Hitzaren Eskola 2020-2021

2020/05/18
Hitzaren Eskola 2020-2021
Edizio berrirako izen ematea irekita dago.
SARRERA

Asterisko egoeran bizi gara: dena bihurtu da aldakor, dudako, lehenaz gain. Denbora izoztuta geratu da, iraganak ez dauka zentzurik, etorkizunik ez da. Asteriskoa jarri behar izaten dugu orain… baldin eta egiteko moduan bagara. Eta hemen gatoz, asterisko eta guzti, inoiz baino behar larriagoa dagoela iritzita, hitzaren ahalaz gero eta kontzienteago, baten batek normaltasun berria ezarri duenetik.
 
Sormena eta Transmisioa ditugu ardatz. Gauza bera azkenean, txanponaren aurkia eta ifrentzua: iraganari etorkizun bat ematea, eta etorkizunari iragana. Tradizioa berritzea batetik, nahiago bada, eta berria tradizio baten baitan txertatzea bestetik. Tradizio bat ematea aukeran, mundua bere garaitik baino bizi ezin duen belaunaldi bakoitzari.
 
Kulturan, beste edozein lan eremutan bezalaxe, espezializazioa etorri zen XX. mendean, eta eman behar horrek bakoitza bere eremuan hobeto prestatua egotea ekarri duela, baina ez da segurua. Kulturan, gure uste harroan, nork bere adierazpidea aukeratzen duen arren, eta horren
teknikak menperatu behar, beste adierazpide ugaritatik edaten du batek, eta zenbat eta gehiago edan besteetatik, orduan eta aberatsagoa izan ohi da baten lana.
 
Idazlea ez da literaturatik soilik elikatzen, zinetik, artetik, musikatik ere edaten du, eta azken finean, bizitza bera du, bere osotasunean, bere heldu ezinean, lanerako ekai. Baina hitza du tresna, hizkuntza du lehengai, eta hizkuntza bera menperatu behar du, jolasean hasteko, buruan dabilkiona kontatzeko. Eta berdin bertsolariak, edo gidoigileak, baina baita esatariak edo itzultzaileak ere; kosta egiten zaigu maiz hauena sormen lantzat hartzea, ez da eta hain nabarmena, ezin uka ordea asko duela sormenetik, unean uneko beharrei erantzuteko modurik onena bilatzetik.
 
Beraz, hitza bera ardatzean jarrita egin nahi dugu eskola hau. Ez diziplina bat, bere tresna eta teknika espezifikoekin, baizik eta hitza bera, bere ertz guztiekin, bere ahal izugarriarekin, bere izaera eta aukera guztiekin. Eta horretarako, hitza euren jardunaren oinarrian daukaten idazle, bertsolari, esatari, itzultzaile, gidoigile eta abarrak ekarriko ditugu eskolak ematera, hitzaren ahozko nahiz idatzizko alderdiak lantzeko, eta adierazpide bakoitzak besteak nola aberastu
ditzakeen ikusteko, betiere osotasun baten bila: hitzaren jabe egitea belaunaldi berriak, hitza hartzeko bidea jartzea.
 
Hizkuntza da gure ardatza. Euskara, beraz. Eta hizkuntzaren lanketa kaleidoskopiko batekin sinistuta gaude aberatsago izango garela, tresna hobeak izango ditugula mundua gure hitzekin kontatzeko.
 
image2.png
 

    •    Hasiera-data: 2020ko irailaren 9a
    •    Amaiera-data: 2020ko martxoaren 27a
    •    Tokia: Dinamoa Sormen Gunea, Azpeitia (Gipuzkoa).
    •    Ordutegia: asteazkena: 18:00-20:00 + larunbata: 10:00-13:00
    •    Izaera: Presentziala
    •    Ordu kopurua: 120 ordu
    •    Matrikula-prezioak: Orokorra: 375,00 €. Ikasle, langabe eta erretiratuak: 250,00 €.
    •    Matrikula-epearen hasiera: 2020ko maiatzaren 7a
    •    Matrikula-epearen bukaera: 2020ko ekainaren 7a
    •    Informazioa eta izen ematea: www.dinamoa.eus


Helburuak

    •    Hitza ardatz hartzen duten hainbat sormen adierazpide ekartzea.
    •    Adierazpide guztiak gurutzatzen diren puntuan jartzea arreta: hitza.
    •    Hitzaren lanketa integral bat eskaintzea, ikerketatik, sormenetik, esperimentazioari leku eginez.
    •    Hitzaren ahalaren jakitun egitea ikasleak, erreferentziak emanez, lanean jarriz, praktikaren bidez.
    •    Tradizio bat eskaintzea sortzaile berriei, eta sortzaile berriak tradizio bati.
    •    Mundua euskaraz kontatzen jarraitzeko tresnak ematea.


Dinamika eta metodologia

Iraupena eta egutegia
6 hilabeteko iraupena:
2020ko iraila, urria eta azaroa.
2021eko urtarrila, otsaila eta martxoa.
Asteazkenero: 18:00etatik 20:00etara.
Larunbatero: 10:00etatik 13:00etara.


Egitura

    •    6 irakasle-tutore; bakoitza hitzaren adierazpide batekoa, bakoitza hilabetez.

    ◦    IÑIGO ARANBARRI
    ◦    MADDI BARBER
    ◦    HAIZEA BARCENILLA
    ◦    ANDONI EGAÑA
    ◦    XABIER ERKIZIA
    ◦    ARANTXA ITURBE

    •    12-15 laguneko taldea izango da eskolak jasoko dituena.


Nori zuzendua

    •    18 urtetik gorako euskaldunei.
    •    Hitzaren lanketa sormenetik abiatu nahi duenari.
    •    Hitzaren eremuan trebatu eta sakondu nahi duenari.
    •    Hitza ardatz duen komunitate bateko kide izan nahi duenari.
 

Izen ematea

    •    Epea: maiatzaren 7tik ekainaren 7ra
    •    Izen emate orria
    •    Zalantzak argitzeko, harremanetarako: idatzi dinamoa@dinamoa.eus helbidera edo deitu 635 738 760 telefonora.


Jakingarriak

    •    Kokapena. Dinamoa sormen guneko Hitzaren Eremuan du habia Hitzaren Eskolak, Azpeitiko kultur dinamika oparoaren baitan.
    •    Ekitaldi irekia. Hilero, azken asteko asteazkenean ekitaldi irekia, hilabete horretako irakasleak hautatua, hilabete horretako jardunarekin lotua (solasaldi, filma emanaldi, kontzertu, mahai inguru, hitzaldi…).
    •    Jarraipena. Hilero bilduko dira 6 irakasleak eskolaren beraren jarraipena egiteko.
    •    Memoria. Ikasturteko jarduna bilduko duen memoria egingo dugu amaieran.
    •    Baliabideak. Sareko tresnak erabiliko ditugu irakurketak, ariketak, edukiak eta bestelakoak elkarbanatzeko.
* Azpeitiko Udalak dirulaguntzak ematen ditu formaziorako, ikasle eta langabetuen matrikula osorik ordainduko luke.

 
___________
 

Antolatzaileak:

    •    Azpeitiko Kultur Mahaia
    •    Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatiba
    •    Azpeitiko Udala

Laguntzaileak:

    •    Gipuzkoako Foru Aldundia
    •    Eusko Jaurlaritza


HARREMANETARAKO: 
Idatzi dinamoa@dinamoa.eus helbidera edo deitu 635 738 760 telefonora (Xabier Gantzarain)

www.dinamoa.eus



Erantzuna gehitu