Azpeitia, E-20730

DINAMOA SORMEN GUNEAREN IREKIERA

Ekitaldi irekia egingo da herritarrekin batera.

2021-06-18 18:00:00+02:00
2021-06-18 18:00:00+02:00
2021-06-18 18:00:00+02:00
EKITALDIA
Dinamoa sormen gunea
DINAMOA SORMEN GUNEAREN IREKIERA

Dinamoa sormen gunea 2019ko irailean hasi zen bidea urratzen, Kulturaz kooperatibaren egitasmoetako moduan, baina datorren ostiralean (hilak 18) izango da irekiera ofiziala.
Kulturazek eta Azpeitiko Udalak antolatu dute ekitaldia. 11:00etan harrera egingo diete euskal arduradun instituzionalei, sormen guneetako ordezkariei eta sortzaileei Dinamoko atarian, Soreasuko auzoan, eta ondoren solasaldi bat izango da: Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Harkaitz Millan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua mintzatuko dira, Xabier Gantzarain Kulturazeko langileak gidatutako saioan. Ondoren, bisita gidatu bat egingo dute Dinamoan. Gorputzaren, hitzaren eta irudiaren eremuetako esperientzia praktikoetako kideak egongo dira bertan —ATX antzerki konpainiakoak, Hitzaren III. Eskolakoak edota serigrafia tailerreko kideak—, eta horiek erakustaldi edo azalpen laburrak emango dizkiete. Ikus-entzuneko batzuk ikusgai izango dira pantaila batzuetan. Arratsaldean, berriz, herritarrekin izango da ekitaldia: Soreasuko atarian, 18:00etatik aurrera. Giroko musika izango da; osasun egoerak ahalbidetuz gero, mokadua, eta, nahi duenarentzat, bisita gidatua. Aforoa kontrolatu egingo dute antolatzaileek.

Azpeitiko Kultur Mahaiak sustatuta sortu zen Dinamoa. Gune euskalduna, Euskal Herrikoa eta mundukoa da, sormena eta transmisioa ardatz dituena, eta soinuaren eremua ere
lantzeko asmoa dauka. Kulturazek kudeatzen du, udalaren eta euskal instituzioen laguntzarekin. Azpeitiko Sanagustin kulturguneak aurten 10 urte bete dituela eta, Kulturazek eta udalak, ospakizuneko Herri Batzordeko kideetakoak izanik, egoki ikusi zuten haren egitarauaren barruan sartzea Dinamoaren irekiera ofiziala.

Hil honetan, 10. urteurreneko beste ekinbide bat izango da: hilaren 25ean, Herri ekimena eta kooperatibismoa nazio jardunaldia, Sanagustinen. Bertan izena emateko,
bestehamaikabizitzeko@gmail.com helbidera idatzi behar da, asteon.

Dinamoaz informazio gehiago: https://dinamoa.eus