APOA

APOA
Munduko poesia euskaratua edota euskaraz sortutakoa, elkarri entzunez irakurtzeko biltzea da kontua. Munduko hitzei norbere ahotsa ematea.

Nork daki, beharbada hauxe da azken babeslekua, hitzaren abaroa: hilean behin, APOA. Gero, Seamus Heaneyren lerroak geratuko zaizkigu, geratuko zaizkizue, zaizkie:

“Hil-jantzirik eta zerraldorik gabe lurperatu gintuzten / Eta abuztuan gure hilobien gainean garagarra ernatu zen”

Eta garagarra haziko da gure hilobien gainean. Nork daki. Edo mandragora, edo izpilikua, barrabas belarra beharbada, plastikozko loreak urtean behin, seguruenera. Baina oraingoz bizirik gaude eta kanta dezagun bizitza. Eman diezaiogun tarte bat hitzaren askatasunari.

Paul B. Preciadoren hitzak dira: “Baina beste bizitzeko modu bat ari gara asmatzen. Hobeto bizi izaten da indarkeriarik gabe indarkeriarekin baino. Hobeto bizi izaten da boterea birbanatzen gizarte hierarkiko batean baino. Hobeto bizi izaten da poetikoki legearen menpe baino. Ez dut uste inork hori ukatu ahal duenik.”

Poesia. Poesia irakurtzeko geratuko gara. Bai bai. Autore bat, liburu bat, gai bat hautatu, etxean irakurri, eta gero Dinamoan bilduko gara hilean behin, peri egunez, hirugarren asteazkenarekin alegia, bakoitzak bi edo hiru poema ahoz gora irakurtzeko besteei.

Munduko poesia euskaratua edota euskaraz sortutakoa, elkarri entzunez irakurtzeko biltzea da kontua. Munduko hitzei norbere ahotsa ematea. Eman diezaiogun ahotsa edertasunari.

Lehen juntadizoa urriaren 18an egin genuen. APOA proiektua aurkeztu eta taldearen izaera eta dinamikaz adostuz bertan. Ordutik, hileko hirugarren asteazkenean elkartzen gara, 19:00etan, Dinamoa sormen gunean, Jose Luis Otamendi eta Xabier Gantzarainek koordinazio laneta dihardutelarik.