- https://www.kulturaz.eus/agenda/bertsozientzia-saioa-jakinduriek-mundue-erreko-dau
- BERTSOZIENTZIA SAIOA | JAKINDURIEK MUNDUE ERREKO DAU
- 2025-10-26T18:00:00+01:00
- 2025-10-26T23:59:59+01:00
- BERTSOZIENTZIA SAIOA | JAKINDURIEK MUNDUE ERREKO DAU
BERTSOZIENTZIA SAIOA | JAKINDURIEK MUNDUE ERREKO DAU

Jakinduria bertso bilakatuko da Azpeitian
Datorren igandean, urriak 26, bertsolaritza eta dibulgazio zientifikoa uztartuko dituen “Jakinduriek mundue erreko dau” saioa eskainiko da Sanagustin Kulturgunean, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibak antolatuta.
Eli Pagola eta Julio Soto bertsolariek bertsoa eta errima jarriko diete Ainhoa Bereziartua, Cecilia Fernandez- Altonaga eta Gaskon Ibarretxe ikertzaileek proposatuko dituzten zientzia kontuei. Ekitaldia Idoia Torregarai kazetaria eta umoregileak gidatuko du.
Atsotitzak esaera labur eta zorrotzak dira. Ateraldi edo sententzia gisa har daitezke eta badira pentsaera jakin baten isla ere. Horietako bat da “Jakinduriek mundue erreko dau” atsotitza, ezagutzarekiko mesfidantza agertzen duena. Baina urriaren 26an Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean erremedioa jarriko diogu esaera zaharrari, ezagutza errimekin jantziz.
Helburu horrekin, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatiba herritarrak bertsozientzia ikuskizuna antolatu dute, non ezagutza zientifikoa eta errimak elkartuko diren eszenatokian.
Idoia Torregarai kazetaria eta umoregilearen zuzendaritzapean, Eli Pagola eta Julio Soto bertsolariek Ainhoa Bereziartua, Cecilia Fernández-Altonaga eta Gaskon Ibarretxe ikertzaileek labur azaldutako gaiei buruz bertsoak botako dituzte.
Ainhoa Bereziartuak irekiko du saioa: doktoretza aurreko ikertzailea da bera Ingurumen-Osasunean, EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean, eta hiri-ingurunearen, airearen eta ongizatearen arteko loturaz hitz egingo du. Zehazki, aire kutsatuak gure burmuinari eta osasun mentalari ere eragin diezaiketela azalduko du, ez birikei soilik.
Ondoren, EHUko Letren Fakultateko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikaskeketako sailean doktoregai den Cecilia Fernandez-Altonaga hizkuntzalariak hizkuntza batzuk besteak baino zailagoak ote diren galderari helduko dio, hizkuntza-ikerketek eskaintzen dituzten ebidentziak oinarri hartuta.
Azkenik, Gaskon Ibarretxe, Neurozientzian doktorea eta EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Zelulen Biologia eta Histologia saileko irakasleak nerbio sistema birsortzeko ama zelulek duten gaitasunaz hitz egingo du. EHUn egindako ikerketa batzuk aipatuko ditu bereziki, gure hortzen muinean neurona berriak sortzeko eta garuneko kalteak konpontzeko gaitasuna duten ama zelulak daudela erakutsi dutelako.
Ezagutza zientifikoa eta bertsoak elkartuko dituen “Jakinduriek mundue erreko dau” bertsozientzia saioa datorren igandean ospatuko da, urriak 26, Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean, 18:00etan. Sarrera doan izango da, edukiera bete arte.
