Ez da dudarik

2013/12/05
Aitzealdenk! zuzenean jaialdiaren lehen edizioan izan ziren lehendabizikoz Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Willis Drummond taldeaz ari gara. Baionarrek zuzeneko bortitza eskaini zuten orduan, erakutsiz indartsu zetorren taldea zela. Disko berri batekin datoz oraingoan.

Epe motzean lan asko egina zen ordurako. 2007an sortu ziren eta 2011rako lau disko atera zituzten. Azken hori aurkezten izan ziren 2012ko udaberrian Azpeitiko Sanagustin kulturgunean: Instanteak. Disko borobila atera zuten (ez da txistea), aditu gehientsuenek halaxe aitortu zieten eta zuzenekoen gainean ere lora asko jaso zituzten: "Willis Drummond es uno de los grupos con mejor directo de Euskal Herria. En poco tiempo se han labrado un nombre a base de dejarse el alma encima del tablado y poco a poco están recibiendo el reconocimiento que se merecen". 

Iazko azaroan azken lana aurkeztu zuten, A ala B, Tolosako Bonberenean grabatutako 10 kantuko diskoa. Bira berezi bat prestatu dute diskoa aurkezteko eta kulturgunetik pasatuko dira. Exijentziaren langa goian utzita joan ziren aurreko aldi hartatik, baina ziur gaude, biharko kontzertuarekin aurrekoa ahaztu araziko digutela.

Total Heels

Bira berezi honetan bidelagun izango dute Danimarkako Total Heels taldea.  Lapurtarrek zuzeneko bortitza dutela esan badugu, talde hau osatzen duen laukotea ere ez da atzean gelditzen. 'Crazy', 'Killer band' eta halakoak idatzi dituzte taldearen inguruan. 

Biharko kontzertuak, orduan, merezi duelakoan gaude. Willis Drummond-ek kantu batek dioen bezala, Ez da dudarik.

Kontzertua: Willis Drummond + Total Heels.
Eguna: abenduak 6, ostirala.
Ordua: 23:00.
Sarrera: aurrez 6€ / egunean 8€ (hemen eta kulturgunean eskuragarri).

Erantzuna gehitu