Zuondoan proiektua eta Deloreanen itzulera aste honetan

2013/04/22
Harrera familien gainean sortutako proiektua da ZuOndoan eta, asteazkenean, umeentzako antzerkia eskainiko digute batetik, eta bestetik, helduentzako dokumentala. Asteburuan, berriz, primizia bikain bat esku-eskura izango dugu, Deloreanen zuzenekoa ikusteko pribilegioa izango dugulako.

ZuOndoan harrera familien inguruko informazioa zabaldu nahi duen proiektuaren izena da. "Gero eta gehiago" omen dira familia baten babesa behar duten haurrak, baina oraindik "gizartearentzat ezezaguna" da baliabide hau. Bada, zuzenean azalduko digute bi modutara: batetik, Iñigo Aranbarri eta Itziar Elias aktoreek egiten duten Maddi eta Antton haurrentzako antzerkiarekin (17:30ean); bestetik, Gu ere harrera familia dokumentalarekin (21:00) —dokumentalaren aurrerapen bideoa duzue jarraian—.

Delorean zuzenean

Eta zapatuan, 23:00etatik aurrera, munduko hiriburu nagusienetan kontzertuak eta zeresana ematen ibili den talde handi baten bisita izango dugu. Disko berria prestatzeaz bukatzen ari den Delorean taldeak tarte bat hartuko du estudioetatik atera eta Sanagustin kulturgunera etortzeko. Zarauztarrak kulturgunean egongo diren aurreneko aldia izango da.

Disko berriaren inguruan ez dute argibide askorik eman, batere ez esatearren. Poperoagoa izango dela, "rave gutxiago eta house gutxiago" izango dituela. Izkutuan daramate prozesua. Kontzertu gutxi batzuk ematekoak ziren argitaratu aurretik, Madrilen, Texasen, New Yorken, Stamford-en eta gurean, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Eta ondoren, jaialdien biran sartuko dira (Primavera Sound, Sonar, BBK Live...).

Sarrerak saltzen hasita daude, webgunean eta kulturgunean bertan.

 

 

Erantzuna gehitu