Hiruk@teren poema musikatuak, ostiralean, kulturgunean

2011/08/23
Hiruk@teren poema musikatuak, ostiralean, kulturgunean
Hiruk@te azpeitiar batzuen ekimen berria da. Jose Luis Otamendi, Kirmen Uribe, Gotzon Barandiaran eta beste hainbat idazleren poemei musika jarri die Hiruk@tek. Abuztuaren 26an (ostirala) izango da, 22:30ean. Ekitaldi horrez gain, ostegun honetan 'Zertarako amestu' Berri Txarrak taldearen dokumentala botako dugu eta igandean, San Agustin egunaren harira antolatutako umeentzako egunean, 'Robots' animaziozko filma, txokolatada eta Hipo eta Tomax pailazoak izango dira.

Hiruk@te poemei doinuak jarri dizkien taldea da edo, Felipe Murillo taldekideak dioen bezala, “poesia musikatu” duen proiektua da. Jose Luis Otamendi, Kirmen Uribe, Gotzon Barandiaran eta beste hainbat idazleren poemak aukeratu dituzte horretarako eta Murillok berak jarri dizkie doinuak, “modu akustikoan”. Abesteaz gain, errezitatu ere egiten dute poementzako “espreski” sortutako piano eta gitarra doinuen laguntzarekin.

Emanaldia eta poemak hiru “bloketan” bereizten dira: “Sentimenduak, pentsamenduak eta ekintzak. Hortik sortu zen Hirukate izena, izatea osatzen duten eta elkarrekintzan dauden bizitzako hiru alderdi horietatik”. Izenak badu, ordea, beste elementu bat: '@'; eta horrek beste azalpen bat ere bai: “Lehen aldiz egin genuenean hiru ginelako jarri genion, baina ordutik formatua eta instrumentuak aldatu egin dizkiogu”. Ostiralean (hilak 26) Sanagustin kulturgunean izango dira, eta agian aldaketaren bat izango dela esan du Murillok, baina “zerbait polita” aterako dutela dio. 22:30ean hasiko da.

Ostegunean eta igandean ere bai

Abuztuko ostegunetako bideo emanaldiekin amaitzeko azkena botako dugu, etzi, abuztuaren 25ean, 21:30ean. Oraingoan, dokumentala izango da. 2009an, Berri Txarrak taldekoek argitaratutako Zertarako amestu dokumentala ikusiko dugu, Lekunberriko taldearen “25 hilebeterik bizienak” jasotzen dituena. 

Eta astea amaitzeko, igandean ere izango da zer ikusi eta baita zer dastatu ere. Abuztuaren 28a San Agustin eguna izanik Umeentzako eguna izango da kulturgunean. Santuarekin zerikusirik ez badu ere, kulturguneari izena ematen dion aitzakiarekin egingo dugu eguna berezi. 16:00etan, Robots animaziozko filma botako dugu. Hau amaitzean txokolatada eskainiko diegu bildutako gaztetxoei eta ondoren, 18:30ean, Hipo eta Tomax pailazoen Beldurraren etxea antzerkia egongo da.

Erantzuna gehitu