Marrakexera (Maroko) joaten den oro nekez itzultzen omen da etxera Jama el Fna plaza eta inguruko zokoak, Atlaseko mendiak edota Merzougako basamortua bisitatu gabe. Zentzumen guztiak pizten dira gune horietan. Itziar Agirrebarrena lizartzarra eta Enrike Zeberio tolosarra Aste Santuan izan ziren Marokoko hirian, baina beraiei entzumena ez zitzaien piztu. Gorrak dira biak, eta erabateko isiltasuna izan zuten.
Hala ere, liluratuta itzuli ziren etxera. Ezin izan zuten plazako zalaparta entzun, ezta hiriko anabasa sentitu ere; aldiz, mila usain, kolore eta zapore sumatu zituzten, eta mendietako paisaiaz gozatzeko eta basamortuko lasaitasuna arnasteko aukera izan zuten. Baina, orduan nolakoa da mundua hotsik eta soinurik gabe? Isiltasunetik zer entzuten da?
Galdera horiei eta gehiagori erantzuten diete Agirrebarrenak eta Zeberiok Isiltasunetik dokumentalean, horretarako irudiak eta kontakizunak filmatzen izan baitziren Marrakexen. Telmo Basterretxea zinemagilea eta Koldo Agirre argazki zuzendaria ditu buru Marokon bizitakoak kontatzen dituen lanak. Guztira, 60 ordu ekarri zituzten filmatuta.