Iban Arregi: "Gure kasuan ez da egia diru-laguntzetatik bizi garenik"

Duela 20 urte Komunikazio Zientzietan lizentziatu zen Iban Arregi (Azpeitia, 1975). Kazetari izatea umetako ametsa ez bazuen ere, urteak daramatza mundu horretan lanean. Euskaldunon Egunkarian hasi zuen ibilbidea, eta haren itxiera gertu-gertutik bizi izan zuen. Ondoren, Berriaren sorreran parte hartu zuen, eta 2013az geroztik, Berria Taldeko kontseilari ordezkaria da.
Euskarazko egunkari nazional bakarra da Berria. Zein da haren egoera?
Egoera beti izan da zaila. Egunkaria sortu zenetik ziklo eta fase ezberdinak egon dira, baina euskarazko sorkuntzaren egoera zaila da komunikazioan, kulturan eta beste hainbat arlotan. Horri gehitzen bazaio ekonomia krisia, eta, batez ere, kontsumo ohituretan ematen ari den eredu aldaketa… Datorren urtean egiten ditu Berriak 15 urte, eta horrela segitzen badugu, justu eta larri iritsiko gara urteurrenera. Egoskorrak gara, baina egoskorra izatearekin bakarrik ez da ezer lortzen. Egoskortasun horrek atzetik baldin badauka komunitate bat, herri bat, gauza handiak lor daitezke, eta horrek ematen digu guri bermea. Espero dugu dinamika ezberdinekin lortuko dugula aurrera egitea.
Asko dira herri ekimeneko euskal hedabideak, eta horiek denak batzeko Hekimen eta Tokikom elkarteak sortu dira. Artikulaziorako tresnak dira?
Neurri batean, bai. Urteetako desioa izan da ahots bateratu bat sortzea, garrantzitsua baita sektoreak ahots bakar bat izatea administrazioari begira, gizarteari begira… Uste dut sinergiak edozein arlotan beti izan direla bidea, eta gurean ere bai. Bakoitza bere aldetik gehiago ibili izan gara orain arte, eta ona da elkarbanatzea, nahiz eta gero bakoitzak bere autonomia, proiektua eta egitekoak izan. Sinergia ariketa horiek egin behar dira eraginkortasunean irabazteko eta espazio berriak geureganatzeko.
Datuen arabera, gaur-gaurkoz, euskal komunitate osoa informatzerik ez dutela lortu euskal hedabideek. Ba al dute hazteko marjinarik?
Beti dago horretarako aukera. Gure helburuak izan behar du ahalik eta jende gehienarengana iristea. Nik ez dut ezagutzen hedabiderik bere helburuetan hori ez daukanik. Autokonplazentzian ere ez dugu erori behar, baina geure buruari harrika gehiegi ez ote diogun egiten sentipena daukat. Adibide bat botatzearren, Espainian ez dago egunkaririk gaztelania menperatzen duten eta alfabetatuta dauden guztiengana iristeko gaitasuna duenik. Beraz, egin dena ere baloratu behar da; ditugun kontsumo datuak eta azkenengo urteetan irabazi dena. Halaber, egia da aurrera egiteko edo jende gehiagorengana iristeko zailtasunak ditugula. Arazoa kulturaren arlora eramanda, denok dakigu zenbat kostatzen den euskarazko produktuen eta euskarazko sorkuntzaren kontsumoa haztea. Gure esku egon daitezkeen arrazoiak egongo dira; produktuen kalitatearekin, sustapenarekin edo merkaturatzearekin ditugun arazoak hor daude. Baina irakurzaletasun ohiturak ere badu eragina. Inkesta guztiek esaten dute euskaldun gehienek errazago irakurtzen dutela gaztelaniaz.
Elkarrizketa irakurtzen jarritu nahi baduzu, aukera klik eginda Urola Kostako Hitzan.