Gutierrez: Eta gainera, ezta kantitate gauza bakarrik. Oso gauza interesgarriak ikusi ditugu, adibidez, zinean oso gauza bereziak ikusi ditugu, ez ohiko gauzak bakarrik, eta hori oso garrantzitsua da.

Eneko Sagardoy: Harrigarria da. Irakurri nuen Kulturaz aldizkarian % handi bat euskaraz dela. Ni Durangokoa naiz eta konparazioa pasada bat da.

Jon Ander Alonso: Lehen komentatu dut. Herri mailan ez dut horrelako beste dinamikarik inon ezagutu. Luhuso aipatu dugu lehen, baina beste estilo bat da. Bizi-bizi dago eta parte hartzea oso zuzena dela sumatzen da herriaren partetik.

Erantzuna gehitu