Dena berriz bueltatzen da

2013/05/31
Dena berriz bueltatzen da
Ez gara eguzkiaz eta eguraldiaz ari. Izan zitekeen, baina ez. Eguraldiak aldarteak petraldu dizkigula eta, guk badugu irtenbidea entretenimendu bihurtua. Gaur, antzerkia daukagu eskaintzeko, Emakumeen antzerki tailerrekoek prestatutakoa. Eta astebururako beste bi proposamen interesgarri dantzaren ingurukoak: Itsasiko gaztetxoen erakustaldia batetik, eta bestetik, Euskal Herriko 7 dantza eskolena, ETBk grabatuta.

10 urte iada daramatzate, urtez urte, antzerki lan berri batekin oholtzara igotzen. Emakumeen antzerki tailerrekoak dira eta badute zer ospatu. Bejondeiela! Ospatzeko modurik onenean egingo dute, antzerki obra berria eskainiz: 'Dena berriz bueltatzen da'. 20:00etan hasiko da. "Inork ez zion esan Mariari patuak ezustekoak oparituko zizkionik… Lotsak bakardadera eraman du, isolamendura. Nora zoaz Maria, bakarrik eta triste, gu hemen egonda? Mariak ez daki, ordea, dena berriz bueltatzen dela…" Hor lan berriaren muina.

Aurrez, 19:30ean, Emakumeen kitarra tailerrekoen emanaldia egongo da. Amaia Garmendiaren ikasleek kontzertua eskainiko digute.

Astebururako dantzak

Bihar, zapatua, Itsasi Euskal Kultur Taldeko gaztetxoenek urtean zehar ikasitakoa erakutsiko digute. 12:00etan izango da.

Eta igandean, dantza erakustaldia eta haren grabaketa izango ditugu, Euskal Telebistako kamerak izango baititugu kulturgunean. Saloiko dantzak egiten dituzten Euskal Herriko 7 dantza eskoletako ikasleen emanaldia izango da. Salsa, pasodoblea eta tangoa, besteak beste, egingo dituztenak. Aurkezle lanetan, telebistako bi aurpegi ezagun ariko dira: Izaro Iraeta eta Agustin Ezenarro.

Emanaldia 19:00etan hasiko da eta 90 minutuko iraupena izango du. Ekitaldi irekia izango da.

Erantzuna gehitu