Baserritik etxeko sukalderaino

2013/04/30
Baserritik etxeko sukalderaino
Bailarako baserritarrek egun berezia izango dute ostiral honetan eta herritarrekin nahi dute partekatu. Egitarau oparoa antolatu dute horretarako, Sanagustinpen egiten duten ostiraleroko azokarekin hasita. Webgune berria aurkeztuko dute ondoren kulturgunean eta hortik aurrera, lagunartean eta eroso egoteko plana eskainiko dute: bertako produktuekin egindako afaria eta Gatibu taldeko Alex Sardui eta Mikel Caballeroren kantaldia.

Maiatzaren 3a, ostirala, iritsiko da aste honetan. Ohi bezala, baserritarrek azoka jarriko dute udaletxe azpian eta beraien produktu freskoak jarriko dituzte bezeroen eskura. Eta pasako dituzte ostiraleroko bizpairu orduak jendearekin. Oraingoa, ordea, berezia izango da, gonbita egin nahi baitigute eurengandik gertuago egon eta beraiekin festan parte hartzera.

Hasteko, ostiraleko azokan produkturen bat erosten dutenen artean egin ohi duten otarraren zozketa egingo dute, baina baserriko produktuekin osatutako otarra berezia izango da aste honetakoa. Azoka 17:30etik aurrera egongo da, beti bezala.

Ondoren, 20:00etan, azoka birtuala aurkeztuko digute. Hau da, baserritik.com webgune berria erakutsiko digute Sanagustin kulturgunean. Diseinu erakargarria duen interneteko azoka honetan, baserritarren produktuak zuzenean eskatzeko aukera eta honek ematen dituen abantailak... jasotzen dira, besteak beste. Horren berri eta gehiago emango digute, beraz, baserritarrek.

Eta ezin faltako zen beraien produktuak dastatzeko aukera. Afaria ere antolatu dute Sanagustin kulturgunean, bertako sukaldariak egina baserritarrek jarritako produktuekin. 21:00etan izango da eta afaritarako txartelak aurrez hemen lor daitezke, 19€tan —menua albistearen bukaeran duzue—.

Eta afalostea borobiltzeko eta baserritarren festari amaiera emateko musika pixka bat izango dugu, Euskal Herriko puntako talde bateko kide biri esker. Gatibu talde bizkaitarreko Alex Sardui abeslariak eta Mikel Caballero gitarrajoleak kontzertu txiki bat emango dute, 23:00k inguruan.

Giro bikaina eta kalitatezko eskaintza, biak batean uztartzen diren ekimena izango dugu ostiral honetan.

Menua
- Hojaldrea eta entsalada
- Txerri saiheskia patatekin
- Yogur kopa eta gazta+menbrilloa
- Kafea
- Ogia + sagardoa + ardoa

Erantzuna gehitu