Oholtzara (Alaitz Olaizola)

Azaroarekin batera hastear ditugu Euskal Antzerki topaketak, hogeita hamalaugarren edizioa hain zuzen ere. Bada zerbait!
Denak ez ditut ezagutu, jakina, baina mordoxka bat bai, eta oraindik orain galdetzen diot nire buruari non dagoen topaketa hauen arrakastaren gakoa. Arrakasta diot, aretoa bete egin ohi delako ia saio guztietan, urtean zehar antolatzen diren antzerki emanaldietan bestelako gertatzen denean.
Aurkezten diren lanen kalitatea izan daiteke arrazoietako bat, tradizioa beste bat. Denbora gutxian lan ugari ikusteko aukera horrek berak ere sortu dezake erakargarritasuna agian… Zelaitxo, Soreasuko eraikin zaharra, Izarraitz frontoia… Makina bat aulki gogor eta areto hotz ikuslez beteta, antzerkiaz gozatzen. Antzerkiaren magia behar du izan horrek, horixe baitauka antzerkiak edozeren gainetik: magia.
Aurtengoak ere xarmaz beteta datozelakoan nago, azken agur eta guzti. Bere garaian, topaketen barruan omenduak izan ziren Kontxu Odriozola eta Iñaki Bergara Pio ekarriko baitira gogora topaketa hauen azken emanaldian. Felipe Murillok gidatutako kontzertu antzeztuak, Ahantzitako oroitzapenak, itxiko du aurtengo edizioa, bi handiak agurtzeko aprobetxatuz. Hutsik egin gabe elkarrekin elkarbanatzeko gaua dudarik gabe.
Herritarra dugun Erika Olaizola Frankoren bilobari gutunarekin dator, bere taldekideekin batera azaroaren 4an. Arte drama, Le petit eta Dejabu, beste behin ere, ikusleak gozarazteko prest. Irrikaz nago zer eskainiko diguten ikusteko! Kaka pillue!
Hilaren 5ean Hikaren eskutik Koadernoa zuri iritsiko zaigu, emakumeei buruz hitz egiten duen antzezlana. Itziar Ituño da antzezleetako bat, oso gogoko dudan aktorea. Eta gainera, nork-eta Nagore Aranburuk ere antzezten du! Agurtzane Intxaurragaren eskutik beste behin ere barrua mugiaraziko digun lan horietako baten aurrean gaudelakoan nago. Larunbaterako plan bikaina.
Udaletxeko ganbarako osteguneko saioa ere (azaroak 10) ez nuke aipatu gabe utzi nahi, Nomofobikakek eskutik Sarean kateatuak. Sare sozialetan ikusi ahal izan dut herriz herri dabiltzala ikuskizunarekin. Bada, orain gurean ditugu bisitan. Irri ederrean jarduteko aukera izango dugulakoan nago.
Azaroaren 15eko Mami Lebrun antzerki obrak ere piztu du jakin-mina nigan. Kepa Errastiren gidoia, aktore lanetan ere arituko zaiguna Ane Pikaza eta Ainara Ortegarekin batera. Galdu ezina!
Zestoatik Sweeney iritsiko zaigu azaroaren 18an. Herritar ugari izango dugu bertan antzezle lanetan. Lagunak tarteko! Animatzen?
Gustatuko litzaidake lan gehiagoren inguruan jardutea, baina ezin ba denak gogora ekarri!
Aipatu gabe ezin utzi Gaztetxeko bi emanaldiak, azaroak 24 eta 25ean. Lan bikainak seguru, eta giroa, berezia, paregabea. Asmatu da Gaztetxea topaketetako oholtza bihurtuta, dudarik gabe!
A! Ahaztu gabe… Azaroaren 6an, EHAZEk antolatuta, 4.Antzerki eskolen eguna. Haurrek, gazteek zein helduek primeran pasatzeko aukera antzerki-jolasa eginek. Aurreko hiruretako biretan izan naiz, eta a ze igande goiz ederra pasa izan dugun jolasean!
Urtero moduan, artista txikienak ere izango ditugu oholtza gainean. Hau poza! Etorkizuna ziurtatu dago, zorionez.
Igandeetako txiki-handientzako emanaldiak, txotxongilo erakusketa, aipatu gabe geratu diren beste lanak… Goazen antzerkira azaro honetan! Dela bat dela bestea, ez gara damutuko eta.
Itzali ditxosozko telefonoak, (soinua kenduez, itzali) eta gozatu.
Alaitz Olaizola