Urko abeslaria Sanagustinen izan zenekoa

San Inazio bigarrengoan arratsaldez ere jende asko zegoen Sanagustin kulturgunean —museko txapelketa zegoen, adibidez—, eta tarte batez haien artean euskal kulturgintzan oso ezaguna den lagun bat zegoen: Jose Antonio Larrañaga (Donostia, 1948) Urko abeslaria.
Egun-pasan zebilen Azpeitian, eta bere kabuz joan zen Sanagustinera, lagun batekin. Ion Zubizarreta Nartxabal loiolatar trikitilaria eta Olatz Prat azpeitiar abeslaria ere han ziren eta haiekin argazkiak atera zituen Urkok. Azpeitiko Kultur Mahaiko jendearekin ere aritu zen hizketan. Guztiei gauza bera esan zien: kulturgunea "oso ederra" dela, "aukera asko" ematen dituela eta bertan kantaldi batean parte hartu nahiko lukeela. "Neguan eta zerbait intimista eskatzen dit Sanagustinek, piano batekin-eta", zioen Urkok, inork haritik tiraka jardun gabe.
Ibilbide luzea du kantagintzan, Francisco Francoren diktadura garaian hasita. Baditu hamabost bat disko, eta hamaika kanta ezagun. Bi kanta aipatzearren: Maite, maite, maitea eta Guk euskaraz, zuk zergaitik ez. Urkoren biografia eta diskoak aurkituko dituzue hemen.