Ahotsak kaleetan. Zurea ere bai
Arratsaldeko zazpietan hasita, lagun multzo handi bat euskal kantak abesten ibiliko da Azpeitiko Alde Zaharrean. Julian Barrenetxea Abesbatzako kideak, Baigera Elkarteko kideak eta, Zuberoatik etorrita, Hebentik Kultur Elkarteko kideak, hain justu. Eta zuk ere har dezakezu parte nahi baduzu eta ahotsa askatu.
'Hebentik.. Zubiak' Azpeitiko Sanagustin kulturguneak eta Zuberoako Hebentik Kultur Elkarteak antolatu dugun proiektu honetako ale bat izango da Kantu Jira. Lagunartea eta kale animazioa uztartzen dituen ekimena izango da. Eguraldiak lagun gaitzala eta kaleetan lasai ibiltzeko aukera eman diezaigula, baina herritarren parte hartzea hori bezain garrantzitsua litzateke. Ondo pasako dugu, usadio zahar bat gureganatuz. Baigerako lagunak horretan dabiltza iazko azarotik eta hileko bigarren ostiraletan Kantu jiran aritzen dira. Honako ekimen hau norabide horretan doan beste pauso bat gehiago da.
Zuberoan bada ohitura handia abestekoa. Eta oso ongi egin ohi dute. Zuzenean entzungo ditugu. Badakizu, 19:00etan, Frontoi Txiki aurrean.