Kirmen Uribe: "Uste dut euskara erdigunean izanik, kalitatezko nazioarteko emankizunak eskaintzen saiatzea eredugarria dela. Eredugarria da Azpeitiaren keinua Euskal Herri osoarentzat"

2018/02/22
Kirmen Uribe: "Uste dut euskara erdigunean izanik, kalitatezko nazioarteko emankizunak eskaintzen saiatzea eredugarria dela. Eredugarria da Azpeitiaren keinua Euskal Herri osoarentzat"
'Urola Kostako Hitza'-k elkarrizketa egin dio Kirmen Uribe idazleari biharko kontzertuaren harira. Emanaldia "indartsua eta berezia da; sorpresatxoren bat ere izango da" dio. Bihar 22:00etan, Soreasu Antzokian izango da.

Kirmen Uribek eta Wim Mertens piano-joleak kontzertu berezia eskainiko dute bihar Soreasu Antzokian (22:00). Idazlearen Muscche liburuan oinarritutako kontzertua da. Urola Kostako Hitzak egin dio elkarrizketa polit hau. 

Jaialdi batean galdetu zioten Kirmen Uriberi (Ondarroa, Bizkaia, 1970) zein musikarirekin egin nahiko lukeen poesia errezitaldi bat. “Wim Mertensekin”, erantzun zuen idazleak. Aspaldi egin zuen harekin lehen errezitaldia Bilbon. Bihar elkartuko dira berriz biak oholtza berean.

36ko gerran oinarritutako konzertua izango da biharkoa.

Espainiako Gerran hainbat ume atera zen Euskal Herritik, eta Robert Mussche idazle flandiarrak ume horietako bat hartu zuen etxean: Karmentxu Cundin. 2012an kaleratu nuen Mussche nobelak gizon horren bizitza azaltzen du, eta Mertensi interesa piztu zion liburuak. Ikaragarri gustatu zitzaion, eta esan zidan zerbait egin behar genuela. Horrela sortu genuen emanaldia.

Beraz, Mussche eta Karmentxu elkartu ziren gisan batu zarete zu eta Mertens?

Bai, hala da. Mertensek ikusi zuen jendeak hainbeste ezagutzen ez zuen gai bat bazela: euskal umeak Flandrian. Erabat interesatu zen, eta esan zidan gauza askotan genuela lotura; hau da, hizkuntza txiki bat genuela, estaturik gabeko herriak direla gureak… Hortik sortu zen zerbait berria egiteko gogoa. Gainera, Musscheren bizitza oso interesgarria da; izan ere, itzultzailea eta idazlea zen, euskal ume bat hartu zuen etxean, Bigarren Mundu gerran erresistentzian ibili zen, harrapatu egin zuten alemaniarrek, kontzentrazio esparru batean egon zen… Eta gerra bukatu baino hiru egun lehenago-edo hil egin zen. Konprometitua zen bizi zuen garaiarekin,  totalitarismoaren aurka aritu behar izan zuen. Hori guztia asko gustatu zitzaion Mertensi.

Zure liburuari musika jarri dio. Zer ekarpen egin dizu horrek?

Egia esan, liburuko pasarteak hautatu eta Mertensen pianoaren gainean irakurtzeak ikaragarrizko hauspoa ematen dio testuari. Irakurtzen ditugun pasarte horiekin nobela osoa ikusten da. Niretzat zorte handia izan da horrelako musikari handi batek nire testuak musikatzea. Berak esaten du nire ahotsa musika tresna bat dela, berez ohituta baitago musikari gehiagorekin aritzera. Ikaragarri gustatzen zaio euskara, eta esaten du euskara entzutea dela berarentzat instrumenturik politena.

Inoiz pentsatu zenuen zure liburu bati inork soinu banda  jarriko zionik?

Ez, eta gutxiago Wim Mertensek jarriko ziola. Bere lana aspalditik ezagutzen dut, oso gaztea nintzenetik naiz haren zalea, eta berarekin emanaldia egiteko aukera izatea amets bat betetzea da; gauza ederra da. Baina ez, ez nuen sekula pentsatu inork nobela bat musikatuko zuenik. Musikariekin badut hartu-emana, baina nobelako pasarteekin sekula ez dut emanaldirik egin.

Liburutik musika sortzeko prozesua egin duzue. Posible da musikatik liburu bat sortzea?

Bai, etorriko da. Zergatik ez? [barre artean]. Nik, egia esan, musikatik sortzen dut. Idazten ari naizeanean, musika entzuten dut, eta uste dut, sortzeko orduan, horrek beste mundu batera joaten eta irudimena lantzen laguntzen didala. Nolabait mundu honetatik ateratzen nau musikak, eta hori oso ona da idazterakoan.

Nolakoa izan da emanaldia sortzeko prozesua?

Mertensek liburua irakurri ostean, testuak aukeratu nituen; izan ere, testuek banaka edo soltean indarra izan behar dute, ezin duzu liburutik edozein testu hartu eta irakurri. Pasarte oso poetikoak, indartsuak, dira hautatu nituenak, eta Mertensek nire testuak oinarri hartu eta hainbat pieza sortu zuen berariaz. Entseatu dugu, eta ikusi dugu nola gelditzen den ahotsa musikaren gainean. Emanaldi oso orekatua da, une oso-oso ederrak dituelako. Une tristeak, latzak, ere baditu, eta uste dut iritsiko zaiola entzuleari. Emanaldia indartsua eta berezia da; sorpresatxoren bat ere izango da.

2014an Kursaalen eta Arriagan egin zenituzten emanaldiak. Zer harrera izan zuten?

Oso ona. Arriaga leporaino bete zen. Saio hura euskaraz egin genuen, baina itzulpenak jarri genituen. Kursaalekoa, berriz, itzulpenik gabea izan zen; beraz, primeran. Uste dut jendea gustura atera zela.

Orain Azpeitian izango zarete. Nolatan?

Azpeitiak aukeratu gaitu, azpeitiarren ideia izan da. Oso eskertuta nago; izan ere, ez da erraza Mertensen mailako musikari bat herri batera ekartzea. Niri ere sekulako aukera eman didate harekin batera aritzeko. Azpeitiak esfortzu handia egin du, ikusten da nora joan nahi duen herri moduan, eta uste dut euskara erdigunean izanik, kalitatezko nazioarteko emankizunak eskaintzen saiatzea eredugarria dela. Eredugarria da Azpeitiaren keinua Euskal Herri osoarentzat.

Erantzuna gehitu