Zera-bera, zera-bera...

Zera-bera, zera-bera… ZE! Zelaia! Ez. Zeeezena! Eeez, oraindik ez dira inauteriak. Zebrabidea! Ez ba. Errenditzen? Zerua. Eta muturren aurrean zeneukan zerua begi berriz ikusten zenuen, ah, zerua zen eta, hor dago eta zerua, hor dago eta beti. Umetan jolastu egiten zenuen, zergatik utzi zenion jolasteari?
Mundua lehen aldiz ikusiko bazenu bezala ikusten duzu batzuetan mundua arteari esker. Batez ere, artelan baten materialtasuna nabarmentzen denean, eta begi berriz ikusten duzunean buztina, papera, oihala, eta harrigarriak egiten zaizkizu, eta ederrak, eta mundu berri bat eraiki daitekeela sinisten duzu, buztinez, paperez, oihalez eta hitzez.
Zeramika tailerra antolatu genuen 2023ko udaberrian Dinamoan, zeramika sorkuntzarako baliabide egokia dela sinistuta, 2022an Sorkuntza Beka jaso zuen Jonathan Escaparen eskutik. Materialaren bidez pentsatzen du; artea, artisautza, eskulana eta diseinuaren arteko mugak ikertzea eta berauen inguruan eraiki diren konbentzioak kolokan jartzea gustatzen zaio.
Tailerraren muina buztinarekin lana egiteko hainbat modu eta bide esploratzea izan zen. Materiala ezagutzea, ahalmenak eta mugak aztertzea, aukera ezberdinak probatzea, eta material hori beste batzuekin harremanetan jarrita zer sortu daitekeen ikustea. Jolastea, ez uztea sekula jolasteari.