Hotzetik berora bi akordetan

2013/12/09
Hotzetik berora bi akordetan
Aurreratu genuen bezala, zuzeneko indartsua ikusi genuen joan den ostiralean. Europatik egiten ari diren bira probestuta, Total Heels Danimarkako taldearen punk-rock lotsagabeaz gozatu genuen. Eta Baionako Willis Drummond taldeak, bigarren aldiz, txundituta utzi gintuen (Argazkia: Borja Eizagirre)

Arratsaldean Azpeitiko Sanagustin kulturgunera iritsi zirenean, hotz zeuden. Isilik, bigarren planoan, lasai. Baina bagenekien iluntzean ez zirela gauzak horrela izango. Eta usteak bete ziren.

Total Heels indartsu hasi zen. Laukote batek osatzen du taldea. Baxujolerik izan ez arren, argi utzi zuten teklatua, bateria eta gitarra bat nahikoa direla oinarri sendo bat sortu eta abeslariaren hitzei Sanagustineko pulpitua eskaintzeko. Kontzertua hasi orduko zuzenean joan ziren bertan bilduta zegoen jendetza bixitzera. Bigarrengo kanturako bereganatu zituzten eta oholtza azpian bildu zituzten guztiak. 

Energia handiko zuzenekoa eskaini zuten. Abeslariak guztia eman zuen, dantza egiteaz gelditu gabe. Oraindik posible da kutsu zaharreko punk-rock soinuez haize freskoa eskaintzea. Hori erakutsi ziguten eta ikasgai bat izan zen. Eta oraindik Willis Drummond hasteko zegoen.

Oso potentea

Gustatu edo ez, ezin da ukatu zuzenekoarekin talde honek errespetua sortzen duela. Ikaragarria da hauen potentzia. Orain, Willis Drummond taldeaz ari gara. Hasieratik indartsu hasi ziren eta Total Heels-ekoek bero utzitako eszenatokia ederki probestu zuten. Antzematen da Baionako talde honen kanta batzuk jendartearen belarrietako artxibategian gordeta daudela eta asko esatea da hori. Abesti asko zekizkien entzuleak eta kantuan aritu ziren.

Amaitzeko sorpresa ederra eman ziguten. Mikel Laboaren Gaztetasuna eta zahartasuna kantua jo zuten bukaera aldera eta azken-azkena Ertzainak taldearen Bakean utzi arte.

Bigarren aldia zen bisita egiten zigutela. Bigarren aldia da irriparrez amaitu genuela.

 

 

Erantzuna gehitu