Dantza-jauziak Azpeitira datoz

2014/02/06
Gure ingurune honetan ezagutzen ez den dantza herrikoi hauek berreskuratzera gatoz. Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoan erroturiko jendarteko dantza erraz eta alaiak dira. Donostialdean ekin bezala, Azpeitian ere hilean behin egingo dugu hitzordua, herriko kaleetan. Lehenengoa, Zuberoko lagunak datozela aprobetxatuta, igande honetan egingo dugu.

Hebentik...Zubiak ekimenaren baitan, igande eguerdian plaza bete nahi dugu, dantzarako eta herritarren artean ondo pasatzeko prest daudenak bilduz. Dantza-jauzien izenpean gordetzen diren dantza moten irakaspena eta praktika izango ditugu. Horretarako, gainera, ezin hobeto datorkigu Mixel Etxekopar Hebentik Kultur Elkarteko kidearen presentzia. Adituaz gain, musika-jole aparta baita dantza molde hauetan.

Itsasi Euskal Kultur Taldeko lagunak izango ditugu parte-hartzen. Baita Sahatsa Dantza Taldekoak ere. Baita, Dantza Suelto Eskolakoak ere. Eta baita Luis Aberdi dantzariaren ikasle diren Azpeitiko Ikasberri Ikastolako guraso taldeko kideak ere. Baina denontzat egindako deialdia da. Iparraldean, herria biltzeko modua da dantza molde hau. Erraza eta alaia omen. Bada bil gaitezen gu ere herriko plazan, 12:00etatik 13:30era.

Aurrerantzean hilero

Azpeitiko Sanagustin kulturguneak dantzako lantaldea du osatua, urtean zehar antola daitezkeen ekitaldiez hitz egiteko eta sor daitezkeen proiektuak hausnartzeko sortua. Lantalde horretan hilean behin dantza-jauzien saioa antolatzeko asmoa aztertzen ari ginela, ezin hobeto egokitu zitzaigun Hebentik...Zubiak egitasmoa. Zer hobeto horretan adituak diren Zuberoako gure lagunen bisita aprobetxatu, haiengandik ikasi eta hileroko hitzordua jartzea baino. Eta halaxe egingo dugu. Hileko bigarren igandeetan bilduko gara dantza herrikoi hauekin ondo pasatzeko.

Hitzorduak 12:00etan izango dira eta herriko leku ezberdinetan egiteko aukera egongo da. Itsasi, Sahatsa, Dantza Suelto eta Sanagustineko lagunek antolatuko dituzte. Emango dugu honen berri zehatzago.

Erantzuna gehitu