Kultur espazioak

Azpeitiko Udalarekin elkarlanean herriko hiru kultur eraikin kudeatzen ditu Kulturaz kooperatibak: Sanagustin kulturgunea, Soreasu Antzokia eta Dinamoa sormen gunea. Alde Zaharrean daude hirurak, Soreasu Antzokia eta Dinamoa elkarren ondoan eta 500 metrora, Plaza Nagusian, Sanagustin kulturgunea.

 

Sanagustin kulturgunea

Azpeitiko Udalak 2011ko martxoaren 3ko udalbatzarrean kulturgunearen kudeaketarako deialdi publikoa atera zuen, hara aurkeztu zen Kultur Mahaiaren kooperatiba eta irabazi egin zuen.

Udalak maiatzaren 5eko plenoan adjudikatu zion eraikina Kultur Mahaiaren erakundeari, eta biek ekainaren 3an sinatu zuten Sanagustini buruzko kontratua.

  • Eskaintza integrala: programazioa eta ostalaritza zerbitzua (taberna, jatetxea).
  • Uneoroko kulturgunea: zabala, herriko taldeen, sortzaile berrien eta beste eragileen plaza.
  • Ahalmen ekonomikoaren bidez, autofinantzazioa, kultur ahalmena.
  • Aisia eta euskara gunea.
  • Eguneroko funtzionamendurako estilo liburua.
  • Balizko diru irabaziak kulturara bideratzen dira.
  • Parte zaharra biziberritzen laguntzeko proiektua.
  • Beste eragile ekonomiko batzuekin elkarlana.
  • Soreasu antzokiarekin sinergien optimizazioa.

Sanagustin kulturguneko proiektu idatzia

 

35413080581_13ee75cd99_o.jpg

 

 
Egun bat lehenago, Gipuzkoako Eskolarteko 31. Bertsolari Txapelketaren finala bertan egin zen arren, Soreasu Antzokiaren auditorioa, ofizialki, 2011ko ekainaren 4an zabaldu zuen Udalak.  Herritarrek auditorioa ikus zezaten goizean ateak zabaldu zituzten eta arratsaldetik aurrera zinea botatzen hasi ziren. Lehenengo filma haurrentzat Winnie the Pooh izan zen. Helduentzako, aldiz, Piratas del Caribe 4: En mareas peligrosas.

Zabaldu zenetik 2014ko ekainera arte enpresa baten esku utzi zuen Udalak antzokiaren kudeaketa. Urte horretan, lehiaketa publikora atera zuen Udalak Soreasu Antzokiaren kudeaketa. Kultur Mahaia osatzen duten 22 taldeek gogoeta abiatu zuten azpiegitura horren kudeaketa izatearen aukeraren inguruan. Dudarik ez zuten izan, abantailak bakarrik ikusten baitzizkioten. Hona hemen horietako batzuk, labur:

  • Kultur mugimenduari bizia, sustapena eta jarraipena eman nahi bazaio, mugimenduak eskura izan behar ditu behar dituen azpiegiturak.
  • Ez dago herriko kultur mugimendua baino hoberik herriko azpiegiturak kudeatzeko; beraiek ezagutzen dute herria, beraiek ezagutzen dute herrian dagoen kultur jarduera, eta beraiek ezagutzen dituzte ondoen herriko beharrak.
  • Sanagustin eta Soreasu bateragarriak eta osagarriak dira.
  • Kultur egutegi bateratura bidean urratsa izango da. Kultur eskaitza orekatua helburu.
  • Kultur Mahaiaren kooperatibaren bitartez, kultura ere eragile ekonomikoa izateko.

Beraz, jauzi estrategikotzat jo zuenez, proiektua idatzi eta lehiaketara aurkeztu zen. Irabazi ostean, 2014ko urrian sinatu zuen hitzarmena Udalarekin. 

2014ean aurkeztu zen proiektuaren asmoa Soreasu Antzokia herriratu, herria Soreasuratu zen. Horretarako, Antzokia edukiz betetzen hasi zen kooperatiba, Sanagustin kulturguneak emandako esperientzia erabiliz eta bertarako erabilitako filosofiarekin jarraituz. Horrez gain, Antzokia zaintzeko ardura hartu genuen. Egun, hauek dira antzokiaren kudeaketarako irizpide nagusiak:

  • Herriko taldeen eta sortzaileen plaza izatea.
  • Kanpoko taldeak eta sortzaileak ere ekartzea.
  • Euskal kultura sustatzea.
  • Programazio finkoa izatea: zinea eta bestelako ekitaldiak uztartuta, urte osokoa, egunekoa…
  • Diziplina desberdineko ekitaldiak antolatzea.
  • Kultur sortzaile berriei aukera ematea plazara ateratzeko.

Zinerako lagunartea osatu genuen Paradisu Zinema Zine Klubeko kideekin eta kooperatibako langileekin. Gaur egun, edonork har dezake parte lantaldean zinearen programazioan aritzeko; nalberdi@kulturaz.eus-era edota paradisuzinemazk@gmail.com helbidera idatzita. Zine lantaldearen helburua eskaintza anitza eta denetarikoa eskaintzea da, herriko beste eragile batzuekin elkarlanean antolatuak ere bai. Antzokitik kanpo ere eskaini izan dugu, esatebaterako herriko plazan edo zaharren egoitzan. 

Herriko bi kultur espazioak kudeatuz, aukera paregabea daukagu ekitaldi bakoitzari espazio egokiena eskaintzeko. Soreasu Antzokia eta Sanagustin kulturgunea osagarriak dira eta egutegi bateratu baten baitan erabiltzen ditugu. Herriko talde eta eragileentzat erabilgarri daude. Horrez gain, Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundietako kultura sailen hainbat proiektutan sartuta dago kooperatiba (Euskal Antzoki Sarea, Dantza Zirkuitua...) eta proiektu propioak lantzen. Arte eszenikoen inguruko proiektuak dira, Soreasu Antzokiari bizia emateko paregabeak. 

 

DSC_0112 (1).jpg 

 

Dinamoa sormen gunea

Mugimendua indar eta indarra argi bihurtzeko tresna da Dinamoa. Sormen gune zabala da, anitza, askea, irekia; sormen diziplina eta adierazpen orori bide emateko laborategia. Sortzaileek lan egiteko lekua da, babesa eta giroa. Euskalduna, Euskal Herrikoa eta mundukoa. Inorena ez baina denona, elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko, sorkuntza nork bere baitatik kolektiborako jauzia baita. Mundua ulertzeko eta mundua kontatzeko aukera da Dinamoa.

Herriko kultur mugimendua berritu eta biziberritu asmoz jaiotako gunea da. Lanerako lekua. Sormena eta Transmisioa ditugu ardatz. Gauza bera azkenean, txanponaren aurkia eta ifrentzua: iraganari etorkizun bat ematea, eta etorkizunari iragana, baina hemen eta orain bizi garela aintzat hartuta. Horretarako, sormen jardun desberdinei denbora, arreta eta bitarteko egokiak eskaini behar zaizkie; prozesuari eta bideari eman garrantzia; sormen askatasuna bermatu, sortzaileak babestu; eta bidean komunitatea indartu, dinamikan bertan parte hartu eta erabakimena izan dezan.

  • Sortu

Deialdi irekia, nork bere proiektuak aurkezteko; sormen egonaldiak eta eginaldiak. Nork bere proiektuak landu eta gauzatu ahal izateko, taldean zein bakarka, baina ez bakarrik, komunitate baten baitan, sorkuntza kode partekatuan oinarrituta.

  • Ikasi

Tailerrak, mintegiak, ikastaroak, mahai inguruak, hitzaldiak… ikasteko aukera mila formetan ekarria. Taldean nahiz bakarka sormen praktiken formazioan sakondu eta sormina asetzeko abagunea.

  • Eman

Jakintza eta esperientziak elkarbanatu nahi ditugu. Dakigunetik eman eta jakin nahi dugunetik jaso, hartu eta ematearen ariketa kolektiboaz elikatu. Mediazio esperientziak bizitzea, sormen prozesuak konpartitzea eta transmisioa norantza orotan barreiatzea.

 47549102681_a4ab295aa3_o.jpg