Kulturzaleen aldeko apustua egingo dugu 2014an kultur bonoarekin jarraituz

Aurten landutako kultur eskaintzari jarraipena emateko asmotan ari gara lanean Sanagustin Azpeitiko Kulturgunea Kooperatiba Elkartean. Ikuskizunei dagokienez kantitate berdina eskaintzekotan gaude eta guztion gustuko gauzak ekartzen saiatuko gara, barietatea eta orekak kontuan izanda, orain artean bezala. Herritarrek osatutako lantalde batzuk ditugu musika eta dantza alorrean eta haien laguntzarekin sortuko dugu 2014ko egitaraua (eta badaude internetez bidaltzeko iradokizun atalak eta beste bide batzuk ere gauzak proposatzeko).
Esan bezala orain arteko ildotik jarraitu nahi dugu, ikus-entzuleekin pentsatuz. 2013a oraindik bukatzeke dago, baina 24.000 pertsona baino gehiago izango ditugu aurten kultur ekitaldietan (90 kultur ekitaldi izan dira Sanagustin kulturgunean).
Bonoaren helburuak
Proiektu honekin, eta bat eginez Sanagustin Azpeitiko Kulturgunea Kooperatiba Elkartearen asmoekin, kultur mugimendua indartu nahi dugu, herri kontsumoa bultzatuz. Bonoak baditu helburuak, gure ustetan garrantzitsuak direnak herriarentzat:
- Kultur ekitaldien kontsumoa sustatzea eta handitzea.
- Azpeiti mailako kontsumoa bultzatzea, jendea herrian gera dadin edo hona etor dadin.
- Herritarrek bonoaren bitartez abantaila ekonomikoak izatea.
Horiek dira txartel txiki honek biltzen dituen helburuak eta horiek lortzeko bidelagun daukagu udala, elkarlana baita garrantzitsua horrelako proiektuetan, indar metakea. Eskertzen diogu alboan izatea.
Bonoaren ezaugarriak
Honakoak dira, berriz, 2014ko kultur bonoak izango dituen ezaugarriak:
- Urteko bonoa izango da, alegia, 2014koa.
- Transferiblea da. Ez du izenak pisurik, jabeak garrantzirik, zenbakiak baizik. Txartelak numeratuak dira eta hori da kontrolatzen dena, txartel zenbaki horren erabilera kopurua.
- Urteko prezioa 58€koa da (iazko bonoaren berezko balioa 170 bat €takoa izan zen).
- Langabetuek, jubilatuek, Gazte txartel jabeek eta ikasle txartel jabeek %50ko deskontua izango dute. Beraz, 29€tan eskuratu ahal izango dute.
- Txartelaren atzekaldean QR ikur bat daramate txartelek. Sanagustin kulturgunearen webgunera eramaten du, jabeak txartelaren erabilera kopurua jarraitzeko aukera izan dezan. Hau iazkotik egindako berrikuntza bat da.
- Ekitaldien kontsumoa agortuz gero beste bat eros daiteke. Aurretik ez. Norbanako bakoitzak txartel bat izango du, gehienez.
- Salduko den txartel kopurua mugatua izango da.
- Txartela dutenentzat sarrerak erreserbatu egingo dira ekitaldira arte. Sarreran bonoa erakutsita, orduan jasoko da sarrera.
Ezaugarri hauen laburpena jasoko dute erostaileek txartelarekin batera eta guk datuak jasoko ditugu horretarako.
Eskaintza
Hauetxek dira kultur bonoarekin lor daitezkeen abantailak:
- 8 kontzertu doan. Nahi diren kontzertuak.
- Antzerki edo dantzako 4 ikuskizun %50eko deskontuarekin.
- Jaialdi eta Topaketak (Aitzealdenk!, Antzerki Topaketak eta sor daitezkeenak) %50eko deskontuarekin.
- Umeentzako ikuskizunak doan (ume bat + heldu bat).
Kontuan izateko
Berriro aipatu nahi dugu salduko den bono kopurua mugatua izango dela. Eskaerak izan ditugulako dagoeneko, diogu.
Bonoaren jarraipena
Erabilitako kopurua ikusteko: Hemen.